2014-09-18

Felipe Gorriti




"AusArt diskoetxearekin batera Bierrik Fundazioak, bere bazkide eta sakandar musikazale guztiei, Sakanako musikari handi baten obra eskuratzeko aukera eman dute: Felipe Goirriti musikagile, kapera-maisu eta organo-jotzailea. Diskoetxearen eta fundazioaren eskaintzaren bidez musikazaleek Uharte Arakilgo musikariaren bost disko eskuratzeko aukera izanen dute. Bierrikeko bazkideek merkeago erosteko aukera izango dute.

Bost diskoak

Eskaintzaren lehen diskoa Musika Klarisarentzat da. Stabat Mater (1871); Agur Doloretakoa (1871); Misa en Re (1892) eta Tota Pulchra (1894) lanak biltzen dira diskoan, Loiolako Nazioarteko Jaialdiko orkestrak bakarlariekin lagunduta.

Bigarren diskoak Requiem aeternam izenburua du. Hodeiertz abesbatzak abestutako bi lan jasotzen dira: Misa de Requiem eta Magnificat para Difuntos. Baita Goikobalu abesbatzak kantatutako Misa pro defunctis lana ere bai.

Agur Jesusen Ama- Antologia da hirugarren diskoaren izenburua. Bertan agertzen dira Agur Jesusen Ama abesti ezagunaren bi bertsio; Tota Pulchra; Surge Propera; Lamentationae; Magnificat del Corpus; Gradual de la Misa de Natividad.

Laugarrena Miserere Mei da. Bertan bi obra grabatu dituzte Loiolako Nazioarteko Jaialdiko orkestrak eta bakarlariek Javier Bello-Portu zuzendariaren gidaritzapean: Miserere en sol mayor (1861); Gran Miserere (1892).

Azkenak Lamentaciones-erostak (1877) izenburua du. J Bello Portuk zuzentzen ditu V. Canale, sopranoa; P. Landrigridge eta D. Johnston tenoreak eta R. stalman baxua.

Eskaerak
948 564 275 edo 948 562 107 telefonoetara hots eginez edo bierrik@guaixe.net e-postara idatziz eskatu daitezke. Bazkideek 22 eurotan erosi ahal izango dute bilduma osoa, ez direnek, berriz, 25 eurotan.

Polifonia errenazentista
Gorritik lortutako fama eta mailaren adierazgarri nagusi Pariseko Société Internationale des Organistes et Maîtres de Chapelle-en konposizio lehiaketetan lortutako arrakastak dira. 1881az geroztik zazpi aldiz aurkeztu zen hilero antolatzen ziren lehiaketa hauetara eta bertan lau lehen sari eta hiru lehen aipamen lortu zituen. Bere katalogoa 250 bat lanez osatua dago, gehienak erlijiozkoak.

Gorritiren konposizioen azterketak erlijio musikaren momentu interesgarri bat azaltzen digu, non ondoan ezartzen diren Italiako opera estiloa (bereziki Bellini), Europa erdialdeko erromantizismoa, Frantziako organo irakaspena, folklore musikaren eragina eta Alemania, Italia eta Frantzian gertatzen ari zen erlijiozko musikaren erreformarekin zenbait ezaugarri zituen, kantu lauaren tratamendua edo estilo soilaren erabilera polifonia errenazentista hartzen duelarik eredutzat.

Produkzioaren artean azpimarratzekoak dira Misa en Do; ahots zurirentzat idatzitako Misa en Re; Miserere "Viejo" eta Miserere "Grande"; Ecos de Andía eta, besteak beste, Agur Jesusen Ama, Ama Birjinari eskainitako abesti ezaguna.

Biografia
Jaioterriko idazkari-organista zen Leon Gorritik, eman zizkion lehen musika ezagutzak Felipe Gorritiri. 11 edo 12 urte besterik ez zituela Tafallara bidali zuen Jose Preciado kapera maisuarekin ikasi zezan. Aurrerago pianoa eta harmonia ikasi zituen. Ondoren Tolosako Santa Maria kaperako Candido Aguayo kapera maisuaren ezagutzak jaso zituen, eta 1856ko irailean Madrilgo Errege Kontserbatorioan sartu zen.

Bere heziketa oraindik bukatu gabe zuela, 1859ean, Tafallako Santa Maria parrokiako kapera maisu eta organista postua eskuratu zuen oposizio bidez. Orduan hasi zen fama lortzen eta inguruko herritako dizipuluak erakarri zituen. Tafallan, kaperako musika zuzendu eta bere lan azpimarragarrienak idazteaz gainera, hasiberria zen musika-banda antolatu zuen. 1860an Eugenia Izurekin ezkondu zen eta bost seme-alaba eduki zituzten.

1867an Tolosako organista eta kapera maisuaren plaza libre gelditu zen eta oposizio bidez eskuratu zuen (1867ko urria). Hil arte egongo zen bertan. Santa Maria parrokian bere eliz lanak interpretatzeko 28 musikariz osaturiko kapera zeukan, gizonezko abeslari eta hari eta haizezko instrumentuez osatua zegoena. Era berean, Tolosan musika-banda zuzendu zuen eta irakaskuntzan ere ibili zen. Gorriti Uharte Arakilen lurperatua dago".


"http://guaixe.net"                                        
2014-9-5                                        
(laburpena)                                        


No hay comentarios:

Publicar un comentario