"Argia" |
"Nondik datorkizu musika zaletasuna?
Eta zer dela eta ikasi zenuen Zuzenbidea?
Musika betidanik izan da oso garrantzitsua niretzat, baina sekula ere
ez nuen pentsatu profesionalki honetan aritzea eta horregatik
unibertsitatera joan nintzen. Historia eta Geografiaren eta
Zuzenbidearen artean zalantzan ibili eta azkenean bigarrena hautatu
nuen. Deustun onartu ninduten Finantza Zuzenbidea egiteko, orduan modan
zegoena. Baina ni hemen pianoa eta harmonia ikasten ari nintzenez,
erabaki nuen hemengo Opuseko unibertsitatean ikastea. Zuzenbidean
nenbilelarik, Etxarriko abesbatzako zuzendariak utzi zuen eta niri esan
zidaten postu hori hartzeko beste bat etorri artio. Eta gaur egun arte.
Egia da Zuzenbidearen hirugarren edo laugarren urtean esan nuela “hau ez
da niretzako modukoa, baina bukatuko dut”; gurasoak hor ari ziren
ordaintzen eta nik hasitako guztia bukatzen saiatu naiz beti. 20
urterekin konturatu nintzen musikatik bizi nahi nuela. Ikastaroak eta
ikastaroak egiten hasi nintzen eta bitartean musika klaseak ematen
Etxarriko Musika Eskolan. Kantu eta Solfeo irakasle tituluak lortu
nituen baina ikusten nuen zuzendaritza formakuntza zehatzagoa behar
nuela. Horregatik 2001ean Koru Zuzendaritza ikasketak egitera joan
nintzen Donostiara, Musikenera, 2006ra arte.
Goi mailako zuzendari izateko formakuntza nola lortzen da?
Musikenekoaz gain, ikastaro pila egin ditut Madrilen, Cartagenan,
Hungarian, Alemanian… Irakasle asko izan ditut. Munduko onenetakoak
hainbatetan, baina ikastaro laburrak izan dira, gehienbat. Ez da berdina
kontserbatorioan eskaintzen den formakuntza, horregatik bost urtez
Musikenen ikasi ahal izatea izugarria izan zen. Orain jarraitzen dut
joaten batez ere Orkestra Zuzendaritza ikastaroetara. Apustu zaila da,
batez ere zuzendaritzatik bizi nahi baduzu. Euskal Herrian eta Estatu
osoan oso jende gutxi bizi gara honetatik. Ez dakit 25 bat lagun izanen
garen osotara.
2005ean Iruñeko Orfeoira iritsi zinen, aldaketa handia?
Bai, noski. Iruñeko Orfeoia eta Iruñeko Ganbera Abesbatzari instituzio
koru deitzen diet. Ez dira soilik abesbatzak, instituzio kulturalak
baizik. Hemendik bi urtera 150 urte beteko ditugu eta Ganbera Abesbatzak
ia 60 ditu. Honek ez du esan nahi besteak baino hobeak edo txarragoak
direnik, desberdinak baizik. Beste dimentsio bat da. Aldizkarietan,
telebistan, badugu tartetxo bat eta, tamalez, beste abesbatzek hori ez
dute. Gure jarduerak ikusmina sortzen du. Lan moldeak ere oso
desberdinak dira. Etxarrin ohituta nengoen koru ertain batera, 50-55
lagunekoa, eta hau 100 laguneko abesbatza da. Musikalki eta pertsonalki
eramateko zailagoa da. Errepertorioa ere oso desberdina da. Aipagarria
da koru ez profesionala garela, amateurra, eta Orkestra Profesionalen
Sarean sartuta gaudela. Horrek esan nahi du kantarien ogibidea ez dela
musika, baina zuzendari batek zuzentzen gaituen momentuan ez dela
oroitzen hau argiketaria denik, bestea etxekoandrea edo abokatua.
Kalitate profesionala eskatzen digu eta gauza polita bezain zaila da
hori dena uztartzen saiatzea.
Zuzendari handiekin orpoz orpo lanean, zer ikasi duzu?
Zuzendari handi horiek gehienetan psikologo onak direla. Musikaz
jakitea bezain garrantzitsua da hori. Eta ikasi dut, bestalde, zuzendari
gorenak direnak oso pertsona umilak ere badirela, errespetu handikoak.
Zer falta zaizu ikasteko musika munduan?
Gehiena. Zenbat eta gehiago jakin, are eta gehiago ohartzen zara zeinen
gutxi dakizun. Nik musikan errepertorio gehiena ezin dut egin. Zatitxo
bat besterik ez. Zuzendari bezala orain beharko nuke a capella
piezak egiteko denbora gehiago. Eta berdin gertatzen zait musika barroko
edo Berpizkundekoarekin. Hain da zabala errepertorioa! Milioika obra
koral daude. Musikariak beti ikasten egon behar du, hil arte.
Fonetikaren aldetik, adibidez, hizkuntza desberdinetan ahoskatzen ikasi
behar duzu. Guk alemanez, euskaraz, gaztelaniaz, errusieraz, latinez…
kantatzen dugu. Latinak, adibidez, ahoskera desberdinak dauzka: italiar,
frantziar, espainiar, aleman erara… New Yorken eskaini genuen Carmina Burana alemaniar
erara egin genuen. Orain frantsesa ikasten ari naiz. Eta gauza gehiago
beharko nuke: harmonia eta kontrapuntua berriz ikasi, eta kantua ere
bai. Badaramazkit zazpi urte ikasi gabe eta beharko nuke hamabost
egunero edo, irakasle batengana joan eta ahotsa ongi landu beti fin eta
prest izateko. Gorputz ariketa bezalakoa da hori.
Zer nahiko zenuke egin Orfeoian?
Musika garaikide gehiago. Bai orkestrarekin, bai a capella
erara ere, baina horretarako denbora gehiago beharko genuke. Bestalde,
guri beti eskatzen digute betiko errepertorioa. Estandarra. Beti ari
gara bueltaka egile eta lan berdinen inguruan: Beethoven, Mozart,
Brahms… Asko gustatzen zaizkit egile hauek, baina interesgarria izanen
zen, era berean, lantzen ez den errepertorioa hartzea. Eta Euskal
Herriko eta Nafarroako konpositoreen obrak interpretatzea. Horretan ari
naiz. Azken urteotan, adibidez, Lorenzo Ondarraren obra dezente mustu
ditugu eta aurten ere José Antonio Huarte, Orfeoiko zuzendaria izandakoa
omenduko du Nafarroako Abesbatzen Elkarteak eta hori dela-eta
kontzertua eskainiko dugu Katedraleko errefektorioan maiatzaren 18an.
Hainbat konpositore nafarren abestiak izanen dira eta Huarteren bi obra,
gutxienez, mustuko ditugu. Horretaz gain gustatuko litzaidake
konpositoreekin hitz egin eta obra berriak eskatzea, baina horretarako
denbora eta diru gutxi dugu. Orkestrek ere ez dute errepertorioa berritu
nahi. Hor sumatzen dut zuzendari eta kudeatzaileek egun daukaten
publikoa mantendu nahi dutela, eta publiko hori, gehienbat, oso
kontserbadorea da.
Murrizketek eragin handia izan dute Orfeoian?
Beste batzuekin alderatuz, ezin kexa gaitezke, baina hala ere, Estatuko
laguntzak, guretzako diru sarreren %20 zena, desagertu egin dira.
Gainerakoa, Nafarroako Gobernutik jasotzen dugun %60 eta Iruñetik
hartzen dugun %20 mantentzen da, oraingoz, eta hau da garrantzitsuena.
Partiturak, diskoak edo materiala erosteko erabat murriztua dugu
aurrekontua, beraz obra berriak enkargatzea, momentuz, pentsaezina da.
Musika kontuetan aitzindaria izan da Nafarroa urte luzeetan.
Bai, 1960ko hamarkadan Iruñeko Kontserbatorioa bide erakuslea izan zen,
edota Orfeoia bera ere bai. Hau izan zen, adibide moduan, emakumeak
onartu zituen bigarren korua Estatuan. Baina orain lan handia egin behar
da, batez ere gazteak erakartzeko. Gazte batek musika klasikora jotzea
ez da gauza arruntena. Errazagoa da musika hori dastatzea 30 edo 40 urte
duzunean. Gainera gaur egun pop eta kontsumorako musikaren bonbardaketa
ikaragarria dugu. Kontua ez da klasikoa eta modernoa lehian jartzea. Ni
oso rockeroa naiz eta heavya asko gustatzen zait. Onena
litzateke gazteei eskaintza zabalagoa ematea. Gure aldetik egin behar
duguna da errepertorioak berritu. Haurrengan eta gazteengan gehiago
pentsatu eta haientzako gauzak egin. Hor erronka handia dugu. Argi dago
zuzendariak abesbatzetako eta orkestretako motorrak garela. Tamalez
zuzendari batzuk oso lasai bizi dira eta bultzada handiagoa beharko
luketela ikusten da. Zuzendaria izatea zaila da eta askotan musu-truk
egiten den lana da, baina afera musikarion eskutan dago.
Garai batean asko kantatzen zen, orain zergatik ez?
Hor min handia egin digu diskoak, batez ere 60ko hamarkadatik hona.
Lehen musika norberaren baitan, batez ere ahotsean, zegoen. Elizan
kantatzen zen eta musika giro handia zegoen: XIX. mendean sortutako
banda militar asko zegoen, adibidez, hemen Iruñean, geroko txaranga eta
orkestren jatorria izan zirenak. Oro har, Euskal Herrian asko kantatu
izan da kalean, Eguberritan, Santa Agedan edo San Juan bezperan. Etxean
ere ohitura zegoen, bertsolaritza bizi-bizi egon da, jotak beste toki
batzuetan… Ahozko tradizio sendoa izan dugu mendeetan. Baina diskoa
iritsi zenean ikusi genuen guk gerorrek musika egin beharrean, aski dela
botoitxo bat sakatzea musika izateko. Horretaz gain estilo haustura
ekarri zuen biniloak: doinu berri eta politak, rock and rola eta abar.
Bestalde, euskara galdu den herrietan galdu da kultura,
aitona-amonengandik ilobetara datorren transmisioaren soka hori eten
delako. Erronkari, Jaurrieta, Abaurregainean… zenbat melodia jaso diren,
orain bertako jendeak ezagutzen ez dituenak! Errepertorioa, beraz,
galdu egin da. Hemen harrobiak elizak izan dira. Orain elizak hutsik
daude eta parrokietako koruetan ere gero eta jende gutxiago. Musika
eskoletan badira abesbatzak edo eskolaniak, baina askotan dira “mariak”,
baliorik gabeko ikasgaiak. Instrumentuei garrantzi handiagoa eman zaie
azken 20 urteotan. Solfeoan ere irakurketa musikala asko egiten da baina
abestu gutxi. Haurrak edo gazteak garenean ez badugu abesten, ohitura
hori ez dugu lortuko. Lehen haurrak etxean zaletzen ziren, gero elizan,
koadrilan, kalean… abesten zuten. Eta noski, ahotsa lantzen ez bada,
tresna hori ez da menperatzen. Nik askotan esaten diet abeslariei: “Nola
nabari den zuek ez zaretela kalean jolasean ibili herrietan egiten den
bezala. Ez dakizue garrasi egiten”.
Eta belarri ona izatea ere beharrezkoa da kantatzeko, ezta?
Belarria ere lantzen da. Nik ezagutzen ditut belarri kaskarrarekin
abesbatzan hasi zirenak eta orain oso ondo abesten dutenak. Badira
kasuak eta kasuak, abeslarien artean bada denetarik.
Gaur egun jendaurrean aritzeko eta komunikazio lanetan,
ahotsa ongi lantzeari garrantzia ematen zaio.
Baina hori ez da berria. Grekoek eta erromatarrek erretorika bikain
lantzen zuten. Aurrean duguna konbentzitzeko dugun teknika multzoa da
erretorika eta horren barruan ahotsaren erabilera dago. Oso mundu
aberatsa da. Ahots baten kolorea eta musika oso garrantzitsuak dira.
Badira hizlariak, esatariak, irakasleak, politikariak ahotsa ongi
jorratzen dutenak. Azken urteotan grabeago hitz egiteko joera dago,
ozenago baina grabeago.
Eta guk zergatik hitz egiten dugu horren ozenki?
Ez dut ikerketa seriorik eginik horren inguruan, baina nik uste dut
hori gure sistema bokalikoarekin lotua dagoela. Gazteleran, euskaran,
italieran bost bokal daude eta irekiak gainera. Joan toki hauetara eta
neurtu dezibelioak. Hizkuntzaz gain, faktore kulturalak, klimatikoak eta
bestelakoak ere badira, noski. Guk, euskaldunok, -tz -ts eta halako
beste soinuak ditugu, aurrean egiten direnak, eta honek laguntzen digu
soinua aurrera eramaten eta ozenago hitz egiten.
Carmina Burana kantatarekin muga guztiak hautsi dituzue.
Carmina Burana proiektu honekin 2009an hasi ginen. Bost urteko
egitasmoa da eta hiru partaide gaude: Fura dels baus, Kataluniako
produktore batzuk eta Orfeoia. Produkzio honetan diru inbertsioa egin
genuen. Donostian hasi eta lehen bi urteetan emanaldi askotxo egin
genuen. Orain moteldu egin da krisia dela eta. Honek izena eman digu,
mundu osoan ezagutarazi gaitu. Eta, era berean, bidea ireki zigun 2009an
Gergievekin lan egiteko eta 2010ean, bi aldiz, Estatu Batuetara
joateko, Washington eta New Yorkera. Orfeoian sartu nintzenean planteatu
nuen lehenbiziko bi urteetan korua sendotzea, jende gehiago sartzea eta
maneiatzen ikastea, gero Estatu mailako hemengo sarean postu bat
hartzea zen helburua eta, modu naturalean, Frantzian sartzen hastea.
Baina proiektu honekin gure pausoak jauzi bihurtu dira. Frantziara baino
lehenago Estatu Batuetara joan gara. Dena den, nahiz eta Carnegie
Hallen kantatu, ez dugu ahaztu behar nortzuk garen: koru amateur bat
goraldi eta beherakadekin.
Eta une honetan zer duzue egutegian?
Abeslariz duela bi urte baino okerrago gabiltza orain. Krisia dela-eta
batzuek utzi egin behar izan dute. Uste dut gazte abesbatzatik
zortzi-hamar lagun igoko direla urte bukaerarako eta hor berriro gora
joanen garela pixka batean. Momentu larrian gaude guztiok, baina momentu
politean. Aurten Filarmonia Orkestrarekin arituko gara Madrilen,
Esa-Pekka Salonen zuzendari finlandiarrarekin ere lan eginen dugu,
Bordelera joanen gara irailean, Oviedora Carminarekin… Eta
hemendik bi urtera gure 150. urteurrena. Horretarako proiektu politak
ditugu, baina burua galdu gabe, lurra ukituz eta jakinda ez garela
munduko korurik onena.Nortasun agiria
Igor Ijurra, Etxarri Aranatzen sortua, 1973ko garagarrilaren 27an “gure herrian esaten den bezala”. Koru zuzendari profesionala –Espainiako Estatu osoan 25 bat baino ez daude–. Horretaz gain, kantaria, musika irakaslea, hitzaldi emailea eta Nafarroako Abesbatzen Elkarteko zuzendaritza ikastaroetako ohiko irakaslea. Zuzenbidean lizentziaduna eta lizentziarik ez duen irrati bateko kolaboratzaile fina: Iruñerriko Euskalerria Irratian musika klasikoari buruzko dibulgazio saioa egiten du. Eta gauza guztien gainetik, bi haurren aitatxo alaia.10-15
“Kirolean bezala 25 urterekin abesten hastea berandu ibiltzea da. 10 edo 15 urterekin hasi behar da eta ozenki abestu behar da, lau garrasi bota, kalean jolastu…”.Ametsa
“Munduko orkestra zuzendari onenetako batzuekin aritzeko aukera izan dugu azken urteotan. Buruz buru haiekin egon. Hitz egin. Nola zuzentzen duten ikusi, ikasi, entzun… Psikologikoki nola egiten duten lan, nola kudeatzen duten hori guztia. Oso esperientzia polita da. Rafael Frühbeck de Burgos, New York Philharmonic edo Valery Gergiev handiekin aritu gara lanean. Horiek guztiak diskoetan dauzkat, eta haiekin lan egiteko aukera izan dut!”.Azken hitza: Krisia
“Duela ez urte asko arte, udal askok organista ordaintzen zuten. Zenbat idazkari organo jotzaile izan dira? Edo apaiz berria behar zenean herrian, musika zekien bat bidaltzea eskatzen zuten organoa jotzeko, korua zuzentzeko edota klaseak emateko. Gaur egun musika eskolak daude, baina laguntza gehiago behar dute. Baina zer espero dezakegu? Diru asko egon denean ez da egin, beraz orain krisiarekin gutxiago! Nik dena den zuzendariak animatu nahi ditut: lana egin eta kementsuak izan daitezen, gu baikara koru baten %75a”.
"Argia"
2013-3-3
(laburpena)
No hay comentarios:
Publicar un comentario