2013-01-19

"Atea bere erroetan bezala"


Duela 25 urteko opari ederra.

"Denborari buruzko gogoeta sakon, atsegin eta ilustratu bat.
Montaigne eta Huarte Donibanekoaren lekukotasunetik abiatuz eta euskal literatur tradizio klasikoari jarraikiz, ibilbide berezi bat betiko filosofi arazoetan zehar".

Honela dio, hasieran:

"Nork zealdoz ibiltzen denean, ziztuaren iduri somatzen du, igan eta jautsialdien zoramen, haize aitzin eta atzean; apur batez baratzen dela dirudi, erortzen da gero; aldiro leku beretik pasatzen baina zerua eta lurra iragaiten dira noren aurrean zorabiozko higiduraz. Nahi bezainbat eginahal egin daiteke, halaber nor bulkaturik izan daiteke. Azkenean igan ginen leku berean jausten gara. Ikusteko liteke ibilaldi bati lotzea eta zealdoz. Noraino hel gintezke?
Bizitza zealdoz ibilaldi hori bezala liteke. Ez da inora joaten, ez gara garen baino haratigo joanen. Aski da. Betidanik gertatu diren gertakari guziak, zerbait gertatu dela emanez, kondatu dizkiguten eta gogoratu zaizkigun gertakariak, Harri Aroko gizonaren miseria eta atseginak, Harri Aroa baino anitzez lehenagoko udazkeneko haizegoaren epeltasuna, hori ere, gure bizitza da. Guregan oro edukitzen da. Baina ez da batere harritzeko gu geuk asmatuak baititugu Harri Arokoa eta bertze gainerakoa.
Gure Axularrek erraten du Salomon ahotik Spiritu Sainduak diola: "Atea bere erroetan bezala, itzultzen da nagia ere bere ohean edo kamastran". Dudarik gabe lipar eta urri iduritzen zaio atearen higidura hori, aitzinago piska bat dioenez: "Ordea erabiltze hek guztiakgatik ere, erabili ondoan bere lekhuan eta tokian gelditzen da".
Baina errorik gabeko ateari ate erran diezaiokegu? Sarrailarik gabeko den, korrokoil, zuloz beterik, hala ere ate izanen da; baina errorik ez duen ber akabo. Errorik gabeko ate hori erroduna baino gehiago higi ote liteke?".

Eduardo Gil Bera
Iruñea 1987

No hay comentarios:

Publicar un comentario