2015-06-10

Peter Bakker




























"Duela anitz urte oso ondo euskaraz hitz egiten nuen, baina orain dena ahaztu dut. Donibane Garazin behin pasaportea erakutsi behar izan nuen ez zutelako sinesten holandarra nintzela".

Peter Bakker Danimarkako Aarhus Unibertsitateko hizkuntzalaria da, euskararen alorrean aditua, baita ahozkotasun arloan ere. Atzerrikoen doinuaz eta hitzak bi aldiz pentsatuta, baina euskaraz esaldi bi jarraian esateko gai da.

"Hizkuntza bat ikertzeko orduan oso zaila da zortzi mila urte baino gehiago atzera egitea, erregistro gutxi baitago", aipatu zuen. Baina baieztapen horrek badu ñabardurarik: "Hizkuntzek garapen izugarria dute, baina sintaxiaren, esaldien, aditzen eta osaketaren ordenari erreparatuz gero, zientzialari askoren arabera 30.000 urte atzera ere egin daiteke". Eta jarraitu du: "Zantzu zenbaiten arabera, Papua Ginea Berrian, Afrikan eta Amerikan antzekotasun handia zuten hizkuntza familiak izan ziren data hori baino lehenago".

Euskararen presentzia, Europa, munduan zehar izandako migrazioak, bai eta sorrera bera ere aipatu zituen Bakkerrek elkarrizketan zehar. "Euskal Herrian euskararen presentziari dagokionez, beste zientzia batzuk, batez ere arkeologia, ikertzen ari dira protoeuskaldunen zantzuak bazirela lurralde honetan, hots, euskara baino lehenagoko hizkuntza zerabilten gizakiak, ondoren euskara bilakatu zenarenak", aipatu zuen. Nolanahi ere, aditu honentzat zinez zaila da hizkuntza baten ibilbidean atzera egitea. "Duela 2.000 urteko euskara orain ezagutzen dugunaren oso desberdina zen eta orain dela 4.000 urtekoa, are desberdinagoa. 40.000 urte atzera egingo badugu, argi dago euskararen aurreko hizkuntza batez ari garela, protoeuskara deitzen zaiona".

Duela 60.000 urte inguru hasi zen gizakia Afrikatik munduko beste tokietara mugitzen, beste lurraldeetara hedatzen. Bere aburuz, garai hartan hizkuntza komun bakarra erabiltzen zuten bertako biztanleek, gerora hartu zituzten bizileku berrietako hizkuntzekin zerikusia izango zuena. "Litekeena da garaiko protoeuskarak, duela 40.000 urtekoak, harreman gehiago izatea Papua Ginea Berrian hitz egiten zen hizkuntzekin eta ez hainbeste gaur egun ezagutzen den euskararekin", aipatu zuen. Jakina da, baina, euskara familia bakarreko hizkuntza dela. "Munduan 7.000 hizkuntza daude, 419 familiatan banatuta. Familia horietan hizkuntza ugari biltzen dira. Ez da euskararen kasua, ez baitu beste inorekin harremanik", gaineratu zuen.

Sorrera: non, noiz, nola

Hizkuntzalariengan sortzen den ezbai nagusia da hizkuntza sortzen denetik eta oso denbora gutxira adarkatu egiten dela, dialektoak sortuz. "Oso zaila da hizkuntza baten erroraino joatea". Euskararen sorkuntza, nondik datorren, egungo misteriorik handienetakoa. Bere inguruan hamaika teoria, eta Bakkerrek ere bota zuen berea. "Litekeena da Afrikatik duela 60.000 urte atera zen gizakiak hizkuntza komun bat hitz egitea eta hizkuntza horrek jarraitutasuna izatea euskarara iritsi arte. Baina are zailagoa da hizkuntza bat noiz eta non hasten den zehaztea". Eta gaineratu zuen: "Egiturari erreparatuz gero, badirudi duela 30.000 urte inguru sortutako hizkuntza dela".

Denbora dimentsio horietan ikerketak egiterakoan kasik alferrikakoa da idatzita dauden testuetan kontsultak egitea, gehienez 700 urteko antzinatasuna baitute euskarazko idazkiek. Zientzia desberdinen lankidetza beharrezko ikusten du Bakerrek azterketak burura eraman ahal izateko edo emaitzak ikusteko, bederen. "30.000 urte atzera eginez gero, euskararen egiturak antzekotasun handia du munduko lurralde desberdinak okupatu zituzten gizaki horien hizkuntzekin", adierazi zuen.
Euskaldunak eta Europa. Nondik nora sortu eta hedatu ziren? Berak argi du erantzuna. "Azken glaziazioan, Europa ia osoa izotz azpian geratu zen, leku batzuk izan ezik: euskal babeslekua (egungo Euskal Herria), Balkanak eta Errusiako zenbait inguru. Izotzaldi hura desegiten hasi zenean, talde etniko horietatik abiatuta hedatu zen Europako populazioa. Eta horretan lanean ari dira hizkuntzalariak eta batez ere genetistak, talde kultural horien migrazioak nola gauzatu ziren lurmentzea gertatzen ari zen leku horietara. Duela 20.000 urte inguruko gertakizunez ari gara", amaitu zuen Bakkerrek".


"www.kazeta.eus"                                
2015-6-2                                
(laburpena)                                


No hay comentarios:

Publicar un comentario