2013-02-01

Bertso Txapelketa 2013



Duela bi urteko finalistak, oholtzan.
                  Duela bi urteko finalistak, oholtzan

 

31 bertsolari abiatuko dira asteburu honetan Nafarroako txapelketa nagusian

Nafarroako Bertsolari txapelketak 41. edizioa beteko du aurten eta ziklo berri bat hasiko du. Izan ere, 2011. urtera arte urtero egiten zen Nafarroako Bertsolari Txapelketa, txapelketa horren ondotik bi urtetik behin egitea erabaki zuen Nafarroako Bertsozale Elkarteak.
Nolanahi ere, 2012koa ez zen debalde izan eta Bardoak, Nafarroako taldekako bertso ekimen arrakastatsua antolatu zen. Aurten, berriz, Txapelketak bere ohiko formatura itzuli da. Oraingo honetan ez da soilik Nafarroako txapela jokoan dagoena, udazkenean hasiko den Bertsolari Txapelketa Nagusian ordezkari nafarrak zeintzuk izanen diren argituko du Txapelketak.
Duela bi urte finala Iruñean egitea izan zen Txapelketak aurkeztu zuen nobedaderik handiena, eta erabaki horrek izan zuen harrera ezin hobea ikusita, aurten ere Iruñeko Anaitasuna kiroldegian bukatuko da Lizarran otsailaren 2an hasiko den txapelketa. Finala martxoaren 23an izanen da.
Nabarmentzekoa da aurtengoan inoiz baino bertsolari gehiago aterako direla plazara, 31 izanen dira, horietatik seik lehen aldiz hartuko dute parte: Iruñeko Haizea Beruete, Oskar Sanz de Acedo eta Unai Uberetagoena, Lesakako Eneko Fernandez, Elizondoko Xabier Maia eta Oronozko Amaia Elizagoien. Iazko Bardoak ekimenak utzi duen emaitza pozgarrietako bat izan da. Horrez gain, azken urteotan atsedena hartu duten bi bertsolari eskarmentudun itzuli dira txapelketara, Erika Lagoma lesakarra eta Joxema Leitza arbizuarra.
Oskar Estangak bertsolari eta musikariaren sintonia erabiliko du Txapelketak. Sintonia horrek Nafarroako zazpi doinu ditu gordeak, horien gainean interpretazio propioa eginaz.
Saio guztietarako sarrerak aurrez internetez erosten ahalko dira, www.bertsosarrerak.eu atariaren bitartez.

Web gunea eta sare sozialak
Web gune berria du Nafarroako Bertsolari Txapelketak. Txapelketaren jarraipena egin ahal izateko www.nafarroakotxapelketa.com web gunean informazio eguneratua eskainiko da. Horrez gain, bertsoa.com web gunean saio guztietako laburpenak ikusten ahalko dira. Sare sozialen bidez ere, Nafarroako Bertsolari Txapelketa segitzeko aukera izanen da. Facebook-en Nafarroako Bertsozale Elkartearen bitartez eta Twitter-en (@unibertsoa)

SAIOAK
1. Azken-laurdena, otsailaren 2an, 17:30ean Lizarrako Gazteriaren Etxean
Xabier Silveira, Josu Sanjurjo, Saioa Alkaiza, Eneko Fernandez, Xabier Maia eta Erika Lagoma
2. azken-laurdena, otsailaren 3an, 17:30ean, Aldatzeko Herriko Etxean
Jon Barberena, Iñigo Olaetxea, Migel Mari Elosegi “Luze”, Patxi Castillo, Iker Gorosterrazu eta Oskar Sanz de Acedo
3. azken-laurdena, otsailaren 9an, 17:30ean Larraintzarko Bentan
Julen Zelaieta, Aritz Saragueta, Oier Lakuntza, Ekaitz Astiz, Haizea Beruete eta Amaia Elizagoien
4. azken-laurdena, otsailaren 10ean, 17:30ean Iturengo Herriko Etxeko ganbaran
Eneko Lazkoz, Aimar Karrika, Iñaki Aleman, Egoitz Gorosterrazu, Alazne Untxalo eta Ioar Tainta
5. azken-laurdena, otsailaren 16an, 17:30ean, Zubiriko Gautxori jatetxean
Oskar Estanga, Ander Fuentes “Itturri”, Ainhoa Aranburu, Iban Garro, Joxema Leitza eta Unai Uberetagoena.
Ondotik, hiru finalaurreko jokatuko dira. Lehenbizikoan, martxoaren 2an Atarrabian, Julio Soto 2011ko txapeldunak esperatuko die final laurdenetako bortz bertsolariri. Bertze bietan, martxoaren 3an Etxarri Aranatzen eta martxoaren 9an Elizondoko Lur aretoan, seina bertsolari ariko dira. Finala, martxoaren 23an, 17.00etan jokatuko da Iruñeko Anaitasuna kiroldegian, zortzi bertsolarirekin.

"Ttipi-Ttapa"
2013-1-30
(laburpena)

No hay comentarios:

Publicar un comentario