2013-03-01

Lezeen Eguna



Luberri elkarteko 8 lezeak erdi prezioan bisitatzeko aukera izanen da martxoko lehenengo igandean.
"Ttipi-Ttapa"


"Gure inguruneko lezeetan barneratu eta milaka urte atzera egiteko aukera polita
izanen da martxoaren 3an. Laugarrenez, Euskal Herriko Lezeen eguna antolatu dute 
Luberri elkarteko zortzi kobetan. Nafarroako Zugarramurdi, Ikaburu (Urdazubi) 
eta Mendukilo (Astitz); Lapurdiko Sara, Gipuzkoako Arrikrutz (Oñati) 
eta Ekainberri (Zestoa), eta Bizkaiko Pozalagua eta Kobenkoba Karrantza)
lezeetan. Musika emanaldiak, sarreretan eskaintzak 
eta bisita gidatuak antolatu dituzte guztietan.
Eskualdeko lezeetan sarrerak erdi prezioan paratuko dituzte. 
Horrela, Zugarramurdiko Sorginen Lezean, helduek sarreragatik 1,75 euro 
ordaindu beharko dituzte eta 6-12 urte bitarteko haurrek euro bat. 
Astitzko Mendikulon, helduek 4 euro eta haurrek 3 euro; 
Urdazubiko Ikaburu lezean helduek 2,25 euro eta haurrek 1,25 
eta Saran ere tarifa apalagoak izanen dira. 
Sarrerarekin batera, zozketa batean parte hartzeko 
boleto bana emanen zaie bisitariei.  
Landa-etxe batean gau bateko egonaldia (gosaria barne) dago jokoan.

Ekimen bereziak

Zugarramurdiko Sorginen Lezeak, herrian barna bisita gidatu bat prestatu du. 
Sorgin batek, txoko berezienak erakutsiko dizkie bertaratzen direnei. 
Leku magiko honen inguruko kondairak kontatuko ditu eta sorginak 
bizi ziren etxeak ikusteko aukera ere izanen da. 
Bisitak bi hizkuntzetan eginen dira, 12:00etan euskaraz eta 17:00etan gazteleraz.
Urdazubiko lezean, Alkerdiko zuloa ikusteko aukera egonen da. 
Orain arte bisitarientzat itxia egon da 
eta duela 13.000 urteko margolanak daude bertan. 
Gehienez ere 30 laguneko taldeak bisitatu dezake zulo hau, 
horregatik interesa dutenek, aldez aurretik izena eman beharko dute 
948 599241 telefonora deituta.  
 Horretaz gain, bisitari guztien artean urteko edozein momentutan lezera 
berriro sartzeko aukera emanen dien, bi bonu zozketatuko dituzte.
Mendukilon berriz, lau bisita berezi eskainiko dituzte. 
Horiek girotzeko, lur-azpiko elementuak erabiliz musika sortu dute. 
Bisitaren lehenengo zatian, gida batek lezearen ezaugarriak azalduko ditu, 
ordu betez. Ibilbidea "Dragoiaren bizilekuan" amaituko da. 
Gela horretan, Juan Mari Beltranek sortutako musika entzuteko aukera izanen dute. 
Txalaparta oinarrian hartuta, estalaktita eta estalakmitek 
sortu dute ttakun-ttakun berezia. Lau bisita programatu dituzte dagoeneko. 
Bi familiak euskaraz 11:00etan eta 12:00etatik aitzinera gaztelerazkoak. 
Hitzordua eskatzeko 948 396095 edo 608623604 telefonora deitu behar da".

"Ttipi-Ttapa"                               
2013-3-1                               
(laburpena)                              

No hay comentarios:

Publicar un comentario