2015-06-22

Izura


"Ekainaren 13an, Laborantza garapenerako etxea estreinatu dute Izuran. Azken denboretan "erdi eri" zen Haize Berri kultur zentroaren murruak arraberritu eta tokiko elkarteen etxea bilakatu dute.

Gaurtik aitzina, Arrapitz eta bere barnean diren Afog, Buru Beltza, Idoki, baita formakuntza zentroak ere Izuran dute egoitza, herriko etxearen gune berean. Haien lana "azkenean" ezagutua eta preziatua ikusi dutela adierazi dute elkarteek.

"Bilkurak beti bata bestearen etxean edota toki ezberdinetan egin izan ditugu. Lehenak, 1990an, justuki etxe huntan berean egiten genituen", dio Arrapitzeko lehendakari den Pantxika Maitiak. Donapauleko Frantxiskanoak ere gogoratu dituzte. "Holako tokiak baitziren lehen leku publikoak". Baina Izurako egoitza berriak Donapauleko GDFaren lokal ohiarekin konparaturik aldaketa handia ekarri du. "Donapaulen laguntza izpirik ere ez ginuen, eta laguntza galdegiterakoan, gaizki egiten ginuela iduri zuen", gogoratzen du Pantxikak. "Bai, eta lokal usteletan izaiteaz gain, alokairua ordaintzeko gure sos iturrietatik direktuki hartzea mehatxatzen gintuen [Jean-Jacques Loustaudaudinek, Donapauleko auzapeza]", oroitzen da Idokiko Ttele Leizagoien.

Pantxika Maitiak eta Ttele Leizagoienek pozik ziruditen ibiakoitzean, eta Izurako jaunmera den Daniel Olzomendi behin eta berriz eskertu dute, "bera jin zen gure gana, eta galdegin zaukun zer nahi ote ginuen". Azken honek azaltzen du herria dinamizatzea zela bere helburua, eta etxe handi horren eskaintza kulturala era bat ahuldua zela.

Aldi berean, egoitza bila ziren Paueko laborantza eskolaren bisita izan zuten. Ikasketarik gabe laborantzan instalatu nahi duten jendeari urte bateko formakuntza eskaintzeko leku xeka ziren. Haier onartu eta azkenean sarea handitzea ere pentsatu ginuen. "Hemen denak laborari edo laborantxa mundukoak izanik, biziki naturala iduritu zitzaigun Arrapitzi eskaintza zabaltzea".

Obrek 632 000 euroko kostua izan dute. Estatuaren diru laguntzarekin eta tokiko langileen indarrarekin burutu dira obrak. Ibiakoitz goiza bakoitzari omenaldia egiteko parada izan da. Mogabure, Olagaray, Jospin arkitektoak, Hourquebie, Eiherart eta Estalgi enpresak eskertu dituzte. Gisa berean, proiektua diruz lagundu duten Barthélémy Aguerre, Jean-Louis Caset, Frédérique Espagnak, Patrick Delleuse, Georges Labazée eta berantean iritsi diren Jean Lassalle eta Jean-Jacques Lasserre gisa berean eskertu dituzte.

Eguerdian, nahiz J. Lassallek ohartarazi ordu horretarako normalean hitza beretako zela, D. Olzomedi denei esker ematen hasi da, jarraian politikari denek egin dutena. Jondoni Jakobeko bide gurutzea baino gehiago, denek beren maneran formakuntza eta garapenaren elkargunearen garrantzi eta edertasuna aipatu dute. F. Espagnacek zehaztu du Izura, errepide gurutze bat baino gehiago zela, garapenaren gako den ezagutzen bidegurutzea, hain zuzen ere".



"www.kazeta.eus"                                   
2015-6-16                                   
(laburpena)                                   



No hay comentarios:

Publicar un comentario