2015-10-27

Punto de vista


2015.10.22
Punto de Vista jaialdiak markak hautsi ditu, X. ediziorako 1.378 pelikula erregistratu baitira
Punto de Vista jaialdiak markak hautsi ditu, X. ediziorako 1.378 pelikula erregistratu baitira
Nafarroako Punto de Vista Zinema Dokumentalaren Nazioarteko Jaialdirako 1.378 pelikula erregistratu dira aurten –film luzeak eta dokumental laburrak–, jaialdiaren hautapen prozesuan parte hartzeko. X. edizioa 2016ko otsailaren 8tik 14ra izanen da Iruñeko Baluarten. 
Kopuru horrek markak hautsi ditu berriz jaialdiaren historian, eta IX. ediziokoa gainditu du, 2015ean 1.237 lan inskribatu zirelako jaialdiaren Sail Ofizialean sartzeko aukera izateko. Aurreko edizioetan, inskribatutako dokumentalak 700 inguru izan ziren, eta, azken bi urteetako kopuruak goraka doan joera agertzen du, eta horrela jarraituz gero halako bi eginen du. Datu horiek jaialdiaren osasun onaren adierazgarri dira eta nazioartean ezaguna dela uzten dute agerian.
Oskar Alegría Punto de Vista jaialdiko zuzendari artistikoaren esanetan, parte-hartzean izandako igoera horren arrazoi nagusietako bat nazioarteko ordezkari sarea sendotu izana da, bera karguan hasi ondoren lantzen hasi zena, eta horrek berretsi egiten du jaialdiaren zabalkundea eta izen ona gero eta handiagoak direla bost kontinenteetan. Sare horretan kide hauek aritzen dira: Asako Fujioka (oraintsu arte Japoniako Yamagata jaialdiko zuzendaria izandakoa) Asian; Nourddine Ben Driss (Tetuango jaialdirako dokumentalak hautatzeko arduraduna) Afrikan; Elena Fortes (Mexikoko Ambulante jaialdiko zuzendaria) Hego Amerikan; eta Andrea Picard (Torontoko Wavelenghts jaialdiko zuzendaria) Ipar Amerikan. 
Aurkeztu diren pelikulak 86 herrialdetatik datoz, eta iaz 78 herrialdetakoak ziren. Kopuru handiena Espainiako ekoizleek aurkeztutakoena da, 180 lan, eta atzetik Frantziatik datozenak (123 pelikula), Estatu Batuetatik (81), Argentinatik (61), Alemaniatik (58), Mexikotik (43), Italiatik (40), Brasildik (39), Poloniatik (37) eta Belgikatik (28).  
Lehendabiziko hautapen fase honetara beste herrialde batzuetatik iritsitako lanak ere aurkeztu dira: Kuba, Dominikar Errepublika, Venezuela, Haiti, Filipinak, Palestina, Jordania, India, Egipto, Bangladesh, Iran, Burkina Faso, Mozambike edo Ruanda; horrez gain, herrialde batek baino gehiagok batera ekoitzitako 220 lan daude (iaz 192 izan ziren). Aurten ere Latinoamerikatik etorritako lan ugari daude inskribatuta, eta gora egin du Afrikan ekoitzitako pelikulen kopuruak. Eta datu bitxi bat, Madagaskarren egindako pelikula bat aurkeztu da aurrenekoz.
Pelikulak inskribatzeko epea irailaren 30ean amaitu zen. Hautapen batzordea jasotako lanak ikusteko fasean ari da orain, eta abenduaren erdialdean jakinaraziko du zein diren behin betiko hautatu direnak. Batzordeko kideak hauek dira: Koldo Almandoz zinegile eta kazetaria, Özge Calafato kazetari eta zine programatzailea, eta Alexei Dmitriev eta Guillermo G. Peydró zinegile eta programatzaileak.

http://www.puntodevistafestival.com/



No hay comentarios:

Publicar un comentario