2014-10-24

Altsasu: arte azoka























"Gaur zabalduko den erakusketan 26 artista sakandarren eta 14 gonbidaturen lanak ikusteko aukera izanen da.Lastailaren 17tik azaroaren 2ra, astegunetan 18:30etik 21:00etara eta domeketan 19:00etatik 21:00etara Altsasuko Iortia kultur gunean.

Sakanako artisten erakusleiho eta salmenta espazioa izateko sortu zen duela bi urte Altsasuko Arte Azoka. Haiekin batera, ibarretik kanpokoak diren egileen lanak ere izaten dira. Aurten 40 bat guztira, 26 sakandar eta 14 ibarretik kanpokoak. Lehen edizioan 28 izan ziren eta pasa den urtean 31. Iortia kultur gunean ikusgai izanen diren obren egileetako batzuk aski ezagunak dira, beste batzuk bidea egiten ari dira. Artebide deiturapean bildutako Altsasuko artista talde baten ekimenez antolatu da, atzera ere, Arte Azoka.

Erakusketa koloretsua osatu dutela esan digute antolakuntza taldean dauden Manoli Arregik eta Koldo Arnanzek. Hainbeste artisten artean adierazpide eta teknika ugari ikusteko aukera izanen da: marrazkia, pintura (olioa, akrilikoa, akuarela, konstruktibismoa), grabatua, teknika digitala, eskultura, zeramika, instalazioa eta bideoa. “Arte Azokaren aberastasuna hori da, estilo aniztasuna dagoela” azaldu du Arnanzek.

Esportagarria
Sakanako sortzaileen lanak biltzen dituen erakusketa ibarretik kanpo beste nonbait erakusteko aukera ere aztertu dute antolatzaileek. “Udalarekin hitz egin dugu eta pauso txiki batzuk eman ditugu”. Antolatzaileek web orria ere sortu dute, Interneten Altsasuko Arte Azokak aurkezpen txartela izan dezan: www.arteazoka.webnode.es. Web orriaren lotura beste kultur etxeetara bidaliko dute, erakusketa batetik bestera mugitu ahal izateko.

Ildo horretan lehen urratsak egin dituzte eta bide bat zabaltzea espero dute. Arnazek nabarmendu digunez, “Euskal Herrian ez da eskualdeko artistak biltzen dituen azokarik antolatzen. Sortu den lehenengoa da, eta ibarreko sortzaileen lanak batean eta bestean erakusteko modua da. Lana egina dago”. 

Esperientzia
“Artistek euren lanak jarri eta jendeak ezagut ditzan” nahi dugu, esan digu Arregik. Antolatzeko aurreneko hartu-emanak garilean izan zituzten. Agorrila akaberan aurreneko bilera egin zuten eta sortzaileek Altsasuko festetarako parte hartuko zuten esan behar zuten. Kanpoko artistei gonbitea ere bitarte horretan egiten diete.

Dagoeneko hirugarren urtea denez, sortzaile sakandarren artean erreferentziazko data bihurtu da. “Batzuek erakusketarako propio sortzen dute. Beste batzuek egindako lanak ekartzen dute” zehaztu digu Arregik. Dagoeneko hainbat arlotan esperientzia hartu dutela azaldu digute Arregik eta Arnanzek. Erakusketaren muntaia da arlo horietako bat. “Aurreneko urtean azokan dena pilatua zegoen. Joan den urtean aire gehiago eta askoz egokiago zegoen, jendea pozik gelditu zen. Aurten hobetzen saiatuko gara”, esan digu Arnanzek.

Azoka
Gaur, 19:00etan, erakusketa mustu eginen da. Orduan erakusketa eta egileak ikusteko aukera aparta izanen da. Bestalde, igandean, 10:00etatik 15:00etara eta 19:00etatik 21:00etara zabalik izanen da Arte Azoka.

Azoka den aldetik aurreko urteetan zerbait saldu dela esan digute antolatzaileek, “gutxi, baina bai”. Arregik azaldu digunez: “igandean Iortia kultur gunearen eta udaletxearen artean dagoen parketxoan zenbait artistek euren salmenta mahaiak jartzen dituzte. Han euren lanak, obra txikiagoak, merkeagoak, salgai jartzen ditu. Han saltzen da”.  Eguraldi ona egiten badu aurten ere han jarriko da artisten azoka izanen da eta handik Altsasuko Arte Azokara sartzeko aukera ere izanen da.

Parte-hartzaileak
Sakandarrak
Txuspo Poyo, Mikel Okiñena, Koldo Arnanz, Helena Santano, Carlos Rivera, Sagri Mauleon, Manolita Thunders, Chuffi, Morkots, Jokin Kale, Itziar Nazabal, Miren Ustarroz, Bidatz Razkin, Jule Kosta, Itxaso Alzelai, Beatriz de la Vega, Ana Goikoetxea, Angel Antonio Agirre, Argiñe Berastegi, Estibaliz Garcia, Maider Perkaz eta Jartur. Azokan aurreneko aldiz erakutsiko dute: Maite Migelek, Lali Burgoak, Rosa Arnanzek eta Josu Barandiaranek.

Artista gonbidatuak
Fernando Teixador, Lea Contestabile, Primorosa Cesarini, Helena Gonzalez, Orfila Galeria (Madril), Ernesto Luzuriaga, Arte Bruto eta Rafael Landea.

Hitzaldia
Helena Gonzalez da Arte Azokako artista gonbidatuetako bat. Bilboko Zubietxe tailerrean arte-terapeuta da eta hilaren 31n Altsasura etorriko da, 19:00etan, hitzaldia emanen baitu Iortia kultur gunean. Arte sistematik kanpo dagoen “arte gordinari” buruz hitz eginen du".


"www.guaixe.net"                 
2014-10-17                  
(laburpena)                  




No hay comentarios:

Publicar un comentario