Bizi Toki: auzolanean eraikitzen den
hezkuntza filosofia
Bizi Tokiko eraikuntza arraberritzeko auzolanak egin dituzte aste batez. Abuztuaren 23an bukatu den ekimenak, elkarlanaren sinboloa bilakatzeaz gain, Euskal Herria osotik etorritako laguntzaileen harremanak sendotzeko parada eskaini du.
|2015/08/24Bizi Tokik alternatiba bat eskaintzen dio ohiko eskolari. ©Isabelle Miquelestorena
Abuztuaren 23tik Euskal Herria osotik etorritako jendea Behauzeko Goitia etxaldean elkartu da. Bertan badira zenbait urte Bizi Tokik alternatiba bat eskaintzen diola ohiko eskolari. Buraso talde batek bideratzen duen filosofiaren eraikina arraberritzeko, auzolanak antolatu dituzte. Proiektuko kidea den Gorka Torreren arabera, elkarrekin lan egiteaz gain, ekimenari esker euskararen inguruan topaketa mementoa sortzen dute.
"Bizi Toki natur gune batean kokatua denez, auzolanean bereziki garbiketa orokorra egiteaz gain, kanpoko eremuan zentratzen gira", azaldu du Gorka Torrek. "Joan den urtearekin konparatuz, jende gutxiagok parte hartu duen" arren, Gasteiz, Soraluze edo Hondarribitik etorritako jendeak eskuz-esku lan egin du hezkuntza herritarra bultzatzen duen eraikina arraberritzeko.
Bizi Tokik ez du laguntzarik jasotzen instituzioengandik, baina bai laguntzaileengandik. "Norberak ekarpen ekonomikoa egiten du. Aurten isolaziorako materiala erosi dugunez zor txikiak baditugu. Jendearen laguntza beti ongi etorria izanen da", gehitu du.
Sozializazio azkarra
Topaketa horiek eraikuntza berritzeko erabiltzen diren arren, ttipienentzat oso erabilgarriak dira. Kidearen arabera, ekimen horiei esker gazteenek "adin guzietako jendeekin harremana izaiteko parada dute. "Bizi Tokiko haurrek erraztasuna nabarmena dute edozein adinetako pertsonekin hitz egiteko. Eskola batean egiten ez den bezala, ez dute denbora gehiena pasatzen beren adineko gazteekin. Sozializazio azkarra bizitzen dute", esplikatu du Torrek.
Beste ikastolei konparatuz, Bizi Tokik "ez du ikasturterik". "Ez dugu hasiera edo bukaerarik. Ez da egutegi, oporraldi edo astebururik. Hezkuntza filosofia edozein uneetan egiten da; iraunkorki mozketarik gabe", kontatu du kideak.
Behauze Nafarroa Behereko udalerria da.
Helbidea: Bizi Toki, Goitia, 64120 Behauze. Telefonoa: 05 59 65 36 27.
Argibide zehatzagorik nahi izanez gero, irakurle maitea, honatx:
http://www.bizitoki.org/
No hay comentarios:
Publicar un comentario