"Argia" |
"Hegoko lautadaren ertzetik disko berriarekin euskal
musikagintzaren
lehen lerrora itzuli zarete. Laster iturri zaharretik ur
berria edaten arituko da zaletu ugari.
Balerdi Balerdi agertu zenean genuen inpresioa zen gure musika oso
gutxik zutela gustuko, orain badirudi lehenengo disko horiek hobeki
ikusita daudela. Gu geu ere musika kontuetan zalantza askorekin ibili
gara. Batzuetan rocka egiten genuen, eta besteetan poperoagoak ginen.
Disko berri honetan kantuetako batzuk folk estilokoak dira.
Ez zarete bat-batean eta ezustean itzuli. Aro txikia igaro zen tartean,
Balerdi Erdi izenez emanaldi batzuk egin zenituztenean.
Orduko ideia Balerdi Balerdiren kantak eta aurreko taldeetan jotzen
genituen batzuk berreskuratzea zen. Balerdi Erdi izena hortik zetorren,
kantutegiaren erdia gure aurreko beste talde batzuetakoa zelako. Kantu
berriak sortzen eta prestatzen hasi ginenean Marino nekatu eta Felix
Ruperez aspaldiko lagun batekin emanaldiak ematen jarraitu genuen.
Ondoren, Karlos Ortiz baxuarekin agertu garenean Balerdi Balerdi izena
berreskuratzea pentsatu genuen Sergio Ibarrola Zarak eta biok. Gaurko
egunez zuzeneko kantutegi ia osoa Balerdi Balerdirena bada ere, oraindik
ere gustuko dut nire aurreko talde bakoitzeko kantu bana jotzea.
Musika sortzean, beti norbait alboan?
Bai, musikagintzan lagun artean izan naiz beti. Taldearen ideia
ezinbestekoa iruditzen zait rock munduan. Kantautore gisa aritzea beste
modu batez aritzea dela iruditzen zait. Hasieran, Tocamas taldearen
garaietan Patxi Osinagak eta biok elkarrekin egin genituen kantak.
Berezia da hori, bi lagunen artean konposatzea, oso egokia dela
deritzot. Batzuetan norbera bakarrik tematzen da zerbaitetan, eta
albokoak melodiaren garapena beste norabait eramaten du. Konposatzeko
tenorean taldea nahi dut nik.
Pello Lizarralde idazlea musikazale amorratua da.
Ispilu efektua egiten
diozue elkarri, musikari eta literatur zale amorratua zarelako.
Literatur zalea eta literatur irakaslea, Iturrama institutuan. 37 urte
eman ditut irakaskuntzan. Literatura askoz serioagoa eta sakonagoa
iruditzen zait. Literatura adierazpide bezala oso aberatsa iruditzen
zait. Musikak, ordea, badu askotan izendatu ezin ditugun sentimenduetara
iristeko ahalmena. Musikaren alde irrazional horrek erakartzen nau
bereziki. Ez dakigu zergatik baina miresten duzun goi mailako musikari
baten melodiak edota herri mailako melodia batek gozatzeko ahalmen hori
eskaintzen digu. Esango nuke entzun dudan musika guztiarekin gozatu
dudala. Nire kasuan musika nire baitan izan da beti. Txikitan irratiaren
bitartez, gero diskoekin. Musika guztiak gogoko ditut. Hala ere egungo
bizimoduan gehiegizkoa da musikaren erabilera. Batzuetan askoz gusturago
nago tabernan musikarik ez dagoenean, bestalde, beste zenbait tokitan
musika dekorazio bezala erabiltzen da, eta hori gorroto dut.
Pablo Antoñanaren narratibaz gehien dakien pertsona dugu aurrez aurre.
Tira, Opusen ikasi nuen, eta lizentziaturan oso lan sinpleak eta
azalekoak egiten genituen. Handik atera eta urte batzuk pasata
doktoradutza egitea deliberatu nuen. Zaragozan hasi eta Nafarroako
Unibertsitate Publikoan jarri zutenean, hor amaitu nuen. Ordurako
pentsatua nuen hemengo idazle bati buruzko tesia egin behar nuela.
Interesgarriena Pablo Antoñana iruditu zitzaidan, ez nuen bere obra osoa
irakurria, bere nobela guztiak. Tesia egiten hasi nintzenean atera
zuten La cuerda rota eta El capitán Cassou, nik uste Balerdi Balerdiren urte berberetan aritu nintzela tesia egiten.Hainbat idazleren iritziz Euskal Herriak erdaraz eman duen idazlerik handiena da.
Ez naiz horrenbeste esatera ausartzen. Baina bere obran, hitzen bitartez mundu batean sarrarazten zaitu, erabat inguratzen zaitu eta hor inpresio bereziak eta egundoko ezustekoak emanen dizkizu. Oso prosa indartsua du, ipuinetan bereziki, eta kontatzen duenak beti du interesa. Antoñana bezalako idazleek irakurle zaletuak behar dituzte, literaturarekiko zaletuak. Gainera, kontatzeko eran ahozko hizkuntza erabiltzen du eta bestalde, oso irudi literario eta espresiobide aberatsak. Ez zuen inoiz erabiltzen prosa laua, egunkarietan edota politikarien txostenetan erabiltzen den prosa, eta erabiltzekotan, berezko ideiak sustengatzeko eta prosa mota hori barregarri uzteko izaten zen. Polifonia deitzen den hori oso ongi baliatzen zuen kontatzerakoan.
“Gerra garaian Ezkaba gainean / presondegi izugarria egon zen. /
Ondoren, gaztetxoa nintzela / soilik soldadu talde bat zegoen. / Etxe
asko eraiki zituzten / herri txikitan, Ezkabapean, / auzo berritan,
Ezkabapean. / Ezkabapean, mina eta poza neure bihotzean”. Disko
berrirako idatzi duzun Ezkabapean kantak karga ideologiko handia du.
Oso mezu garbia duten kantak ez zaizkit gustatzen. Ez zait ateratzen.
Hala, nire kantetan alde handirik ez da ikusten leloaren eta estrofaren
artean. Nork bere kezkekin edo obsesioekin sortzen ditu hitzak. Denei
gertatzen zaigu hori. Ezkabapean kantari buruz, nire ideia da
Iruñean badirela auzo batzuk non zerbitzu berezirik edo dotorerik
ipintzen ez duten. Hiri guztietan gertatzen da hori. Hor kokatzen
dituzte koartelak, kartzelak, eroetxeak. Ez dut sekulan ahaztuko Iruñeko
kartzela berria lehen aldiz Euskalerria Irratiko terrazatik ikusi
nuenekoa, munstro bat; han, horrelako eraikin bat, noski, ezin da NUP
eta OPUSeko eremuen artean eraiki, hor aintzira bat egin behar omen
dute, belaontzi eta guzti. Oso garbi dut Iruñean bi hiri daudela. Bat
goian, goiko lautadan dagoena eta bestea ibai ertzean, iparraldean.
Azken horiek langile auzoak dira, erabat utziak. Unibertsitateko
fakultate bat jar zitekeen han, baina ez zaie bururatzen. Ez
liburutegirik, ez filmotekarik.
Ezkabapean ska klasikoaren kutsukoa da.
Musikalki, zerbait bazarete, eklektikoak zarete.
[Barrez hasi da] Musika mota bat eta bakarra oso ongi egiten ez
dakigulako izan daiteke. Ahal dugun moduan jotzen dugu. Nik ez dut
inolako irakaslerik izan, lagunengandik akorde batzuk ikasi, beste
batzuk erdi asmatu... hori izan da gure belaunaldikook ikasteko izan
dugun manera. Rock, pop, folk... herri musika da niretzat. Herri
musikariek ez zekiten solfeoa, besteengandik ikasten zuten. Solo
ikusgarri eta azkar bat baino, melodia eder bat nahiago dut. Onartzen
dut musikari askok oso ongi jotzen dutela baina birtuosismoak ez nau
erakartzen.
Zuzenean eskaini dituzue dagoeneko kanta berri batzuk.
The Specials eta
The Smithereens bezalako taldeen oihartzuna somatu dugu,
Gudukan kantari esaterako The Whoren kutsua nabaritu diogu.
Diskoa aurreritzirik gabe egin duzue.
Gaur egun musika mota bat gustatzen bazaizu, badirudi beste musika
klase guztiak baztertu behar dituzula, agian iritzi zaharrekoa nauzu,
baina lehen talde guztiek, berdin zait Beatles edo Rolling Stones, oso
kanta ezberdinak egiten zituzten. Nire talde begikoena den The Kinksek
ere gauza bera egiten zuen. Egun, rock gogorra egin behar dugu, edo ska,
eta kitto. Disko honetan ska bat jotzen ausartu gara eta egin dugu.
Nire mugekin, saiatzen naiz bururatzen zaidana jotzen.
Ia estilo guztiak landu dituzu.
Iturri zaharreko ura bezala, jota batekin ausartuko al zinateke?
Balerdi Balerdiren hasieran prestatu nuen zerbait. Jota baten egitura
errespetatuz rockabilly estilora eramanda, hortera samar geratu zen. Eta
azkenik ez genuen prestatu.
1977an dagoeneko taula gainean zinen.
Tocamasek urtebete iraun zuen, gehienbat Iruñean jo genuen. Orduan
ikusi nuen jendeak kantak ikasi eta gustura abesten zituela, egarri
handia zen jendartean, oso modan zegoen anarkoen mundua, ikusten zen
politikari batzuek laster eginen zutela egin zutena: etorri zen sistema
onartu, egun duguna, eta gainera onartu zuten aurretik sistema horren
aurka kristorenak eta bi esan eta gero. Guk orientabide anarkoa hartu
genuen. Musikagatik izan dudan liskar bakarra garai hartan ORTko
militante batek bota zidana izan zen, kanta horiek egiteagatik gazteak
desmobilizatzen ari ote ginelako. Oso kanta ironikoak egiten genituen.
Ironikoak eta hedonistak?
Hedonistak alde batetik, baina hedonismoa oso modu ironikoan tratatzen
genuen. Jende batek ironia hori ulertu zuelako izan genuen Iruñean
nolabaiteko arrakasta, orduko telebistaren zaborra lixeritu eta kanta
bihurtu genuen. Orduan konturatu nintzen posible zela kantatzea eta
jendearen onespena jasotzea.
Euskarazko lehen kanta Fiebrerekin egin al zenuten?
Fuletamol eta Motos garaietan zerbait egin nahi izan genuen baina ez
genuen osatu. Motos garaietan kanta baten bitartez Niko Etxarti
omenaldia egin nahi izan genion. Kanta ia egina zegoen baina ez genuen
bukatu. Fuletamolen garaian ere, estribillo bat egin genuen, baina
horretan geratu zen.
Noiz hasi zinen euskara ikasten?
Iruñean zer edozer egin nuen, eta gero, Zumarragara joan nintzenean.
Garai hartan modan zeuden folk taldeak, nire arreba Txantreako talde
batean ari zen, eta ni beste batean. Arrebaren talderako Arestiren poema
bat musikatu nuen, Biba Berango. Nire talderako Gorka Trintxerperen (Patxi Zabaleta) poema bati musika jarri nion.
Euskal musikagintzaren zenbait aro ezagutu dituzu,
egungo panoraman ezer deigarririk sumatu al duzu?
Ez dut ongi ezagutzen, baina fenomeno deigarria da musikarien maila
instrumentista oso altua dela, eta ez soilik azken bi hamarkada hauetan.
Bestelako mugak ikusten dizkiot fenomeno honi, estilo bakarrean
trebatzen dira, eta oso ongi egiten dute hori, baina estilo horretatik
atera gabe. Azken urte hauetan agertu diren taldeen artean, The Uski´s,
The Sparteens ditut gustuko. Horiek nahiago ditut esperimentalago diren
talde gogor horiek baino.
2012an ere, disko berriko kantuak dioen bezala, “Iruñean rock and rollik ez”?
Aspaldidanik hemen Iruñean ez dut gustuko talderik entzun. The Posies
etorri ziren duela zenbait urte. The Model Rockets Altsasuko gaztetxean
ikusi nituen. Oraindik Iruñean oso gutxitan dago kanpoko talde on bat
entzuteko aukerarik, nire gustukoak behintzat. Disko berrian kantu bat
honi buruz idatzi dut. Bertan aipatzen ditut Lakuntza, Gares, Altsasu,
Bergara, Gasteiz, Sos,…
Sos herriko Luna Lunera jaialdian Elvis Costellok jo zuen.
Guk ez dugu Elvis Costello Iruñean ikusiko".
"Argia"
2012-11-4
No hay comentarios:
Publicar un comentario