2015-07-15

Alkerdi








SOS Alkerdi Plataformak ezagutzera eman du Alkerdiko lezean aurkikuntza berriak egin direla
Ttipi-Ttapa 2015-07-03 07:54  XARETA  XARETA: URDAZUBI
Magdaleniense garaiko marrazkiak topatu dituzte Urdazubin, bisonte eta zaldiak irudikatzen dituztenak
Diego Garate eta Olivia Riverok zuzenduriko ikerketaren ondorioz irudi berriak agertu dira Urdazubiko Alkerdiko lezean. 2014-2015 bitartean eginiko ikerketaren ondorioak duela astebete argitaratu ziren lana laburbiltzen duen artikulu batean.

SOS Alkerdi Plataformaren erranetan aurkitutako irudiak «galeria estu batean daude eta beraiek gauzatzeko zailtasunak harridura eragiten du. Galeria horretan hogei bat irudi agertzen dira grabatuta, bisonteen marrazkiek gehiengo nabarmena dutelarik, hala ere zaldi batzuk ere aurki daitezke. Horrez gain, hatzarekin margotutako bi puntu gorri ere agertzen dira. Irudi hauen itxurak Magdaleniense garaian kokatzen ditu, duela 14000 urte inguru».
Aurkikuntza berri honek aurretik ezagutzen ziren irudien kopurua biderkatzen du –diote Plataformakoek-, Alkerdiko kobazuloa hormako artedun kobazuloen mapan gorengo postuetan paratuz. Hau izan daiteke azken urteotan Nafarroako historiaurrearen inguruan egindako aurkikuntzarik garrantzitsuenetakoa.

Nafarroako Paleolitikoaren adibide ezagun bakarra
Plataformaren iritziz, Alkerdiko lezean eginiko aurkikuntza berriak, Urdazubiko ondarearen garrantzia handitzen du, izan ere Alkerdi da Nafarroa mailan Paleolitiko garaiko hormako irudiak dituen kobazulo ezagun bakarra. 1933 urtean Norbert Casteret espeleologo frantziarrak eman zuen bertan aurkitzen ziren berri lehen aldiz. Geroztik J. M. Barandiaran, Lorianako Markesa, Maluquer de Motes bezalako ikerlari garrantzitsuek bisitatu zuten kobazulo hau artikulu ezberdinak argitaratuz. Hala ere, bertan lan gehien egin duen eta informazio zehatzena eman duen arkeologoa I. Barandiaran izan da 1974 eta 1994 urteen artean hainbat kanpaina egin baitzituen.


No hay comentarios:

Publicar un comentario