2015-08-03

Mariano Izeta



"Erlojuko orratzen gisara, erritmoari beti so, bidea egiten zuen, arrastoa utziz», azaldu zuen Jon Abril idazleak Mariano Izetaren (1915-2001) biografian (Bidegileak bilduma). Oinatzez oinatz, euskara biziberrituz egin zuen ibilbidea, gelditu gabe, bizitza osoan. Esparru askotan jardun zuen ekintzaile modura, ikastolen sorreran nahiz bertsolaritzan parte hartuz. Baztango euskalkia jasotzen aitaren erloju-dendan egindako esfortzuak ere eman zizkion bere fruituak. Gainera, euskarazko nobela beltzaren aitzindari izan zen, kasik euskarazko literaturarik ez zegoenean. Frankismoaren sasoirik latzenetan, bere hizkuntzaren eta herriaren alde borroka egiteagatik egin zen ezagun. «Euskarazko kulturgintzari eta literaturari egindako ekarpena da baloratu beharrekoa». Hala definitu du Izetaren ibilbidea Abrilek.


Atzo bete zen Mariano Izetaren mendeurrena. 1915eko uztailaren 14an jaio zen, Elizondoko Mutilenia etxean. Haren ekintzen isla izan zen herriarenganako maitasuna. Izan ere, haren lanak beti izan zuen lotura estua Baztanekin. Gizona deskribatzerakoan, «umore onekoa, gizon atsegina, euskaltzale porrokatua eta langile fina» izan zela azpimarratu zuen Abrilek.

Haren aitak erloju denda zabaldu zuen Elizondon, eta huraxe zuen ogibide. 14 urte besterik ez zuela, Izetak aitaren bideari jarraitzea erabaki zuen. Bizitza guztia igaro zuen han lanean, ez zen inoiz erretiratu. «Nik lanean segitu nahi dut. Erlojutegiko mahaian esertzen naiz, eta batzuetan erlojuren baten barrunbeak aztertzen eta beste batzuetan nire liburu eta artikuluekin segitu nahi nuke», esan zuen 1992ko Bertso Egunean egin zioten omenaldian.

Erloju denda hura erreferentzia izan zen Elizondoko kaleetan, Izeta hil zen arte. Erlojuen barrenak erreparatzeko gunea izateaz gain, Izetarekin bat egiteko topaleku bilakatu zen tailerra. Izan ere, euskararentzat eremu askea izan zen 36ko gerra osteko urte ilunetan. Martin Galde euskaltzale baztandarrak azaldu zuen, «garai bateko kafetegi literarioen antzera, Elizondoko zentro kultural» bilakatu zela.

Gotzon Garatek Baztanen igarotzen zituen udak gogoan, Izetaren oroitzapen gozoak gorde zituen, Jon Abrilek jaso zuenez: «Erloju dendan aurkitu nuen, lehiatsu lanean, alai, hiztun eder; berak bezala euskara biziki maite zuen gazte batekin mintzatzeko lau lorietan». Eskualdean ez omen zen euskararen aldeko saiorik edo jairik egiten Izeta tartean ez bazen. «Mariano, urte eta urteetan, etengabe, Baztango euskararen legamia izan da».

Euskara irakasle, musu truk

Ikasketak herriko eskola nazionalean egin zituen, gaztelania hutsean. Eskolan nahiz kalean gaztelania zen nagusi. 1934an ireki zuten lehen ikastola Elizondon, baina berehala itxi zuen eskualdeko ikuskatzaileak. 1936ko otsailean berriro jarri zuten martxan, baimen guztiak lortuta. Udan gerra piztu zen, ordea, eta kuartel bihurtu zuten gunea. 1970eko hamarkadara arte, ez zen beste ikastolarik izan, eta sorrera horretan eragin zuzena izan zuen Izetak. Gainera, borondate hutsez, haur eta helduei euskara irakasten aritu zen gerra osteko urteetan.

Errepublika garaian euskara piztu zela, baina gerrak egoera erabat ilundu zuela esan ohi zuen Izetak. Euskal kultura zapalduta zegoela eta, euskaraz idazteari ekin zion. 1957an Arantzazu aldizkarian hasi, eta, orduz geroztik, hainbat komunikabidetan argitaratu zituzten haren idatziak: Zeruko Argia-n, Herria-n, Euskaldunon Egunkaria-n, Príncipe de Viana-n, Diario de Navarra-n, Navarra Hoy-n eta Diario de Noticias-en. Hizlari ere aritu zen Baztan-Bidasoko Xorroxin Irratian eta Nafarroa Behereko Irulegi Irratian. «Eguneroko gertakari eta bitxikerien berriketari xume» gisa definitu zuen bere burua.

Kazetari lanekin hasitako ibilbideak jarraipena izan zuen literaturan. Ipuinak idazteari ekin zion, eta, batez ere, herri-ipuinak sortzea zuen gogoko. «Sentimendua beharrezkoa da idazteko orduan» aitortu zuen. Dirua Galgarri (1962) izan zuen bere lehen lana, lapurreta baten ingurukoa. Hogei urte geroago, baztandar apal baten bizitza kontatu zuen Nigarrez sortu nintzan (1982) lanean. Horrez gain, Baztango kontuak eta hiztegia jaso zituen hiru liburutan: Baztango hiztegi ttipia (1985), Baztango hiztegia (1996) eta Baztango kontuak (1996). Arturo Campionen lan bat itzultzeaz gain, beste zenbait literatur lan ere plazaratu zituen. Kazetaritza zein literatur lanetan, Baztango euskara erabiltzen zuen beti Izetak.

Herri hizkuntzaren lekuko gisa, hiztegiaz gain, esamolde eta asmakizunak bildu zituen. Lan horretan, herritarrak izan zituen laguntzailerik finenak. Erloju dendara joaten ziren Izetari han-hemenka bildutako hitz eta kontuen berri ematera. Memoria izugarria zuen arren, egunerokotasuneko gauza guztiak idazteko ohitura zuen. «Duela 50 urtekoak ez zaizkit atzentzen, bart gauekoak ordea, ezin gogoratuz nabil», aitortu zuen Argia aldizkarian.

Gerran ere, bertsozale

Nafarroan bertsolaritza berpizten lan gogor egindakoa da Izeta. 36ko gerraren testuinguruan bertsolaritza han eta hemen hedatzen jardun zuen. Gainera, 1936an, lehenengo Nafarroako Bertsolari Txapelketaren antolakuntzan parte hartu zuen. Dena den, gerra garaian, eta baita geroago ere, bertsolaritzak klandestinitatera mugatu behar izan zuen. Gerora, gai-jartzaile eta epaile lanetan ere aritu izan zen Izeta. Aipagarria da epaimahaikide izan zela Xalbadorri txistuak jo zizkioten 1967ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusian. 1996an, bertsolaritza hartzen ari zen indarra ikusita, baikor agertu zen. Bertso eskolak egiten ari ziren lan «polita» eta emakumeak bertso munduan sartu izana azpimarratu zituen.

Bertsotan aritzen ez bazen ere, kantatzea oso gustuko zuen. Baita Baztango dantzak, pilota eta txirrindularitza ere. Halere, Legate mendira igotzea zen gehien maite zuena. 160 aldiz egin zuen ibilbide bera. Politikan ere gazte-gaztetatik hasi zen. 18 urte zituen Euzko Alderdi Jeltzalean sartu zenean. Elizondoko alkate eta Madrilgo Gorteetako kide izan zen alderdi horren parte zela. Erlojuaren orratzak nola, Izeta ere hala. Denborak aurrera egin arren, ez zen nekatu Elizondoko semea.

Haren lanak, Baztango eskualdean erreferentzia izateaz gain, Euskal Herrian ere izan du oihartzuna. Omenaldi ugari jasotakoa da Izeta: 1992an Bertsozale Elkarteak egin zion bat, 1997an Baztango seme kutun izendatu zuten, eta Elizondoko plaza bati haren izena jarri zioten, eta 2000. urtean Euskaltzaindiak ohorezko euskaltzain izendatu zuen. Izendapen gorena eskuratu eta bi hilabetera hil zen".


www.berria.eus
Ihintza Elustondo
2015-7-15






No hay comentarios:

Publicar un comentario