2014-07-02

Fran Idareta





















"Musikari agur esan aurretik, lan bat aurkeztu berri duzu.
Festival Vasco 2.0 A Enrike Zelaia zer da?
Nahiz eta orain dela ia 50 urte argitaratu, Enrike Zelaiaren Festival Vasco
eta Euskalerriko Erromeria diskoak, oraindik gaur egun, ospe eta eragin handikoak direla
onartzen da aditu nahiz herritarron artean. Horri erreparatuz, eta gaurko gazteriak
obra hauek ezagutu eta disfrutatu ditzan, argitaratzen ditugu guk diskoa horietatik
eragin gehien edota garrantzitsuenak iruditu zaizkigun obrak digitalizatuta.
Obra hauen egileak esku-soinujoleondako geure klasikoak baitira.

Zenbat denbora izan zara prestatzen?
Zaila da zehaztea, baina asko. 2008an hasi ginen zenbait obra grabatzen eta aurten diskoa
osatzeko geratzen zitzaizkigunak grabatu ditut. Diskoa pare bat egunetan grabatu genuen.
Grabaketa oso azkar egin genuen: irrintzilariak izan ezik, beste guztiok zuzenean
grabatu baikenituen obra guztiak. Baina aldez aurretik, diskoaren kontzeptua lantzen,
helburuak ondo mugatzen, ikerlanean sakontzen, musikariak behar bezala aukeratzen,
moldaketak prestatzen eta grabaketa estudioan soinu egokia garatzen denbora luzea eman nuen.

Noren laguntza izan duzu?
Jende askoren laguntza izan dut. Emaztearena eta semearena garrantzitsuena.
Gero Ferminmusic disketxearena, jakina. Ezinbestekoa izan da ere musikarien
eta soinu teknikariaren lana. Musikariak Dani Sanchez (baxua), Iñaki Ramos (bateria),
Javier Aramendia (gitarra) eta Mikel Diaz (panderojolea) izan dira.
Irrintzilari trebeak izan ditugu ere: Vanessa Sanchez, Alazne Fernandez de Muniain
eta Mikel Espartera, batik bat. Soinu teknikaria Txuma Huarte izan da,
Binario grabaketa estudiokoa. Oso garrantzitsua izan da ere Iñaki Aldatz
argazkilariaren lana, Amaia Egizabal diseinatzailearena eta Fermin Riezu
bideo grabatzailearena. Eta, azkenik, nabarmendu beharra dago
hasieratik bukaera arte jaso dudan Enrike Zelaiaren laguntza.

Enrike Zelaia bereziki gogoratu duzu CD honetan. Zer dela eta?
Enrike Zelaiak eskusoinuaren duintasuna lortzeaz aparte,
geure hizkuntza musikal bereziaren hastapenak ikertzeko bidea hasi zuelako estreinakoz.
Bere ikerketei esker, zer norabide jarraitu dezakegun baitakigu:
nortasunezko hizkuntza musikal baten ildotik alegia.

Akordeoiarendako existitzen ez zen bidea Enrikek sortu zuen. Horregatik zor diogu hainbeste.
Mapa eskuetan izanda, aukeratutako bidea jarraitzea berez oso zaila da.
Baina meritu handiagoa dauka bidea sortzeak.
Eta askoz gehiago garai bateko akordeoilari guztien miresmena izateak.

Hori guztiagatik eta nigan izan duen eraginarengatik, disko honen bitartez
Enrike omendu nahi dut bihotz-bihotzez.
Bera baita historiako lehendabiziko akordeoilaria eta, zalantzarik gabe,
gure herrialdeak eman duen onenetarikoa. Akordeoilarismoaren lehendabiziko taupada.

Urte askoren ondoren Fran Idaretaren azken lana plazaratzeak zer sentiarazi zaitu?
Zehazki 25 urte izan dira. Eta lasaitasun handia sentitu dut.
Azkeneko lau urteak mundu akademikoaren eta mundu musikalaren artean igaro ditut.
Horretan zaudela bikaintasuna mantentzea zaila da.
Horregatik, lehentasunak argitu behar izan nituen eta behin betiko erabakia hartu.
Beste aldetik, tristura ere sentitu izan dut.
Hasieratik akordeoilarien artean elkartasun gehiago lortu nahi izan baitut.
Zoritxarrez, oso zatikatuta dago akordeoiaren mundua.
Horrek asko zailtzen du irizpideak bateratzeko edozein ahalegin.
Adibidez, nola egon gaitezke eskusoinuaren alde eta ez Enrike Zelaia aitzindari handiaren alde?
Bere ekarpen musikologikoa ikaragarria izan baita.
Azkenik, oso pozik. Jendearen esker ona sentitu dudalako azkenaldi honetan.
Irurtzunen egin nuen azkeneko kontzertua ahaztezina izango da niretako.

Zer izan da eta zer da akordeoia zuretako?
Akordeoia beste modu batez adieraztea ezinezkoak egiten zaizkidan gauzak
adieraztea ahalbidetu didana izan da. Nire bihotzaren anplifikadorea izan da urte askotan.
Nire arnasteko modua, nire bigarren birikak.
Nik uste dut zaindu dudan neurrian zaindu nauela berak.

Eta musika?
Bihotzetik bihotzera hitz egitea lortzen duen hizkuntza xumea.

Orain arte egindako lanekin, sentimendu bat baino gehiago nagusituko ziren.
Zeintzuk nabarmenduko zenituzke?
Egindako lan guztien artean, aipagarriena Iruña: guztion hiria dela esanen nuke.
Ahaztezina izanen da niretako bertan lan egiten sortu genuen giro ederra.
Musikari handiekin partekaturiko esperientzia izan zen: Enrique Ugarte, Kepa Junkera,
Carlos Nuñez, Juan Mari Beltran, Joxan Goikoetxea, Enrike Zelaia bera...
Zinez, ahaztezina izan zela.

Joan den neguan, Taupadak izeneko ikuskizun berezia eskaini duzu zenbait oholtzatan.
Hori ere berezia izan zen, besteak beste, musikari askorekin egindako obra izan zelako.
Zer izan zen zuretako?
Euskararen taupada sendoa sentiarazi zidan.
Esker ona besterik ez zait bururatzen ikuskizuna aipatzen dudan bakoitzean.
Luis Orduña, Alicia Armendariz, Inma Arroyo, Fermin Idareta eta Alberto Gonzalezi bereziki.
Eta bertan parte hartu zuten musikari gonbidatuei, teknikariei, eta abar.

Oholtza eta grabazio estudioak ezberdinak dira oso.
Bakoitzak zein alde on eta txar duela esanen zenuke?
Bat aukeratzekotan zein; zuzenekoa edo grabazioa?
Bakoitzak bere berezitasunak dauzka. Nire kasuan denetarik egin dut: zuzeneko ikuskizunak,
estudioko grabazioak, zuzeneko ikuskizunen grabazioak eta zuzeneko grabazioak estudioan.
Azken hori disko honetan izan da. Dena den, bat aukeratu behar baldin badut,
zuzeneko ikuskizunen grabaketak aukeratuko nituzke.
Prestakuntza bikaina eramatera behartzen zaituzte
eta entzuleekin lortzen den magia oso berezia da.

Zuzeneko oholtzetan zein izan da jendearen harrera?
Orokorrean oso ona.
Egia esan, oso maitatua sentitu izan naiz jo behar izan dudan leku gehienetan.

Oholtza handiak edo txikiak nahiago? Zergatik?
Bakoitzak bere baldintzak ditu.
Barne-baldintza hauek argi edukita, edozein lekutara joan zaitezke.

Urteotan lagun izan dituzunak, musikan bidelagun eta oholtzan laguntzaile,
nortzuk aipatuko zenituzke eta zergatik?
Ezinezkoa zait guztiak aipatzea.
Baina argi daukat Peio Etxarri eta Josune Larrañagaren laguntza ezinbestekoa izan dela.
Dani Sanchez hainbatetan lagundu dit ere.
Oscar Sucunzak ere hasi nintzenean asko lagundu ninduen.
Behar izan dudan bakoitzean ere, Enrike Zelaia beti egon da prest laguntzeko.
Baina, zalantzarik gabe, laguntzarik garrantzitsuena 25 urte hauetan, nire emaztearena izan da.
Beti izan dut gertu, laguntzeko prest.

CDa kalean da. Kontzertuak ematen ikusteko aukera izanen dugu?
Hala bada, non eta noiz?
Ziurrenik ezetz. Bere momentuan adierazi nuen moduan,
oholtzetatik nire behin betiko agurra Taupadak ikuskizunarekin izan zen.
Disko hau alde egin baino lehen asko miresten dudan musikariari
egin nahi izan diodan omenaldi xumea besterik ez da aipatu ditudan arrazoiengatik.

Etorkizunean, musikaren profesional izateari utzita,
zein harreman izan nahi duzu akordeoiarekin eta oro har musikarekin?
Instrumentuarekin berdina: akordeoia ezinbestekoa dudalako
beste modura esan ezin ditudanak adierazi ahal izateko.
Eta musikariekin antzekoa izango dela uste dut.
Gehienetan, miresmenezko eta errespetuzkoa: beti izan den bezala.


"Guaixe"                                 
2014-6-27                                 
(laburpena)                                 


No hay comentarios:

Publicar un comentario