"Kaixo, Erlantz! Nola Interpretatu behar da kantu hau? Zer esan nahi du? Gure herriko paisaiaz ari al da?".
Bada, olerki hau plazaratu nuelarik hamaika arrazoin ukan nuen buruan jiraka.
Lehenik eta, bertan urria, hegohaizea eta eginen duen euria aipagai dira, hain zuzen ere egunotan gertatzen ari zaiguna. Bigarrenik, olerkian izadia eta gizadia nahasten dira, ohitura zaharrak eta egungo errealitatea.
Halaber, Juan Antonio Urbeltz iruñshemea horren egilea da, eta aitortu behar dut hain olerki liriko bikainaren asmatzailea Iruñekoa izateak beti kilikatu didala bihotza. Hitz batez, hunkigarria dut euskal bertso hau.
Baina eta hemen, Benito Lertxundi ere aipatu nuen, hitzari loturiko doinuaren egile gisa, nik irakurri baino, tikitan entzun bainuen lehenaldikotz, eta egun ezin dut bereizi hitza eta musika. 1981eko diskan isuririk, hain eder, ezen hamar urte beranduago berriz ere karrikaratu baitzuen. Beraz, norberari, berea.
Eta, zer erranik ez, nola ahantzi haren bukaera? Inoiz baino beharrezkoagoa dugun euriaren botere emankorraren zain garelarik, funtsean gertatuko dena argitzen baitigu: "harek ez du goroldio, baizik sortuko, gure harrizko buruetan". Horra hor zaplasteko ederra, ene uste apalean munduan dagokigunean jartzekoz aproposa... Dotorezia nahiz xarmangarritasunaz haratago, gogoeta sakona hondarrean...
Beti pentsatu dut, halere, eta Markel, zure galderaren alderdirantz berriz ere inguratuz, interpretazioa, erranahia, paisaia, artearen ulermena norberarena dela, eta hortaz sendiarazten didana ez dela, apika, helarazten ahal dizun gauza bera, ezta antzekoa ere. Edota bai, bete-betean. Nork daki.
Beharbada neu ere urrundik heldu naiz, luze ibiliz, bidez bide, eta bidetako hautsak garia sortarazi du, ene oinetako behatz artetik...
ikus urriaren 11ko "Urrundik heldu naiz"
No hay comentarios:
Publicar un comentario