34 urte, 35 maiatzean.
Eta oraindik ez daukat e-book-ik. Esaten dut badaezpada ere norbait ari
bada pentsatzen zer oparitu nire urtebetetzerako… Nik uste dut inork ez
didala oparitzen mundu guztiak pentsatzen duelako aspaldidanik
badudala. Horregatik aprobetxatzen dut elkarrizketetan eta toki publiko
guztietan eskatzeko.
Horietako bat nahi zenuke?
Bai. Bestalde, oraindik inguruan dauzkadan paperezko liburu guztiak
irakurtzeko bi bizialdi beharko nituzke. Ez litzaidake inportako, hala
ere, bizitza gehiago eskatu behar izatea horretarako.
Ez zaizu arraro edo deseroso egiten euskarri elektroniko horretan irakurtzea?
Paperezko liburuek badute guk ezagutzen dugun geografia bat eta, alde
horretatik, eroso ibil gaitezke. Bide ezaguna da eta aurrera eta atzera
egin dezakegu ohituta gaudelako. Dena den, espazio berrien beldur ez da
izan behar. Duela gutxi Umberto Ecori horretaz galdetu zioten, aurreko
elkarrizketa batean esana zuelako Internetek eta liburu elektronikoek
kulturaren gainbehera ekarriko zutela. (Gauza berari buruz galdetu
zioten, normalean elkarrizketatzaileek nahi izaten baitute aurreko
elkarrizketetan esandakoak errepika ditzala elkarrizketatuak) Eta orduan
Umberto Ecok deklarazio hura zuzendu behar izan zuen esanez egiatan ez
dela hainbesterako, eta abar. Norbaitek, akaso, oparituko zion e-book
bat, ez niri bezala. Kontuz ibili behar dugu kulturaren gainbeheraz hitz
egiten dugunean.
Eta idatzi? Ordenagailuan ala eskuz?
Normalean ordenagailuz, oso erosoa delako zuzenketak egiteko eta abar.
Dena den, eskolan tabletarik eta arbel elektronikorik ez genuenok
ohitura dugu eskuz idazteko. Gainera adinean gora noalako edo, ideiak
momentuan ez apuntatzera ahaztu egiten zaizkit, nahiz eta gero
idatzitakoa ikusi eta egiaztatu ehuneko handi batean hobe burutazio
horiek ahaztu izan banitu. Darwinismo poetikoa izan daiteke hori.
Zuzenbidea ikasi, baina bokazio handirik gabe. Zergatik?
Kontu praktikoengatik. Erosotasunagatik gehienbat, eta hori normalean
aukerarik txarrena izaten da. Baina baita aukeratuena ere. Iruñean ikas
zitekeen zerbait nahi nuen, Opuseko unibertsitatera ez nuen joan nahi
eta NUPen hori zen letren aldera gehien lerratzen zena. Gainera etxean
gauza praktiko bat nahi zuten. Ez naiz damutzen. Zerbaitetarako balioko
zuen. Nire seriotasuna berresteko, adibidez, gizon serio izaten
jarraitzeko. Neure buruari ere esaten nion idazle jende asko Zuzenbidea
ikasitakoa zela, Igor Estankona, adibidez. Berehala ikusi nuen argi, eta
bukatu bezain laster literatura kontuetara bideratu nintzen.
Gasteizen Euskal Filologia ikasi eta doktoretza tesia prestatzen hasi zinen. Hori bukatzeko asmorik?
Bizialdi honetan ez, edo, izatekotan, jubilatutakoan.
2002an Eta Harkadian ni eta 2005ean Gorputzeko humoreak.
Liburu gehiago ez, oraingoz. Kontzientea naiz badaramadala denbora
luzea libururik atera gabe. Eta faltan sumatzen dut jendeak galdetzen
didalako eta kazetariek ere bai. Ez da atsegina elkarrizketak egitea,
baina bere morboa ere badu bestalde. Nik uste dut elkarrizketa honek
txirrinta kenduko didala beste zortzi bat urterako eta, horren ondorioz,
hurrengo liburuaren kaleratzea berandutuko dela. Eta, are gehiago,
ohartzen banaiz ez dela beharrezkoa ezer egitea elkarrizketatua izateko,
agian ez dut libururik atera behar izango nire bizitza osoan.
Baina beharrezkoa al da libururik kaleratzea, gaur egun, idazle izateko?
Gero eta gutxiago. Esaterako, egun uste dut modu ezkutuan lehia bat
ezarri dela euskal poeten artean ikusteko zeinek uzten duen liburu
batetik hurrengora tarterik handiena. Jon Benitok kaleratu zuen bere
azkena bederatzi urte pasata edo Rikardo Arregi Diaz de Herediak bere
hamalau urteko isiltasunaren ondoren argitaratu du liburua. Agian hori
izan daiteke olerkariak gogogabetzeko modu bat: balio bat bada ahalik
eta beranduen liburuak ateratzea, desagertze bidean sar daitezke. Beno,
hau tontakeria bat da.
Liburu berririk ez, baina zenbait komunikabidetan eta sare sozialetan ere etengabe ari zara zu.
Inork ez daki garai honetatik zer geratuko den gogoangarri etorkizunari
begira. Gerta daiteke, literaturaren eremuan beti ere, orain
kontzienteki jorratzen ez dugun eremua izatea gerokoek baloratuko
dutena. Seguruenik XVII. mendean idazleak ibiliko ziren erlijiozko
liburuak idazten pentsatuz hori zela balio zuena eta hori izango zela
euskal parnasora bidaliko zituena, fikziozko lanak eta kanonetatik kanpo
gelditzen zirenak oso bigarren mailan utzita. Eta oso oker zebiltzan.
Hori daukat nik kontsolamendu txikia. Beharbada Twitterreko sarrerak
izan daitezke liburuetan bilduak XXI. mendetik geldituko den gauza
bakarra. Edo telebistako iragarkiak Shakespeareren lanak bezala
goraipatuko dituzte. Ez da ezer gutxietsi behar eta hori dela-eta arreta
handia jartzen diet nik Argia eta beste medioetarako idazten ditudan
artikuluei.
Hizkuntzazale amorratua zara: ingelesa, frantsesa, alemana… eta latina, greziera pixka bat ere bai, noski.
Bai, baina denetan maila diskretuan. Sinesten ez didanari gonbitea
egingo nioke nirekin Sanferminetan ibiltzera hori egiaztatzeko, aste
horretan au-pair edo antzeko jardunaldi moduko batzuk egiten
baitira Iruñean eta hemengo jendeak ez du Erasmus beka batekin inora
joan beharrik hizkuntzak praktikatzeko. Hitzak politak dira hizkuntza
guztietan. Hitzak maite badituzu zenbat eta hizkuntza gehiago ezagutu
orduan eta background gehiago ikusten diezu. Azaleko harremana izateari utzi eta maitemindu amorratu bihurtzen zara.
Zure bi liburuetan eta artikulu askotan klasikoak berreskuratu eta
hurbiltzen dizkiguzu egungo irakurleoi. Hori da zure ekarpen nagusietako
bat?
Nire “Ekarpem diem”. Lagun batek “klasikontzi” deitzen dit. Hala da,
baina ez dakit hori horrela den horrela delako edo lehenbiziko agerpen
publikoa horrela eginda, estereotipo hori ezarri nuelako eta gero
topikoa elikatzen jarraitu ote dudan ohartu gabe.
Klasikoen bazterketa sistematiko horretan, pentsa daiteke irakaskuntzan ere zerbaitek huts egiten duela?
Agian aukeraketa txarra egiten da. Ez dakit, ez dut gogoan zer ematen
ziguten guri, baina inpresioa izan dezaket, beharbada beste arlo
batzuetan huts berdina egiten dutelako, jende gazteari aurkezten zaion
aukeraketa dela helduek kontsumitzekoa edo, aldiz, oso modu fosilduan
eta infantilean.
Zer interesatzen zaizu egile hauengandik?
Egon badago nolabaiteko prebentzio edo beldurra klasikoekiko, edo
beharbada fama txarra besterik gabe, baina aldeko gauza bat, bederen,
badute: denbora. Gaur egungo gauzetan egina ez dagoen galbahea haien
lanekin egina dago. Jende askoren eskuetatik pasa da eta ahaztu
beharreko guztia ahaztu da, horregatik jende hori aintzat ez hartzea
harrokeria izan daiteke. Klasikoek balio dezakete, besteak beste, topiko
batzuk deuseztatzeko, onenak edo coolenak garela pentsatzea, adibidez. Geure burua galtzeko arriskua dago azken moda segitzeko joera zoro horrekin.
Umorea zure osagai nagusietako bat da?
Bestea konpentsatzeko, nolabait, bestela mendez aldatu beharko nuke edo
apaiz sartu eta ez dut batere asmorik. Baina umorearekin kontuz ibili
behar da. Ezin duzu zeure buruaz esan “ironikoa naiz”, edo “umorea
saiatzen naiz sartzen nire lanetan”, jendeak zure idazkiak begiratu eta
ezer barregarririk ez aurkitzea gerta daitekeelako. Nik bekatu hori jada
egina dut. Nire bigarren liburuan, Gorputzeko humoreak,
umoreaz mintzo nintzela nioen. Halere jende askok aurreko liburua baino
serioagoa zela pentsatu zuen. Umorea egin dezakezu nahi gabe edo nahita.
Edozein modutan ere, era batera edo bestera izan, historiak zerbait
erakutsi badigu bada umorea, gatza bezala, kontserbagarri ona dela. Nik
esango nuke literaturako maisulan ia guztietan umore portzentaje handi
bat dagoela.
Produkzio handia egiten duzu: Argia, Nafarroako Hitza, Iruñerriko Euskalerria irratian hiru saio desberdinetan, sare sozialak…
Nire inpresioa da ez dudala ezer egiten. Kontu aitorrezinak kenduta,
gauzak geroratzen ematen dut eguneko denbora gehiena. Dena geroko uztea
oso joera euskalduna da, Axular handiak, seguruena gazte denboratik
proiektatuta zeukan baina hil aurreko urtean idatzitako liburu hartan
argi utzi zigun bezala.
Volgako batelariak blogaren inguruko koadrila horretan enfant terrible batzuk bildu zineten.
Hizkera juridikoan koadrilan aritzea agrabantea da. Nik oso ongi pasa
izan dut. Asko ikasi eta lagun minak egin ditut bertan. Euskal kulturak
astinaldi bat behar zuelakoan geunden eta gauza serioak plazaratu nahi
genituen modu zirikatzailean. Blogen urrezko aroan sortu zen; orain nik
uste dut hori neurri batean pasa dela jada.
Euskalerria Irratian Iñigo Astiz eta Hedoi Etxarterekin batera Poeta zonbien taldea eratu duzue.
Agian hemendik poeta belaunaldi bat atera daiteke. Eta emaitzak ere
izan ditzake: Iñigo Astizekin, eta hau erdi esklusiba da, lau eskutan
idatzitako poema liburu bat burutzen ari naiz. Nire itzulera poetikoa
izan litekeena, beharbada. Gaia ez da serioegia, poema zirikatzaileak
euskal kulturaren inguruan. Ezer aterako ez balitz ere, behintzat ongi
pasatu izana geldituko zaigu.
Poeta euskalduna izanda, zure herrikide gehienentzat ez zara oso ezaguna izanen. Ez duzu inoiz pentsatu erdaraz idaztea?
Ni naiz kexatzen lehena euskara eta euskaldunak Nafarroan ikusezin
bihurtu nahi gaituztelako, baina hala ere, oso erosoa iruditzen zait
jende artean diluitu ahal izate hori. Jende askok Europa ekialdeko
hiztuntzat hartzen gaituela iruditzen zait eta batzuetan sentitu edo
fantaseatu dut horrekin. Ikusi besterik ez dago batzuek nola begiratzen
zaituzten eta nola eusten dioten poltsari. Eroso sentitzen naiz jakinda
ez didatela zutabe bat eskatuko erdaraz. Euskara armairu handi eta
erosoa da niretzat. Elkarrizketa hau bera seguru nago aitak ikusiko
duela eta galdetuko didala ea zertaz ari naizen. Nire aitaz ari naizen
paragrafo hau bera ez du berak ulertuko eta hori lasaigarria zait.
Sarrionandiak zioen kartzela-zainen aurrean euskara zela eremu libre
bakarra eta nik ere sentsazio hori daukat askotan.Nortasun Agiria
Angel Erro duela 34 urte (1978ko maiatzaren 12an) sortu zen Burlatan. Zuzenbidean eta Euskal Filologian lizentziaduna, hizkuntza, literatura eta musika klasikoaren maitale sutsua da. Euskaldunberria. Bi poesia libururen egilea: Eta harkadian ni eta Gorputzeko humoreak. Desira desordenatuak liburuaren 14 egileetako bat eta haren harira sortu zen Ez dok armairu ikuskizuneko partaide izandakoa. Volgako batelariak eta 31 eskutik blogetan, Argia aldizkarian, Nafarroako Hitzan eta Iruñerriko Euskalerria Irratiko hiru saiotan zabaltzen ditu bere artikulu eta gogoetak.Aitorpena
“Angel Erro ezizena aukeratu nuen, alde batetik, nire aleman zaletasunak eta, bestetik, lotura bitxiekiko atxikimenduak bultzatuta. Izen autoerreferentziala da. Bere burua adierazten du nolabait. Euskara-alemana hiztegian “Angel” hitza bilatzen baduzu, euskarazko bere ordaina “Erro” da. Eta alderantziz. Die Angel alemanez atearen erroak adierazteko erabiltzen da. Bitxia iruditu zitzaidan eta izen artistikotzat-edo hartu nuen. Batzuetan nire benetako izena ahaztu eta guzti egiten dut eta Harkaitz Herrero izenaz norbaitek deitzen didanean, ezin dut harridura sentsazio txiki bat saihestu. Edonola, batek ez du inoiz bere burua erabat ezagutzen. Dena da geure buruari kontatzen diogun kontakizun bat, entzun nahi duguna. Esaterako, aurrekoan lagun batek iradoki zidan nire bi poema liburuen izenburuetan (Eta harkadian ni eta Gorputzeko humoreak) agertzen diren “soberazko” H bitxi horiek nire benetako izenaren agertze fantasmala direla. Nik ez nion inoiz horri erreparatu; izan ere, ez dut uste hala denik, eta biribilki ukatu nuen, beti pentsatu izan dudana eta poemategien izenaz galdetu didatenean erantzun ohi dudana berrituz, hau da, hitz jokoak direla, lehen kasuan Antzinateko Arkadia idilikoa, berde eta oparoa, errealitatearen zakartasunarekin konparatu nahi nuela, harkadiak euskaraz harritza esan nahi baitu, harkaitzez betetako tokia; bigarren kasuan ere (h)umore hitzaren bisemiarekin jolasa egiten nuen, gorputzeko isurkari klasikoei tinta eta hazia gehituz, umore beltzez, hau da, malenkoniaz. Orain ez dakit hirugarren liburu batean H hizkia sartzera ausartuko naizen (ez dut uste), ezta, sartu nahi izatekotan, hitz jokorik geldituko ote zaidan erabili gabea”.Adiskide
Zirikatzailea, trufaria, azkarra eta dibertigarria. Kultura handikoa eta memoria on samarrekoa. Zitak, izenak eta datuak purrustadaka iristen zaizkio burura, eta handik mingainera esaldi luze eta konplexuetan txertatuta. Ideiak ideiekin kateatuz infinitoraino. Elkarrizketan zehar, behin baino gehiagotan galdu garela, galdu dugula haria daitort. Baina ez du axola. Angelek lasaia, atsegina eta ia baltsamikoa ere badakiela izaten esanen nuke nik. Norgehiagoka intelektual batean adiskide bezala nahiago nuke mila bider, arerio baino.Klasikontzi
“Aspaldian vinilo tempore esaten zidaten ‘zu bezalako gazte bat klasikoekin eta halako gauzetan zaletuta, zeinen bitxia’. Ez da hain harrigarria baina hori esaten bazidaten agian izango zen hutsune bat dagoelako, merkatuko horma-hobi bat edo”.Helburu nagusia
“Ongi pasatzea eta ongi pasaraztea. Orain ez dakit oso Ana Rosa Quintana aldera ez ote naizen lerratuko hau esatean, baina nik uste dut zoriontsu izateko gaudela munduan. Plazan zaudela, jendaurrean atsegina izaten saiatzea betebehar bat dela iruditzen zait”.Twitterren
Angel Erroren txio bat Twiterren: “Euskararen zonifikazioa (vintage hori) Zesarren eran baino ezin da. ‘Navarra in tres linguisticas zonas divisa est’ http://la.wikipedia.org/wiki/Navarra#Linguae”.
"Argia"
2013-2-10
No hay comentarios:
Publicar un comentario