Bizitzaren harira
Ibai baten ertzetik oinez ibiltzean, bizitza bat harilkatzen dugulako irudipena hazten doakigu. Hala agitzen da Biduze errekaren kasuan, Donaixti gainetako harpe zulo ilunetik xirripa jazartzen denetik Aturri lasai eta zabalera, bere ur argi nasaiak isurtzen dituen uneraino jarraitzean. Samatzeko zubi azpian bukatzen da bidaia aberatsa. Aldion metaforak errealitatea zurkaizten duela garbi dago.
Erdi Aroan merkantziak Baionatik jaisten ziren gabarretan Akamarren, oraindik ere miresten ahal den Port Biduze izeneko moilan
Europa Berdearen aurreneko esperimentuak Biduze hegian egin ziren: lur berrantolaketak, aintzira zulatzeak...
Biduzen ezpondetako bide ugariak bihurdikatzen dabiltza. Erromatarrek, Nafarroako armadetako soldaduek eta Santiagorako beilariek zapaldu zituzten. Donapaleu gaineko Gibraltar gunean bilbatzen dira Puy en Velaytik, Toursetik eta Arlestik datozen xendra nagusiak, Ibañetaraino luzatzeko.
Gaur egun Donejakuerako txirla moldeko zigiluaz seinalatuak dira: martxo eta urri artean milaka pertsona pasatzen dira Arankuetik Larzabalerainoko zidor puska airosean. Izura eta Arroze zaindari dauzkate ibaiak eta bideek. Arrozen kausitzen da aspaldian berritzen ari diren teilaturik gabeko baseliza harrigarria.
Donapaleura joan da herrietan zen bizia
Donapaleu da Biduzek hazkurritzen duen eremuaren birika. Abantzu 2.000 biztanle kontatzen dira armarrian esmeraldazko bihotza troxatzen duten Nafarroako kateak dakarzkien hirian. Eskualdeko zerbitzu publikoak, eskolak eta ikastola, gasolindegiak, supermerkatuak bertan biltzen dira jadanik, herrietakoak hondar hiru hamarkada hauetan desagertzen joan ondoan.Lan-tokia zerratu ziotenean, Larzabaleko postako anderearen sentimenduen berri irakurri genuen Iparraldeko Hitza, Berria egunkariaren gehigarrian. Baserri guneetan askotan errepikatu den historia. Aiziritze, Unaso, Garruze edo Behaskane, Donapaleun edo Baionan lanean ari direnen lo-hiriak garatu dira ikaragarriki: etxe berriak eraiki dira, norberaren natura eta hiritik urruntasunezko ametsak egiaztatuz.
Gabarren garai urrun hura
Donaixti eta Gixune artean herri gotorrak zeharkatzen dira, hala nola Donaixti, Jutsi, Larribarre, Burgue, Akamarre, Bidaxune eta Gixune.Biduze ontzizka daiteke Samatzeko ahotik Akamarreraino. Erdi Aroan Baiona zen Nafarroako erregeen portuetatik bat eta merkantziak jaisten ziren gabarretan Akamarren, ibai bazterrean oraindik ere miresten ahal den Port Biduze izeneko moilan: Salieseko gatzak ederki kontserbatzen zituen Amikuze oihan komunaletan hazi urde azpiak, ardi eta behi haragiak, arto eta ogi bihiak, baratzekariak, oihalak, baserrietan ekoitzi teilak eta brika gorriak.
Gabarrak kargaturik itzultzen ziren Baionatik, piper beltza, kafea, txokolatea, mundu mailako komertzioaren emaitzak utziz Gixuneko, Bidaxuneko eta Akamarreko portuetan. Hortik aitzina bizidunen bizkarrez edo idiek tiratu orgaz helarazten ziren aberastasunak ibar zokoratuenetara.
Lehengo eiherak, orain bizikeku
Ibaia ekonomia zuhurra errazten zuen tresna erosoa zen. Ontasun eragilea ere bai. Biduze jarraitzean ohartzen gara eihera edo errota franko badirela. Herri bakoitzak bat baino gehiago eduki zezakeen bihi mota guztiak ehotzeko: gorago aipatu artoa eta ogia, bai eta espalta, zekalea edo garagarra.Eihera parrasta bat bizileku bihurtu dira, bakarrek beraien aitzinako funtzioa atxiki duten arren, eiheren eguna ospatzen denean bisitatzeko gisa. Ilharreko Gabriel zenaren errota erraldoia laster saparren, belarren, asunen eta zuhaitz salbaien abarrek ezkutatuko dute. Ibaia mozten zuen nasa ageri da oraindik, une batean edo bestean, galerna batek hautsia. Errota borobil abandonatuak bermatzen dira baratze-erakustokien belardietan, bere oinarrizko zereginetik urruti.
Biduzeren haran zabala laborantza berriaren laborategi antza altxatu zuten Oragarreko auzapeza zen Jean Errecart garatzaile demokrata-kristauaren zuzendaritza pean Bigarren Mundu Gerratik landa. Amikuzeko nekazari haboroxenak etxetiarrak izanki, hirietara partitzeko lehen bagoietan urtzen ziren hauen haur andanak. Gabadi zolako, Labetze ala Zohaztiko zelaietan ibiltzean baserri utzien kopuruak galderak pizten ditu ibiltariarengan.
Landa-exodoa
Europa Berdearen aurreneko esperimentuak Biduze hegian egin ziren, lur berrantolaketak, aintzira zulatzeak, Lur Berri kooperatibaren eta laborantza lizeoaren sortzeak, ausazko igerilekuak eta sendatzeko klinika eraikitzeak Donapaleun. Landa-exodoa mendratu zen eta Donapaleuko kantonamendua askoren laneko leku bihurtu.Behiak, ardiak, zaldiak alhatzen dira larre eta pentze berdeetan. Edozein baserritara hurbiltzean antzarak eta ahateak aditzen dira karrankaz bereziki Donapaleu eta Gixune artekoetan. Urte bukaeretako oturuntzetan zerbitzatzen den gibel ospetsua hor ekoizten da. Baratzezaintza asko ere kausitzen da abere hazkuntzaren osagarri. Azken hamarkada hauetan laborantza organikoak ere bere esparrua handitu du Biduzeren ibarrean.
Garai berdinean halaber udatiarrak eta ibiltariak ongi hartzeko egiturak plantan jarri dira. Oro har Biduze hegiko jendeak xinaurriak bailiran tematzen dira bizibidea atera asmoz, guztiak juntatzen direla ostiraletan Donapaleuko merkatu estalian, Oztibarre eta Amikuzeko berriak –ez bakarrik– trukatzeko.
Nortasun handiko herrien haria
Donaixti, Bunuze, Arroze, Izura, Jutsi, Larribarre-Sorhapürü, Uharte Amikuze, Behaskane, Donapaleu, Aiziritze, Gamue-Zohazti, Amenduze, Gabadi, Labetze, Ilharre, Burgue-Erreiti, Erango, Akamarre, Bidaxune, Gixune, Samatze: Biduzeren 80 kilometroetan lerrokatzen dira nortasun handiko herriak. Hasieran ibaia hertsia eta zuzena baldin bada, Aturrira botatzear denean nagitzen doa, sugetzen bezala, bihurgunez bihurgune, lur buztintsua errazagoa delako urratzeko.Bidaxunetik gora, isilik eta lasai, isurtzen da amiamokoak, belardi erraldoiak, zurzuriak eta uretan arrain oparoak gerizatuz. Amikuzeko oihanaren saihets bat balakatzen du errekak Erango eta Bidaxune artean: Apatarenea xirriparen inguruan hedaturiko oinezko ibilaldi ludikoa preziatu daiteke edozein sasoitan, laritzen, pinuen, haltzen, astigarren eta haritzen freskotasunaz baliatuz.
Bazter eleanitzak
Biduzeren ertzak hizkuntzen aldetik polifonikoak dira. Oztibarre eta Amikuzen noski euskara da ezpainetara jaukitzen, baina Bidaxunetik hara okzitaniera –gaskoiaren musikaz...– nahasten da euskararen aztarnekin batera. Akamarren, Gixunen ala Bardozen badira oraino euskara ezagutzen duten adinekoak. Uste izan zen duela 30 urte hauetan euskara galduko zela Amikuzen baina alderantziz suertatu da: hiztunak gaztetzen joan dira bereziki Donapaleu zein Izurako ikastolei eta Larzabaleko Manex Erdozaintzi-Etxart kolegioei esker. Dagoeneko eskola elebidun guztiz gehienetan zenbait orduko euskararako hurbilketa kurtsoak badituzte.Kultura alorra jorratzen jarraituz, erantsi dezagula, Donapaleun zohitu zela Erdoi anderearekin ezkontzeko Mauletik etorri Allande Oihenart distiratsua XVI. mendean, Ibarlako Manex Erdozaintzi-Etxart poetak egun lantsuak eman zituela Frantziskanoen egoitzan eta Eñaut Etxamendik Izurako Ellande Larralderekin batera bazterrak harrotu eskualde utziaren etorkizuna a capella abestuz. Ahantzi gabe Antton Luku, Amikuzen sortua hori ere.
Donaixtiko harpeak, Biduzeren iturria
Bidaia bukatzen dugu, Biduze erreka lurraren sabeletik jazartzen den harpearen magalean. Arbailak izeneko mendi mazela kaltzikoaren maldan aurkitzen diren kobak Donaixtikoak dira. Hiru oreneko joan-etorriak begiak eta gogoak asebetetzen ditu beti.
Jatorrizko magmarekiko
zilborra ez du mozten Biduzek: zulo ilunetik dator, berehala ur
zohargizko putzua moldatuz eta harri leunetan behera lehiatuz. Udan
errekaren oheak idor-idorrak dira eta neguan alabaina gainezka eta
ibilbideak lohiz irristakor. Harpearen sarreratik zuhaitzen itzalak eta
argiak ikustean munduaren hasiera unean gaudela dirudigu.
Biduzeren joanean jada edozer gertatu daiteke.
Biduzeren joanean jada edozer gertatu daiteke.
"www.argia.eus"
Itxaro Borda
2015-2-1
(laburpena)
No hay comentarios:
Publicar un comentario