2015-06-19

Oskorri





















"Euskal Herriko talde garrantzitsuenetakoa izan da Oskorri, hainbat belaunaldirentzako erreferentzialenetakoa. Herri musikatik edan duena, baina ez dena soilik horretara mugatu. «Oskorrin badakigu zer ez dugun egiten, baina inoiz ez dugu izan inolako ideologia musikalik. Argi izan dugu beti ez garela rock talde bat, pop talde bat, eta gure hanka bat beti dagoela tradizioan (...). Kantu asko guk egindakoak dira, eta guk egindako kantu horietan mila eragin aurki daitezke. Beraz, bi hanka edo bi zutabe horiekin egin da Oskorriren soinua eta estiloa: batetik, tradizioa, bai doinuen eta bai instrumentazioaren aldetik; bestetik, modernitatea, bai sortutako gauzetan eta bai sonoritatean eta instrumentazioan», adierazi zion Bixente Martinez Oskorri taldearen zutarrietako bat izandakoak BERRIAri 2011ko abuztuan.

Baina 40 urteko ibilbidean 30 diskotik gora kaleratu ostean, Oskorrik desegitea erabaki du. Natxo de Felipe taldearen sortzaile, abeslari eta arimak ez du erabakiaren arrazoien berri eman nahi izan. «Zirkunstantziak ez dira oso aldekoak kulturarentzat; zer esanik ez euskal kulturarentzat...», adierazi du Martinezek. Taldeko gitarrista eta mandolina jotzaileak ez du, halere, azalpen gehiago eman nahi izan. Jakinarazi dute, ordea, iraila eta azaroa bitartean agurreko zazpi kontzertu emango dituztela: aurrenekoa, Getxon, eta azkenekoa, Bilbon, taldearen jaioterrian, hain zuzen —laster zehaztuko dituzte datak eta tokiak—.

Orain hilabete batzuk hartu zuten erabakia Oskorrikoek. Dantza kontra dantza (Elkar, 2011) izan zen azken diskoa —DVD bat ere bazuen—, eta lan horretako hamalau kantuetan Frantziako Iraultzan galdutako doinu eta dantzen «bertsio modernoa» ondu zuten, Baztango Dantzariekin batera. «Oskorriren lanik landuenetakoa da», aitortu zuen De Felipek orduan.

Duela bi urtekoa da taldearen azken proiektua. Gabriel Aresti bizsitan emanaldian, Gabriel Arestirekin eta haren eraginez sortutako kantuak eskaini zituzten, «nostalgiarik gabe baina hurbiltasunez». 2013ko otsailean estreinatu zuten. Sasoi bertsuan, pare bat hilabete geroago, Oskorrirekin pilatutako esperientziaren ondorioz ikasitakoez mintzatu zen De Felipe BERRIArekin, 2013ko apirilaren 5ean argitaratutako elkarrizketan: zentsura ofizialaz, ETAk haien aurka egindako atentatu saioez, igarritako kulturarekiko axolagabekeriaz eta sorkuntzak dakartzan sakrifizioez, besteak beste. Hauek esan zituen, adibidez: «Herri honetan, kritika ideologikoaren eta atentatuaren arteko muga oso lausoa zen»; «Ni intseguritate absolutuan bizi izan naiz, eta bizi izan naiz nire emaztearen soldatari esker»; «Guk kontatzeko ditugunak askoz ere larriagoak dira kontatu ditugunak baino»; «Gure nostalgia nagusia da lastima bat dela karpetan dauzkagun sei-zazpi proiektu horiek publikatu ezina»; «Euskal kulturaren kontu hau da gezur ikaragarri bat».

Gabriel Aresti lagun zuenaz ere hitz egin zuen De Felipek. Taldearen lehen disko luzean, Gabriel Arestiren oroimenez-en (1976), haren poemak musikatu zituzten. Izan ere, hasieran, poeten (Gabriel Aresti, Bernat Etxepare, Jon Mirande, Joseba Sarrionandia, Koldo Izagirre, Joxe Austin Arrieta...) testuak baliatzen zituzten —Xabier Amurizarekin ere estuki lan egin zuten—, baina, urteek aurrera egin ahala, tarte handiagoa egin zieten bai kantu herrikoei, bai eta bertsolarien (Jon Sarasua, Jon Maia, Maialen Lujanbio...) eta beste idazle batzuen hitzei ere (Harkaitz Cano).

Argitaratutako bostehun bat kanturen ondarea utzi du Oskorrik, eta, ibilbide oparo horretan, antzerkirako, zinemarako eta haurrentzako ikuskizunetarako musika ere landu du. Gainera, haien zenbait kanturen bertsioak egin dituzte: Celtas Cortosek Aita semeak, eta Ruper Ordorikak Emazurtz, adibidez.

Ikurra, halere, agur esatera deliberatu da. Zera adierazi zuen duela bi urte De Felipek: «Gu ez gaude bukatzeko asmotan. Egoera dago gu akabatzeko puntuan. Guk ez dugu inongo asmorik akabatzeko».



"www.berria.eus"                                
2015-6-16                                
(laburpena)                                



No hay comentarios:

Publicar un comentario