2014-10-11

"Euskararen Urtaroa"


"Egun eta bihar euskaraz hitza har". Mezu hau da, urrriaren 9tik 19ra iraganen den Baxe Nafarroako Euskara Urtaroko 3.edizioaren aktibitateen giltza. Aiziritze, Arberatze, Donapaule, Landibarre, Larzabale, Irisarri, Donazaharre, Behorlegi, Donibane Garazi edo Baigorriko herrietan guztiei pentsatutako aktibitateak antolatuak izan dira, denak helburu berdinarekin. Mattin Bachok, Baxe Nafarroako euskara garatzaileak adierazi du "euskararen erabilpenari lehentasuna eman nahi diogu eta batez ere, familietan hizkuntzaren transmisioa bultzatu nahi dugu". Horretarako, hamar egunetan zehar, mintzaldiak, erakusketak, dantza emanaldiak edo antzerkiak ikusteko parada izanen da.

Amikuze, Garazi-Baigorri eta Iholdi-Oztibarreko Herri Elkargoek Baxe Nafarroako mintzairaren erabilpena sustatzeko eta batez ere eguneroko bizian erabiltzeko, urriaren 9tik 19ra mota ezberdinetako hitzorduak antolatu dituzte. "Hamar egunetan euskara sustatuko dugu, baina honekin batera hizkuntzarekiko sentsibilizazio kanpaina bat egin nahi dugu", zehazten du Mattin Bachok, Baxe Nafarroko euskara garatzaileak.

Urriaren 9an, Donapaule izanen da Euskara Urtaroa biziko duen lehen herria, Oskar Alegriaren "Eman bakia" filmarekin. Bestade, urriaren 11an Katixa Dolharé-k idatzi duen "Biribilgune" eta Koldo Amestoy-en "Erran bezala" liburuen presentaketa eginen da, Baigorriko plaza txokoan. Egun berdinean, Donapaulen Getariako dantza taldeak eskeiniko du Haizeari dantza ikusgarria.

Halaber, Kanaldudek ere antolakuntzan parte hartuko du, Baigorrin prestatu duten zine gaualdi batekin. Besteak beste, urriaren 16an Arberatzen Bil ta Garbi-k antolaturik pista-jokoa antolatua izan da hondarkinen berexketari buzuzko sentsibilizazioa bultzatzeko.

Euskararen urtaroako agurra
Azken egunean, urriak 19an, Euskara urtaroako agurra antolatuko dute Larzabalen. Goizeko 10etatik goiti euskarari buruzko mintzaldi bat izanen da, Kanalduderen herri telebistaren laguntzarekin. Hain zuzen ere, euskararen egoera eta euskararen aldeko hizkuntzei buruzko gogoeta eginez. Mintzaldian, Erramun Bachoc eta Iñaki Martinez de Lunak parte hartuko dute eta ondotik mahai-inguru bat antolatu dute hautetsiekin. Bestalde, "Mintzaplaza" tartean, euskaraz hitz egiteko ohitura dutenen eta ez dutenen arteko topaketa eginen dute.

Atsaldean, pilota partidak egin ondoren Baxe Bafarroako lehenengo bertsularien errimak entzunen dira. Halaber, haurrek kantaturik Oraingo bertsularien erakusketa eginen da. Azkenik, 16.00etan, Burgaintzi eta Arrolako dantzariek "topa dantza" ikusgarriaren zati bat eskeiniko dute bertara hurbildutakoei.

Mattin Bachok adierazi du, Euskara Urtaroako eguna "urtean zehar euskararen sustapenerako lan egiten duten elkarteei egiten den aitortza" dela. Egunetan zehar egiten diren aktibitateak talde ezberdinek antolatzen dituzte eta euskara garatzaileak zehaztu duenez, "jendeak askotan ez daki hauek aintzina eramaten duten lana".

"www.kazeta.eus"                       
2014-10-9                       
(laburpena)                       



No hay comentarios:

Publicar un comentario