2015-09-07

Maite Collado


ATZEKOZ AURRERA. Maite Collado. Margolaria

«Kolorea maite dut, eta ausartu egiten naiz»


Erakusketa itxi berri du sortzaile nafarrak Ean (Bizkaia), eta datorren urtean olioak Bartzelonan jartzeko gonbita jaso du han. Bitartean, Donostiara itzuli da, «burua baretzeko».




www.berria.eus / 2015-08-20 / Edu Lartzanguren






Maite Collado (Biana, Nafarroa Garaia, 1950) zoriz hasi zen margotzen, baina kolorerako dohaina duela aurkitu zuen. Eako (Bizkaia) kiroldegiko erakusketa aretoan izan ditu aurtengo hamalau koadro. Erakusketa «arrakasta handia» izan da, eta burua iruzkin eta ideiez beteta itzuli da etxera, Donostiara.

Ordutegi kontu batengatik hasi zinen margotzen. Nola?

Etxean, ahizpak marrazten zuen oso ondo, neuk ez. Eskolan, behin, ez nuen marrazketa gainditu. Semeak, 8 bat urte zituenean, margotzen hasi nahi zuela esan zidan, eta, badakizu, adin hori dutenean taxilari lana egin behar duzu. Luis Telleria margolariaren tailerrera eraman nuen semea, eta eskola ordu eta erdikoa zenez, ez nuen astirik tartean etxera joateko eta itzultzeko... Orduan esan nion Telleriari: «Aizu, ba neuk ere margotuko dut». Han hasi nintzen, 8-13 urteko haurrekin marrazten.

Marraztu zenuen lehen gauza?

Tintontzi bat egin nuen, eta neuk ere ezin nuen sinetsi emaitza. Gero, Juan Albinekin ibili nintzen margotzen, zortzi bat urtez, helduekin.

Paisaiak, loreak, aulkiak... Erizaina izan zara lanbidez. Giza gorputza margotzeko gogoa kendu dizu horrek?

Erizaina izateaz gain, psikologoa ere banaiz. Beraz, ondo ikusita ditut gizakien gorputza eta gogoa. Saturatuta nagoela? Bada, bai. Halere, baditut pare bat giza figura, lehen garaikoak. Paisaia hauek ikusi egin ditut [mitxoletaz beteriko hegi bat agertzen du margoak]. Ez dakit non, baina ikusi egin ditut. Loreak, esaterako, begietatik jaso ditut, baina gainerakoa asmatu egin dut. Urria heltzen denean, Berastegira [Gipuzkoa] joaten naiz, Leitzarango koloreak ikustera.

Aulki huts baten bariazioak dituzu hemen. Zergatik margotzen dituzu gauza beraren sekuentziak?

Aulki baten garapena da. Aulki normal batekin hasi nintzen —hori oso erraza da—, eta gero hautsi egin nuen —zaila da hori—. Azkenean, erabat apurtu nuen aulkia. Lizentzia guztiak hartzen ditut. Edonola ere, objektua baino gehiago, koloreak bilatzen ditut. Kolorea maite dut, eta ausartu egiten naiz.

Zergatik erakusketa Ean?

Markel Madariaga lagun margolariari eginiko omenaldia izan da. «Lanak pilatu, eta erakusketa jarriko dugu Ean», esaten genion elkarri. Duela pare bat urte hil zen, ordea, eta ez genuen astirik izan. Gotzon eta Natxi lagunek antolatu zuten guztia. Erramun Landak idatzi zuen aurkezpena, eta Madariagaren alargun Miren Tere Landak irakurri zuen. Poz handia eman dit erakusketako bisita liburuan jendeak idatzi duenak.

Nola sortu da Bartzelonan erakusteko aukera?

Ateneo Barcelones aretoko erakusketen arduraduna etorri zen erakusketara. Bilduma alaia eta lasaia zela esan zidan, kolore interesgarriak zituela, ateneorako aproposa. Harrituta geratu nintzen.

Bartzelonan bada arte merkatua. Han asko saltzea espero duzu?

Bilduma oso salgarria dela esan didate, gainera. Eakoak kexatu egin zitzaizkidan: «Noski, orain, Bartzelonatik bueltan, salneurriak asko igoko dituzu!» [barrez]. Hemen ere saldu izan dut, halere. Donostian eta Bilbon egin nituen azken erakusketak, eta etxean utzi nuenarekin geratu nintzen.

Zergatik olioa? Poliki lehortzen denez, luze landu daitekeelako?

Bai, olioak aukera hori ematen dizu. Oso astuna naiz, behin eta berriz ekiten diot, buruan dudana hor ikusi arte. Niretzat, margotzea jolastea da, baina, batzuetan, asko haserretzen naiz margotzen, ez delako ateratzen nahi dudana. Borroka bat dago hor, eta koadroan ikusi egin behar da.



No hay comentarios:

Publicar un comentario