2015-09-09

Marie Louise Lekumberry



GARDNERVILLE-KO ‘JT’ OSTATUA

Marie Louise Lekumberry:"Euskaldunak ezagunak gara West-ean baina ez behar bezala"

Nevadako Gardnervillen ibiltzea ‘Basque West’en ibiltzea da. Baina ez soilik iragana duen horretan, geroari ere begiratzen dionean baizik. ‘JT Basque’ euskal ostatuko nagusiarekin bildu gara, Marie Louise Lekumberryrekin

Joseba Etxarri - Jueves, 20 de Agosto de 2015 - Actualizado a las 06:06h

Marie Louise Lekumberry Nevadan jaio zen bere aitak ostatua erosi zuen urtean.Argazkia: euskalkultura.com
Marie Louise Lekumberry Nevadan jaio zen bere aitak ostatua erosi zuen urtean.
Argazkia: euskalkultura.com


























Bizpahiru aste baizik ez dira Nevadako Gardnervillen, herriko Mendiko Euskaldun Clubaren urteroko piknik-besta eta honekin batera NABOren urteroko Euskal Kantari Eguna egin zirenetik. Western herri tipikoa da Gardnerville, kale nagusi luzekoa eta honen erdialdean koka-tzen da JT Basque edo JT ostatua, 1960ean Jean Lekumberry ortzaiztarrak, bere emazte amerikar Shirleyrekin eta gerora Euskal Herrira itzuliko zen bere anaia Pete-kin beste euskaldun batzuei erosi ziena. Geroztik, 1993an Jean bera hil ondoren ere, JTk gorde eta zabaldu du lau haizetara -bere seme-alaba Mari Louise eta JBri esker- aske eta bizi-bizirik Gardnervillen eta Carson Valley eremu osoan euskalduntasunaren ikurra. Urrutitik etortzen zaizkio bezeroak JTri, euskaldunak zein amerikanoak, famatuak baitira, besteak beste bere bildots saiheskiak eta idi txuleta lodia. West-eko egiazko ingurua da JT, euskal keinu eta istorioz josia, Zazpiak Bat-eko armarri handia jangela nagusiaren buruan.

Mari Louise, zu hemen bertan jaioa zara, zure gurasoek ‘JT’ erosi zuten urte berean. Lekumberrytarren ‘JT’ eta zeu adinkideak zarete.

-Bai. Aita 1947an etorri zen Nevadara, baina gurasoek 1960an erosi zuten ostatua, ni jaio nintzen urte berean, eta ni hemen hazia eta ibilia naiz geroztik gaurdaino.

55 urte daramatza beraz ‘JT’k zure familiaren eskuetan. Aurretik ere euskal ostatua eta euskaldunen biltoki zen.

-Gurasoek eta osabak beste euskaldun batzuei erosi zieten. Izan ere JT izena, Jaunsaras (J) eta Trounday (T) abizenei dagokie; biak baxenabartarrak ziren, aita bezala.

Ostatuaren eraikinak, baina, aspaldiagoko istorio luzeagoa du; ‘JT’ sinbolo eta instituzio da Gardnervillen.

-Batetik, herrian garai batean ugariak zeuden euskal ostatuetako azkena da, iaz Overland itxi ondoren. Baina bestetik gure eraikinaren ibilbideak gure erroak gehiago sakontzen ditu bailara osoko historian. Ibilbidea diot, gure egoitza den egurrezko West-eko eraikin osoa, bere horretan, Virginia City-tik ekarri baitzuten hona, garai hartan askotan egiten zen bezala. Eta hori Gardnerville herri gisa sortu eta gutxira gertatu zen, XIX. mende azkenean.

Duela urtebete Konderriko Historia Elkarteak bere lehenengo kontserbazio domina eman zizuen. Eta joan den maiatzean, elkarte bereko hitzaldi aretoak 150 bat jende bildu zituen bailarako historiari buruzko lehenengo istorio-kontatzaile zikloko aurreneko hitzaldian, zuei emateko eskatua, ‘JT’ren historia kontatzeko.

-Egia da gure ostatuak eta gure eraikinak historia aberatsa duela kontatzeko, eta egia da baita ere hori egin dezakegula bizirik eta lanean segitzen dugulako, segida emanez, gure ondoan zeuden beste hainbat leku bota egin baitituzte, itxi edo zernahi gisaz ez daude gehiago hor. Bestalde, aipatzen duzun hitzaldi hori aukera ona izan genuen euskaldunei buruz, eskualde honetan ehun urtetik gora daramatzaten euskaldunei buruzko hurbilpentxo bat egiteko.

‘Basque’ esan (euskalduna) eta jende guztiak entzun du hemen euskaldunei buruz. Uste duzu ez direla aski ezagunak?

-Hitzaldi horretan, esaterako, gure aitaren historiaren berri eman genuen. 1960etan gure amak, Euskal Herrira joan ginenean ateratako filme bat ere erakutsi genuen, eta bitxia da ikustea jende askok uste zutela Euskal Herria Nevada, Idaho edo Kaliforniako basamortuen modukoa izango zela; harritu egin ziren Ortzaize eta bertako inguru berdeak ikustean, eta ez zuten konprenitzen nola 22 urteko gazte bat etor zitekeen hura guztia eta familia utzita, hemengo basamortuetan ardiak zaintzen ibiltzeko. Arrazoiak, jakina, ekonomikoak ziren, han aurrera egiteko aukerak mugatuak baitziren oso. Hori, bistan da, gertatu zen, soilik Carson Valley gure bailara txiki hau kontutan hartuta, hemen 55.000 edo 60.000 buru ardi zeudenean, eta beraz lana. Hura zen orduan, behiekin batera, hemengo industria. Gaur ez da ardirik geratzen.

Hemen euskaldun esan eta zer datorkie burura.

-Bada hiru gauza esatekotan, esango nuke... picon punch (edari euskal-amerikar alkohol grado askoduna), bildots-saiheskiak... eta zerbait Espainia eta Frantziari buruz, baina arazoekin ezer zehazteko. Batzuk egingo lukete, baina askori kokatzea kostatuko litzaieke, eta hizkuntzari buruz, ez lirateke gutxi izango euskara espainola eta frantsesaren nahasketa dela esango luketenak. Euskaldunak ezagunak bai, baina sakontasunean, ezagutza horren kalitatea eskasa dela esango nuke.

Nola aurkeztu zer den ‘JT’?

-Gure bezero askorentzat, zerbait etxekoa da, lotura bat iraganarekin. Hona lehen aldiz etorri zirenean, euren guraso edo aiton-amonekin egin zuten eta familia erreferentzia da eurentzat. Euskaldunentzat, biltokia da, iraganari oraina eta geroa ematen enseatzen dena, gure aurrekoek markatutako bide eguneratuari jarraiki. Gardnervillen geratzen den euskal ostatu bakarra bada ere, bizi-bizi eta osasuntsu segitzen du, arrakastatsu. Euskal musika ipintzen dugu, maite dugulako, eta bertsolariak ere izan ditugu uda honetan, Euskal Herritik etorriak; aukera eskaintzen digutenean egiten dugu. Anaia eta biok hemen jaio gara eta gure etxea da hau. Eta bisitan datozen euskaldun guztiena ere izan dadin saiatzen gara. 




No hay comentarios:

Publicar un comentario