2013-03-05

Nafarroako Bertsolari txapelketa: Finalaurrekoak


Etxarri Aranazko saioan aritu zen seikotea
"Ttipi-Ttapa"

"Nafarroako Bertsolari Txapelketako lehen bi finalaurrekoak jokatu dira asteburuan,
larunbatean Atarrabian eta igandean Etxarri Aranatzen. 
Julio Sotok eta Xabier Silveira irabazi dituzte lehen bi finalaurreko horiek, 
hortaz finalerako lehen bi txartela eskuratu dituzte. 
Hurrengo larunbatean jokatuko da Elizondon azken finalaurrekoa eta finalistak erabakiko.
Larunbatean Atarrabian 300 lagunek goraino bete zuten herriko Kultur Etxea, 
maila handiko saioa eskaini zuten oholtzara igo ziren sei bertsolariak 
eta Julio Sotorentzat izan zen lehen postua. 
Saio hasieran Atarrabiako bertso-eskolako gaztetxoek 
ongi etorria eman zieten bertsolariei zein bertsozaleei.
Julio Sotok lehen saioa zuen aurtengo Txapelketan, 
txapelduna izanagatik zuzenean baitzegoen finalaurrekoetarako sailkatuta. 
Gorritikoak saio polita egin zuen eta bereziki 
bakarkako ariketetan nabarmendu zen, lan aparta eginez.
Bigarren postua Erika Lagoma lesakarrarentzat izan zen. 
Haren atzetik lehia estua izan zuten Oskar Estanga, 
Joxema Leitza eta Iñigo Olaetxea sailkatu ziren. 
Finalaurreko seigarren sailkatua Iñaki Aleman izan zen.

Puntuazioak
Julio Soto, 467 puntu
Erika Lagoma, 436 puntu
Oskar Estanga, 400,5 puntu
Joxema Leitza, 393,5 puntu
Iñigo Olaetxea, 389,5 puntu
Iñaki Aleman, 335,5 puntu

Txapelketako bigarren finalaurrekoa igandean jokatu zen Etxarri Aranatzen. 
Atarrabian bezala, bertsozaleek erantzun ezin hobea eman zuten 
eta lepo bete zuten herriko Kultur Etxea. 
Eta Atarrabian bezala, bertso saio eder batekin gozatzeko aukera izan zuten bertsozaleek.
Xabier Silveirak eskuratu zituen puntu gehien, 
eta zuzenean sailkatu martxoaren 23an 
Iruñeko Anaitasuna kiroldegian jokatuko den finalerako. 
Saio erregularra egin zuen lesakarrak, bereziki nabarmena ofizioetako lanetan. 
Hala ere, atzekoak ez ziren lozorroan eta gertu-gertu izan zituen 
bigarren zein hirugarren egin zuten Jon Barberena eta Eneko Lazkoz. 
Etxarriarrak etxean kantatu zuen eta txalorik handienak jaso zituen.
Eneko Fernandez lesakarrak azken-laurdenetan utzi zuen inpresio ona 
berretsi eta balio handiko laugarren postua eskuratu zuen. 
Ander Fuentes “Itturri” zubietarrak eta Josu Sanjurjo lesakarrak itxi zuten sailkapena.

Puntuazioak
Xabier Silveira, 440 puntu
Jon Barberena, 426 puntu
Eneko Lazkoz, 424 puntu
Eneko Fernandez, 401,5 puntu
Ander Fuentes “Itturri”, 389 puntu
Josu Sanjurjo, 378,5 puntu

Atarrabiako eta Etxarriko finalaurrekoak jokatuta, 
Julio Soto eta Xabier Silveira dira finalean txartela segurtatuta duten bertsolari bakarrak. 
Gainerakoek Elizondoko azken finalaurrekoan 
gertatzen denaren zain egon beharko dute. 
Hurrengo larunbatean, hilaren 9an, arratsaldeko 17,30ean 
honako bertsolariak igoko dira Lur aretoko oholtzara: 
Julen Zelaieta, Migel Mari Elosegi “Luze”, Aimar Karrika, Oier Lakuntza, 
Saioa Alkaiza eta Xabi Maia. Saio horretan erabakiko da finalean arituko den zortzikotea.
Elizondoko finalaurrekorako zein martxoaren 23an Iruñean 
jokatuko den finalerako sarrerak salgai dira www.bertsosarrerak.eu web gunean".

"Ttipi-Ttapa"               
2013-3-4                
(laburpena)               

No hay comentarios:

Publicar un comentario