Xabi Martin Hervé Parachourekin, Sarrigainearen aitzinean. (Dani Blanco)
"Xabier Martin (Deustu, 1984) Buenaventura Durrutiren leinukoa da. Grinaz bizi du euskaltasuna: www.iparra.eus-en egilea da. Bere arbasoen jatorria ezagutzeko nahia ere azaldu digu. Durrutitarren zuhaitz genealogikoaren bila emandako urratsak ez zaizkio alferrikakoak izan. Zoriak Xabier Elosegi ikerlariarengana (1937, Tolosa) bideratu du: “Nire amamak Durruty eta Etchegaray familiak haserretu zirela kontatu zidan behin”, diosku Xabi Martinek. Durrutitarren sortetxeak Aiherran zeudela bazekien Xabik, baina besterik ez. Iaz Aiherrara hurbildu zen neskalagunarekin: “Arbasoen etxerik topatu ez, eta kanposantura joan ginen. Durruty izen pila ikusi genituen bertan”.
Hilerrian, bilatzen ari zirena azaldu zioten herritar bati. Aiherrakoa den Eñaut Elosegirengana bideratu zituen. Honek berriz, aitarengana, Xabierrengana: “Ispasterreko mutiko batekin topo egin dut. Durrutiren ahaide dela esan dit”. Elosegi aitak Durruti anarkista ezagutzen zuen, gaztetan irakurria. Haren pasadizo gogorrak ditu gogoan: “16 urteko mutiko bat erori omen zen anarkisten eskuetan eta Durrutik esan zion ‘edo gerlara zatoz gurekin edo hilko zaitugu’. Eta garbitu omen zuten”. Omen. Gizon gogorra zela zioten: “Gerratean Teruelgo Caspe herria hartu zuen, baita ia Zaragoza ere. Sekulako kontzientzia zeukan, bere ejertzitoan ez zegoen hierarkiarik. Apaiza anarkista bat ere berarekin ibili zen, anarkista baino gehiago durrutista...”.
Durrutiren borroka “buruz burukoa izan zen, klase borroka” izan zela dio Elosegik. Durruti sindikalismoan hasi zen, sozialismoan, baina biguna zelako anarkismora bide egin zuen. Hierarkiak zirela-eta gorabeherak zeuden orduan, baina, batez ere, orduko jendeak gogorrak ziren. Elosegik azpimarratzen duenez, “garai hartako sozialistak oso gogorrak ziren, pentsa”.
Xabi ezagutu ondoren, Buenaventura Durrutiren zuhaitz genealogikoa areago inarrosi du Elosegik: “Laurent Durrutyren ezkontzaren agiria aurkitu nuen. Xabiren hirugarren aitatxi da. Laurent [Espainiako] Leonera joan zen durrutitarren azken gizaldikoa da. Aiherran sortu zen 1842an. Leonen ezkondu zen 1865ean, Josefina Malgorrekin, euskaldun jatorrikoa hau ere. Malgorren etxea, Labetze-Bizkain (Nafarroa Beherea) dago.
Aiherratik Leonera
Laurent Durruty gaztea, 26 urte zituen, Leonen Lorenzo bihurtzen da eta zenbait urteren ondoren Aiherrara itzuli zen. Lau urte lehenago ezkondu zen Leongo Udaletxean. Aiherrako Herriko Etxean egon zen. Ezkontza agiriaren transkripzioa egitea eskatu bide zuen. Elosegik aurkitu du agiria, espainieraz, frantsesera ere itzulia: “Bitxia da. Transkripzioa nahi zuen. Zergatik?”. Hipotesi bat bota du ikerlariak: “Etxea premuari ematen diote. Alabaina, dotea beste seme-alabari eman ohi diote hau ezkontzen denean...”. Laurent Durruti Buenaventura Durrutiren aitona zen. Zortzi haurrideen artean –guztiak Sarrigainean sortuak– zazpigarrena zen. Zergatik joan zen Leonera?: “Goseak edo ezin egonak bultzaturik. Misterioa”. Euskaldunak Ameriketara emigratu ohi ziren garai hartan.
Durruti abizena ezaguna da Leonen. Durruti enpresa elektriko bat dago han. Haren ondorengoarenak, naski; aurri-zorian dago orain. Leon hiriburua txikia zen orduan, 20.000 biztanlekoa. Klase eta langile borroka handia zegoen: “Laurent joan zenean larru-ontzailea zen. Josefina Malgor neska horren aitona ere hemendik nonbaitetik joana zen lanera Asturias aldera. Neska horren aita Navian (Asturias) ezkondu zen. Genealogia hori nobela bat idazteko modukoa da”. Durruti eta Malkorren ezkontzako lekukoa Jacques Eguiagaray da.
Ignacio, Santiago, Mariano...
Laurentek lau seme izan zituen, gutxienez. Gehiago ere izan daitezke. Santiago Anastasia Dumontekin ezkondu zen (Dominguez izena ipini zioten gero). Santiago pobrea zen, garaiko langileak bezala, borrokalaria, sozialista. Leonen sortua, bertan zendu zen 1931n.
Lorenzo Durruti Rabadan, Xabi Martinen birraitonaren anaia Cecilio Durruti Rabadan izan zen. Cecilio, 1912an sortua, Antolina Prieto Gutierrezkin ezkondu zen. Bien semea industrialaria izan zen: Ignacio Durruti Prieto. “Zure amonaren lehengusu hori 2011n zendu zen –Xabierrek diotso Xabiri–. Bada ere Maria Pilar Durruti Prieto izeneko andere bat, Getxon bizi dena (Areetan). Ignacio Durrutiren berri zehatzik ez dut aurkitu. Ez dakit ere Maria Pilar horrek –familiakoa baldin bada– ondorengorik baduenetz”. Xabierren bilatze lana gaitza izan da. Xabik esker oneko berbak besterik ez ditu berarentzat.
“Laurenten semea, Ignacio, zaharrena, Buenaventuraren osaba, Facunda Rabanarekin ezkondu zen. Hainbat seme-alaba izan zituzten. Bonifacio horietako bat. Maisua, falangistek hila. Nik Lorenzo eta Cecilio izenak aurkitu nituen, baita Raquel ere. Raquel Durruty Bertolekin ezkondu zen. Raquel Durruti nire amona zen. Nire aita berriz, Javier Martin Durruti” dio Xabik.
Bertol futbol jokalari izan zen. Zarrarekin jokatu zuen Athleticen. Xabiren amama horren aitonarekin ezkondu zen. Martin abizena zuen: Juan Martin. Xabiren aita Javier Martin da: “Ni neu Martin Martin naiz. Nire ama ere Martin baita. Aitari esan nion erregistrora joateko eta amamaren lehenengo abizena lehena jartzeko: Durruti. Durruti nire hirugarren abizena da”.
Xabi Martinek Durruti izena berreskuratu nahi du. Madrilera joan beharko du izapideak bideratzeko. Alabaina, bere arrebak ere prozesu bera bete behar du, bestela ezinezkoa izango zaio izena aldatzea: “Kontua da nire aita Javier ere badela. Aitak abizena aldatu du jadanik. Javier Durruti Martin bihurtu da eta ni ere hala izango naiz”.
Sarrigainea, Ixuribeherea eta Espertategia
Durrutiren bizitza nobela baterako baino, nobela da. Frantzian, Kuban eta Hego Amerikan ibili zen Espainiako gerra zibila hasi aurretik. Haren arbasoen etxaldeetara hurbildu gara Xabi eta Xabierrekin. Aiherrako Sarrigainea, Ixuribeherea eta Espertategian egon gara. Elosegik haien arbaso Buenaventura nor izan zen azaldu die kartsuki: “Anarkista eta aszeta izan zen, baita liburuen artean bizi ere. Anarkistak jende ikasia zen. Parisko emakume batekin ezkondu zen. Collette alaba ukan zuten. Bizitza ikaragarria izan zen eurena. 1936an hil zuten. Bartzelonan ehortzia izan zen, hiria kolapsatu zuten...”, kontatu die Hervé Parachou, Mizel Etcheberry eta Ttomas Darraidouren gurasoei: Aiherrako Sarrigainea, Ixuribeherea eta Espertategia etxaldeen nagusiak hurrenez hurren. Hauek harriduraz entzun diote Elosegiri.
Laurent Durruti Leonera joan zenean, Aiherran elebakarrak izango ote ziren aipatu dugu: “Bai, noski. Frantses eskola Jules Ferry-rekin uniformatu zen, 1870ean. Hezkuntza apaizen eskoletan zen ordura arte. Herritar xumeek sinadura egiten ez zekiten orduan”.
Guk, anartean, zoria dugu gurekin, Hervé Parachou (Sarrigainea), Mizel Etcheberry (Ixuribeherea) eta Ttomas Darraidou (Espertategia) gazteak euskaldunak baitira. Graxien eta Gaxuxa Hervéren aita-ama dira. Hervéren aitona-amonak Jean Pierre eta Marie, birraitona Jean-Baptiste Parachou Durruti. Honen birraitona Dominique Durruti Ixuribeheretik Sarrigainera ezkondu zen".
Ixuribeherekoa Mizel Etcheberry gaztea da, hautetsi abertzalea Aiherran: “Durrutietako bat, hemen sortua, Sarrigaineko alaba batekin ezkondu eta hango nagusia bilakatu zen. Bi belaunaldi bizi izan ziren Sarrigainean”, azaldu die Elosegik Mizelen aita-amari. “Haren seme Laurent Espainiara joan zen berantago eta han ezkondu. Buenaventura Durruti famatua haren biloba izan zen. Iraultzailea. Honen (Xabi) amatxiren aitatxi Durruti famatuaren aitaren anaia zen...”. Etcheberrytarrek ahobete hortz behatzen diete Xabiri eta Xabierri.
Ixuribeheretik Espertategira joan gara. Bi etxaldeak elkarren ondoan daude. Abertzaleak dira hauek ere. Elosegik eta Martinek Durruti familiaren ibilbidea azaldu die Ttomasi, honen guraso eta osabari: “Durrutitarrak Sarrigainera heldu ziren Ixuribeheretik, baina, Durruti hura, gaur egun Espertategia izena duen etxalde honetara Lekorneko Soroeta etxaldetik heldu zen. Marie Londaitz (1745eko maiatzaren 15ean sortua) eta Dominique Durruti (1741eko uztailaren 3an sortua) ezkondu ziren etxe honetara.
Espainiar iraultzaile ospetsua
Buenaventura Durruti Leonen sortu zen 1896ko uztailaren 14an. XX. mende hastapeneko langile-borroketan aritu zen eta parte-hartze handia izan zuen 1936ko Gerran. Lehenik sozialista izan zen, baina gaztetan sozialistak utzi eta mugimendu anarkistaren ikurra bilakatu zen. Gerra hasi aitzinetik aitzindaria zen, eta are aitzindariagoa bilakatu zen 1936ko Gerran. Aragoi eskualdean hainbat gudutan garaile jalgi zen, eta iraultza anarkista antolatu zuen bereganatu zituen eremuetan: aberatsen lurrak laborariei emanez, dirua deuseztatuz, eta abar... Francoren aldekoak Madril erasotzekotan zirelarik hara joan zen zenbait mila soldadurekin. Madrilen hil zuten 1936ko azaroaren 20an.
Xabier Elosegi ikerlariak erran digunez, data harrigarria da azaroaren 20koa. Egun berean hil ziren, besteak beste, Jose Antonio Primo de Rivera, Buenaventura Durruti, Francisco Franco, Santi Brouard eta Josu Muguruza. Guztiak erailak, Franco salbu.
Xabier Elosegi ikerlariaren laguntzaz
Xabier Elosegi tolosarra anarkista iraultzailearen jatorriaren arrastoan murgildu zen buru-belarri, Xabi Martin gaztea Buenaventura Durruti bere arbasoaren jatorria bilatzen ari zela jakin zuenean. Xabi Ispasterren bizi da eta Xabier Baionan. Elosegi ikerlariak Aiherrako Sarrigainea, Ixuribeherea, Espertategia eta Lekorneko Soroeta etxaldeko bizilagunen zuhaitz genealogikoa sakon aztertu eta bederatzi belaunaldiren kronika osatu du: senideen eta etxaldeen izenak, jaiotzak eta heriotzak, ezkontzak...
“Durruti eta Malgor Iparraldeko deiturak dira. Horra non atzeman dudan Aiherrako ezkontzetan 1869-11-13ko agiri bat. Bertan erraten denez, larrugile eta aihertarra den 26 urteko Laurent Durruty (azken urtetan Leonen bizi dena), bere jaiotetxera etorririk, haren ezkontzaren transkripzioa egina izan dadin galdegiten du...”, idatzi zigun e-postaz Xabier Elosegik orain hilabete batzuk".
Mikel Asurmendi
www.argia.com
2014-9-7
(laburpena)
No hay comentarios:
Publicar un comentario