2014-11-02

Pertsona-izen korapiloak


"Euskara mintzaira zaharra eta aberatsa dugu, egoera minorizatuan eta kolonialean dutena. Ainitzek hizkuntza pobrea dela diote, frantsesaren edo espainolaren aldean etorkizunik ez duena. Horiek horrela erraiten dute euskara desagerrarazi nahi dutelako eta gure lurraldea guztiz frantsestu edo espainiartu nahi dutelako. Beraz, erraiten dituzten horiek ez dute inolako funtsik, faltsukeriak dira, errealitatetik deus ez dutenak. Euskara beste hizkuntzak bezalakoa da eta badu ezaugarri berezi bat, euskaldunontzat arras garrantzitsua dena, gurea da.

Hainbaten irudikoz, zenbait euskaldunek, zaharrek zein gaztek, euskara baztertzen dute eta erdaraz (frantsesez edo espainolez) hitz egiten dute, euskarak beste gauza ainitzen artean, argotarik ez duelako. Hau ere, guztiz faltsua da, euskarak badu bere argota, herrietako alokutiboetan, irainetan, haur hizkeran… eta beste hainbat arlotan. Euskararen baztertze hori arrotzek ezartzen diguten kolonizazio sistemak sortzen du, eta horrela izanen da beste egoera politiko batera igarotzen ez garen bitartean.

Orain, artikulu honekin, erdi ahantzirik dugun arlo horietako bat jorratu nahi dut, izen korapilo edo jokoena alegia. Izen korapiloak pertsona izenekin jostatuz euskaldunok, han hemenka, sortu ditugun hitz joko edo jolas errimatuak dira. Herri izenekin ere badira horrelako hitz joko errimatuak, beste baterako utziko ditudanak.

Pertsona-izen joko edo korapilo hauek aldaera ainitz daukate, eta toki batean izen batekin azaltzen dena aldameneko herrian beste izen batekin azaltzen da. Beraz, nik hemen jaso ditudanak beste zenbait izenekin ere entzuten ahal dira. Gehien azaltzen diren izenak gizonezkoen zein emakumezkoen izen klasikoa dira: Joxe, Martin, Iñaxio, Txomin, Nikolas, Joakin, Laxaro, Patxi, Bixente, Ttotte, Maria, Maritxu, Kattalin, Añamari, Pilar, Joxepa, Karmentxu, Axun, Aines…, hala ere, izen berriagoekin ere, Arantza, Aitor, Koldo, Mikel, Amaia, Ander, Nahikari, Karmele, Xabier…, azaltzen hasita dira.

Pertsona-izen korapilo hauetan gai nagusiak besta, parranda, ardoa, mozkorra, lana, kaka, pixa, lizunkeria, sexua… izaten dira. Batzuk inozo samarrak badira ere, badira aski lizunak direnak. Onomatopeiak ere tarteka agertzen dira izen korapiloetan lagungarri. Hona hemen, bada, segidan, horietako hitz korapilo batzuk hurrenkera alfabetikoan jarrita:

Agapito, hi bai haizela pitto.
Agapito, hi haiz pito!
Aguxtin, konejua dirudi bere bizarrarekin.
Ai Antton, ate ondoan hor konpon.
Ai Maritere, zurea zure eta gurea ere.
Ainara, burua non, zangoak hara.
Aines, besta bai eta lanik ez.
Aines, lana bai eta sosik ez.
Ainhoa, orain ere bestara hoa?
Aitor zu hemen eta ni hor.
Aitor, emaiok hor!
Amaia, bila ezan kanturako gaia.
Ana, a zer lana!
Ander, hire bizkia duk Lander.
Andoni, lanean hi eta bestan ni.
Ane, arno ona eta aparrik gabe.
Anita Tipula, beti garraxi eta beti bulla.
Anjel zikin, lanerako zoztrin.
Antton, burua arin eta bihotza on.
Anttoni, ate ondoan nago ni.
Anttoniren tipulinak ttikiak baina ongi eginak.
Antxon Pirulero, burua hotz eta buztana bero.
Arantxa, hor txistu eta hor dantza.
Arantza beti kantu ta dantza.
Artzak eta pakea emantzak!
Axunen egia, aurpegian begia.
Axunen gezurra, mingainean hezurra.
Baltaxar, goizean ttotta, gauean pattar.
Bartolo beti dago lo.
Bartolo kankailu eta potolo.
Bartolome egin tzak lan eta jango duk mehe.
Bartolome, beti jan eta beti mehe.
Bartolome, lanez as eta diruz mehe.
Battitt ergel, ez apo eta ez igel.
Begoña, geldi ezan oina!
Begotxu beti gogotsu.
Belasko, oilasko gutxi eta salda asko.
Beñardo beti kanta eta beti ardo.
Beñat, beti lanetik at.
Beñat mundutik at.
Bertol Xango, ez hemengo eta ez hango.
Bettiri, gezur eta ziri.
Bilboko Añamari, mutilak berotzen ari.
Bixente buztana tente.
Bixente zakila tente.
Blax kaketan plaxt.
Duhaldek ipurditik puzkerra botatzen du debalde.
Eduardo beti fandango.
Edurneren sagarra mutil askoren sukarra.
Eki, hire amak baleki.
Elixabete sabela bete.
Elorri, emaion pott mutil horri.
Endikaren galtzetan azkurea arraultzetan.
Eneko uzkur, kalean burumakur.
Esteban, esnea hemen eta kafea han.
Feliperen gereziak, txikiak baina bereziak.
Fermin barrabiletan min.
Fermin uzki zikin.
Fermina, gatza eta pipermina.
Garbiñe zikiñe.
Gerardo maripetardo.
Gorka, atzetik duk oilo-loka.
Haritz beti algara eta beti hitz.
Hau da Berango, aupa Maritxu Fandango!
Iban, gu hemen eta hi han.
Idoia, musturra garbi, bihotza lohia.
Idurre burumakurre.
Iker bihurri, ttiki eta inurri.
Iñaki, orain ere nesketan, baiki!
Iñakiren txirula, haundia eta mardula.
Iñaxi mutilzale, ardoari beti dale.
Iñaxio nesketako bixio.
Inaxio Xaltarin, ipurdia beti arin.
Indalezio Moko, hezurrak hautsi arte ez haut lagako.
Inexa, balentria franko eta beldur eza.
Iñigo moñoño ergela eta ñoño.
Inpernuko Patxi gaizkina sugarretan egina.
Itziar mandanga, zabal idazu langa.
Ixabel galtzazale, mutil guztien zale.
Izaskun, txalaparta beti takun.
Jexux begiluze, lapur eta eskuluze.
Jexux potrohaundi, jatun eta tripaundi.
Joakin, txistua jo eta festari ekin.
Joakina kokina.
Joan Joxe, ardotan ase, nesketan gose.
Joan Mari beti nesketan ari.
Joan, parrandara haiz joan.
Joana betirako haiz joana.
Jon, lan gutxi eta festa on.
Joseba txiribito ez da aski pito.
Josetxo baldarra, hankatarteko zangarra.
Josetxo Beteka, non da etxeko ateka?
Josetxo Kandela, egin zintza ergela!
Josetxo Pandero, gaizto bezain ero.
Josetxoren bragetan zakila dantzetan.
Joxe Artzak, bakea eman tzak!
Joxe maingua, artaburu eta kaikua.
Joxe Mari, txistu doinuaz dantzan ari.
Joxe Olagarro nesketan trebe ta harro.
Joxe Titare, meharra eta xixare.
Joxe, beti jan eta beti gose.
Joxeparen gona, apain eta ona.
Joxeren pitilina, zakurraren bibolina.
Juantxo kokolo, lanean beti lo-lo.
Karlos potroso, zikina da oso.
Karlos ttipitto, beti aski pitto.
Karmele, beti hitz eta ele.
Karmentxu Sukalde, airean alde!
Karmentxuren ixterra, lagun arteko gerra.
Kattalin neskatilak engainatzen ditu mutilak erakusten puntilak.
Kattalin, jan, lo eta kaka egin.
Kattalinen kokotsa, gaztainaren morkotsa.
Kattalinen tristura mutilen kalentura.
Koldo kaka mokordo.
Krispin, alde egin zak eta kaka egin.
Kurutz korotz.
Lander zakil eder.
Laxaro, lanerako ez duk aro.
Laxaro, parrandarako duk aro.
Lola, parrandan hola-hola.
Lolita Bizkotxo, labea beti goxo.
Lontxo potroso, zikina da oso.
Lorentxaren pottotta egartsuen ttotta.
Luixito Durango beti fandango.
Maialen, festa egingo dut zuk baino lehen.
Maialen, hor egongo naiz zu baino lehen.
Maialen, Maialen, zure bila nenbilen orain baino lehen.
Maialen, tximista trumoia baino lehen.
Maitetxu Baztan, betiro zirri eta laztan.
Mañolo mozolo.
Mañuel Xalabardo, zomorro ta kakalardo.
Margaitaren eskuak tipiak eta estuak.
Margaitaren titiak, politak baina tipiak.
Margari, zakil bila ari.
Mari Xexenkoren laguna, ile kixkur eta larru leuna.
Maria Pittitto putzu batean itto.
Marieder begieder.
Marigorri pittilingorri.
Marijoxe besta gose.
Marikontxi, berbalapiko eta hitzontzi.
Maritxu berritsu.
Maritxu Burruntzi, nire taketa bakean utzi.
Maritxu fardela, egiazki ergela.
Maritxu Garin, eder eta dantzan arin.
Martin ez dabil bat ere fin.
Martin mokofin.
Martin muturfin.
Martin pandero, egunean zuhur, gauean ero.
Martin pirulin.
Martin Pittilin ez dabil bat ere fin.
Martin pittilin.
Martin Txilibito ez da aski pito.
Martin txolin.
Martin Txoro, hitz hutsa duk oro.
Martin urdea, lizuna eta berdea.
Martin Xepelin, ardorako beti fin.
Martin, koskoil zikin.
Martin, poltsikoa beti arin.
Martina alu zikina.
Martina mokofina.
Martina muturfina.
Martina txolina.
Mattin kokin.
Meltxor Babutxa, arpoia duk kamutsa.
Meltxor, uztak hor!
Migeltxo pixontzi, txotxolo eta hitzontzi.
Mikel, erdia apo beste erdia igel.
Mikelats ipurdi latz.
Mikelo memelo.
Mirentxu artaburu, dena uste eta aburu.
Mirentxu pandero, burua hotz eta potota bero.
Mixelen ganita motza eta zorrotza.
Nabil, gaizki habil.
Nahikari beti parrandan ari.
Nahikari gauez parrandan ari.
Naiara, non besta zangoa hara.
Nerea dun dirua, gosea hirea.
Nestor, besta ez duk hor.
Nikolas, jan eta jolas.
Pablito, koskoil handiak eta txistua ttikito.
Pakoren txoria, luze eta lodia.
Pantxika dantzari dantzan da ari.
Pantxoaren txistua dantzarako piztua.
Patakon, aberatsei kendu eta pobrei emon.
Patxi, gaur gazte bihar aitatxi.
Patxiku txistulari, nesketan da ari.
Patxikuren txustarra, handia eta zakarra.
Paxkal, lanerako biziki maxkal.
Peio kaskoina, mihian pozoina.
Pello baboa, itxi ezak ahoa!
Pello, gauez jai, egunez lo.
Periko perrexil oraindik ez da hil.
Perikoren pertika neska askoren irrika.
Peru, ez buztan eta ez buru.
Pilar maribaldar.
Pili Fandango, ez hemengo eta ez hango.
Praxku turruta, urrup eta zurruta.
Praxku zakilmotz, nesketan beti hotz.
Praxku zikin gona luze, atzeko aldeko enbajadore.
Salbatore, apain bezain dotore.
Salbatore, zakurren enbaxadore.
San Pedroren makatzak, txikiak eta latsak.
Terexa Pittilingorriko markesa.
Tomax pittu, nesketarako itsu.
Ttotte esku abila, xuxen habila?
Ttotte Kixu, sakola arin, zakila pisu.
Ttotte Larrart galtzetan tarrat.
Ttotte turutari, beti tutan ari.
Txomin Baigura, tripa bete eta kakagura.
Txomin Barrote, potrohaundi eta zakilote.
Txomin gautxori, hirea duk hori!
Txomin, tripako min.
Txominen txistorra, handia eta gogorra.
Unai, gauez bestan, bestondoan ai-ai-ai.
Xabierren gezia, ez geza eta ez gazia.
Xabiertxo alferra hortxe, aitzurra eta pala hantxe.
Xabin, hortxe kaka egin.
Xalbador, parranda ez duk hor.
Xanti kakontzi, koldar eta hitzontzi.
Xebastian, non besta, hi beti han.
Xerafin mokofin.
Xerafin mutur zikin.
Xerafina mutur zikina.
Xerafina mutxuflina.
Zeruetan izarrak, Joxeparen zangoetan bixarrak".


"www.kazeta.eus"                                
Joseba Aurkenerena                                 
2014-10-16                                 


No hay comentarios:

Publicar un comentario