2012-12-01

Nafar enbaxadoreak Europan

Berria-Pamiela

Honelako albistea agertu da "Berria" egunkarian, azaroaren 11an. Honatx, laburpena:


"Denbora eman dute Alvaro Adot historialariak eta Xabier Mina elkarteko zuzendariak haien nondik norakoak ikertzen. Nafarroaren izenean aritzen ziren lanean, eta, Adotek dioenez, gaur egun ere baliagarri da haien historia Nafarroako Erresumaren historia ezagutzeko. Konkistatu zutenerako Nafarroa modernizatze bidean zen estatu bat izan zela erakusten omen du ordezkari haien iraganak.
Embajadores navarros de Europa izeneko liburua kaleratu du orain hilabete batzuk (Pamiela), gai horren inguruan egindako ikerketekin. Ez ziren asko izan, baina egiteko garrantzitsua izan zuten, halere.
Adotek azaldu du zergatik: «Bere garaiko joko politikoan oso pieza garrantzitsua zen Nafarroa. Europako kontrolagatik lehian ziren bi potentzia handiren erdian zegoen. Horregatik egin zuen Nafarroako monarkiak halako ahalegin diplomatiko handia. Nafarroa independente mantentzea zen helburua, eta Frantziaren eta Espainiaren arteko gatazketan neutraltasuna lortzen saiatzea izan zen horretarako erabili zuten arma».
Eta lortu egin zuten, gutxi gorabehera, harik eta 1512an gaztelarrek Nafarroaren zatirik handiena konkistatu zuten arte.
Neutraltasun asmo horrek aitzindari egiten du Nafarroa, Adoten arabera. Modernitatearen erakusgarritzat aurkezten du erreinua. «Hori da diplomazian aditu diren historialariek modernitatearen ezaugarritzat aipatu ohi duten ezaugarrietariko bat. Hori izan zen herrialde txikiek erabili zuten bidea. Tradizionalki Suitza eta Venezia aipatu dituzte adituek aitzindari gisa, XVI. mendean egindako lanagatik, baina Juan III.a eta Katalina I.a errege-erreginen agintepeko Nafarroan ere (1483-1517) izan zen indarrean politika hori».
Neutraltasuna izan zen haien nazioarteko harremanen oinarri nagusietariko bat, Adotek dioenez, eta etengabe egiten zieten nazioarteko bakearen aldeko aldarria alboko bi herrialdeetako ordezkariei. Oreka ez zen erraza, baina bizirik irautea zen helburua.

Ordezkaritza egonkorra
Erdi Arotik modernitaterako trantsizioan zegoen Nafarroa, dio Adotek. Bazituen bateko eta besteko ezaugarriak, eta horregatik ez du baieztatzen estatu moderno bat zenik. «Sortzen ari zen estatu moderno bat zen», dio. Diplomazia da berriz ere horren froga. Bi omen dira estatu moderno baten diplomaziaren ezaugarriak historialarien aburuz, eta biak zituen Nafarroako Erresumak.
Misio diplomatiko konkretuak egitera bidaltzen zituen estatuak horretarako hautatutako pertsonak, baina estatu modernoak agertzen joan ahala sortu zen beste herrialde batean maizter bizi zen ordezkari egonkorraren figura. Berrikuntza handia izan zen hura, eta Nafarroak ere izan zituen halako ordezkariak. Enbaxadoreek formazio akademiko bat izatea da estatu baten modernitatea neurtzeko bigarren bidea, eta hori ere betetzen zen Juan III.aren eta Katalina I.aren garaiko Nafarroan. Zuzenbidea ikasitakoak ziren enbaxadore gehienak, eta laikoak ziren nagusiki. «Garai Modernora arte ez zuten lortu halakorik herrialde askotan, baina nafarren kasuan, konkista aurreko hamarkadetan, adibidez, enbaxadore gehienak laikoak izan ziren». Garai hartako datu bat ere eman du bere tesia indartzeko: «Hamabost ziren sasoi hartan nobleziatik zetozen enbaxadoreak, eta sei kleroko kide zirenak».

Agintearen 'haragiztatzea'
Gaztelarren 1512ko erasoaren aurreko urteetan hogei bat enbaxadore izan zituen Nafarroak guztira, Adotek dioenez, eta gutxi batzuetan baino ez ziren aritu haietariko gehienak diplomazia lanetan. Puntualki. Gaztelan eta Aragoin izan ziren gehienak, baita Frantzian ere. Erroman gutxiago. Konfiantza izaten zen giltza. «Erabateko konfiantza», zehaztu du historialariak. «Fidelen zitzaizkienen artean hautatzen zituzten haien ordezkari izango ziren pertsonak errege-erreginek. Ezin zen bestela izan, eta Manuel Rivero Rodriguez historialariak azaldu du zergatik. Izan ere, enbaxadore horiek bidaltzen zituztenen 'haragiztatze' bat ziren». Inteligentzia eta zuhurtzia eskatzen zitzaien, eta, Adotek azaldu duenez, izan zen bere garaian sona izan zuen ordezkari nafarrik ere. Hori omen da, adibidez, Jasoko Juan, Mauleko Ladron, Nafarroako Pedro eta Berrioko Salvadorren kasua. Austrian izan zen azkena.
Beste herrialdeetako gorteetan bizi ziren enbaxadore horiek. Mauleko Ladron, adibidez, urte luzez izan zen Fernando II.aren gortean, eta gauza bera gertatu zen Berrioko Salvadorrekin ere. Luzez egon zen Austriako Maximiano enperadorearen gortean. Ez zen norabide bakarreko harremana, ordea. Informazioa jasotzeaz gainera, eman ere egin behar izaten zuten. Beren jatorrizko herrialdeko berriak azaltzen zituzten beste errege-erregina horien gorteetan. «Beren presentzia justifikatzeko-edo egiten zuten hori, eta, gainera, beren herrialdearekin eskutitz bidez zuten harremana handia zela erakusten du horrek», azaldu du Adotek.
Handia zen, beraz, eskutitzen joan-etorria. Baina baziren publikoan baino gehiago, pribatuan esan beharreko kontu batzuk, eta zifratuta bidaltzen zituzten halakoetan eskutitzak enbaxadore eta erresumako ordezkariek. Halako adibide bat bildu du liburuan Adotek, eta bitxia da kasua. Data zehatzik ezin du eman, baina 1507 ingurukoa da aurkitutako dokumentua, historialariaren ustez. Nafarroako kantzelergoak idatzitakoa. Ezinez eta klabez betetako testu bat da, eta Europako estatu eta pertsonaia nagusiei buruz nafarrek zuten ikuspegia erakusten dute. «Mezua hartzaileak soilik ulertzeko moduan idatzita dago».
Ez da bitxikeria soila, ordea. «Nazioarteko politikaren inguruan nafarrek zuten ikuspegia ulertzen laguntzen dute hitz kodetu horiek». Adibideak ere aipatu ditu, gainera. Gaztela, esaterako, ez zuten Gaztela deitzen, el oso baizik. Hartza, alegia. Eta normalean nahikoa ideia ezkorrak adierazteko erabiltzen zen animalia horren erreferentzia garai hartan: gehiegizko harrotasuna, biolentzia eta krudelkeria. Raposo da, berriz, Luis Beaumont Leringo kondea izendatzeko erabiltzen zuten hitza. Azeria. «Nahiko era gutxiesgarrian izendatzen zuten», zehaztu du Adotek. «Engainurako abilak ziren pertsona biziak deskribatzeko erabiltzen zen orduan ere hitz hori».
Baina, hain zuzen ere, hori eskatzen zitzaion enbaxadore bati: engainurako gaitasun hori, eta zorroztasuna. Horregatik erabiltzen zuten garai hartan engañadores hitza ofizio horretako jendea aipatzeko. Engainatzaileak. «Ongi definitzen du hitz horrek egiten zuten lana».

Lau enbaxadore

Berrioko Salvador. Austriako gorteko maizterra
Salvador, XV. mendeko azken herenean jaio, eta Parisen hil zen, 1513 edo 1514an. Nafarroako errege-erreginen gudarosteko ardura postu bat izan zuen, eta Iruñeko merkatuko alkate eta Errege-Erregina Katolikoen aurreko enbaxadore berezia ere izan zen. Austriako Maximiliano eta Margaritaren gortean ere egon zen enbaxadore.
1494ko guda zibilean Nafarroako errege-erreginen alde aritu ondoren izan zen hori. Orduan hasi zen Errege-Erregina Katolikoekin harreman diplomatikoetan. 1506an Felipe I.a Gaztelako erregea hil, eta orduan joan zen Austriara Maximilianoren gortera. Han egon zen maizter, harik eta 1513an gortetik bota zuten arte.
Mauleko Ladron. Gaztelako gorteko maizterra
Maulen jaio zen Ladron, XV. mendeko azken herenean, eta 1523an hil. Radako jaun zen Mauleko Carlosen bigarren semea zen, eta Tristan izeneko anaia nagusia hiltzean, bera ere Radako jaun bilakatu eta Miranda de Argako gazteluko alkate ere izan zen 1480ko hamarkadan. Fernando II.a eta Isabel I.a Gaztelako errege-erreginen gortearen aurrean nabarmendu zen enbaxadore lanetan, eta haien gorteko maizter bilakatu zen gero.
Nafarroako errege-erreginekin izan zuen fideltasuna nabarmendu du Alvaro Adotek. «Beti egon zen legitimistekin». Nafarroako erresuma berreskuratzeko egindako saio guztietan aritu zen borrokan.
Jaso eta Atondoko Juan. Frantziako gortean ordezkari
Juan XV. mende erdialdean jaio zen, eta 1515ean hil, Atondon. Zuzenbide ikasketak egin zituen, eta doktore gradua lortu zuen Bolognako unibertsitatean. Nafarroako administrazioan hainbat kargu bete zituen: Gorte Nagusiko alkate izan zen, errege-erreginen aholkulari eta enbaxadore. Errege Kontseilu txikiko kide egin zen 1494an, eta haren presidente ere izan zen zenbait urtez. Xabierko Frantziskoren aita ere izan zen.
Gaztelan aritu zen enbaxadore, baita Frantzian ere. Nafarroako errege-erreginei fidel izan zitzaien 1512an, baina 1514an eta 1515ean Fernando II.ak kontrolatutako Nafarroako administrazioko kideen zerrendan da haren izena.
Nafarroako Pedro. Fideltasunaren ikur
1460ko hamarkadan jaio, eta Simancasko kartzelan (Valladolid) hil zen, 1522an. Nafarroako Felipe mariskalaren eta Lakarrako Inesen semea. 1481ean beaumondarren bandoko kide batek hil zuen Felipe izeneko anaia, eta orduan izendatu zuten mariskal. 1484an bilakatu zen agramondarren bandoko buru, eta Nafarroako Errege Kontseiluan izan zen. Konkistaren ondoren Nafarroako errege-erreginen alde egin zuen lana nabarmendu du Alvaro Adot historialariak. Handia izan zen haren diplomazia lana. Gaztelako Felipe I.a eta Juana I.a errege-erreginekin, Fernando II.arekin, Frantziako Luis XII.a erregearekin, Austriako Maximiliano enperadorearekin eta Julio II.a aita santuarekin aritu zen harremanetan.
Hark gidatu zuen gaztelarren esku galdutako erresumaren bigarren berreskurapen saioa, baina preso hartu zuten 1516an. Carlos V.ari ez zion fideltasun zinik egin nahi izan, eta Atienzan eta Simancasen izan zuten preso horregatik".

No hay comentarios:

Publicar un comentario