2012-11-25

Santiago San Roman Otegi

Guaixe

"Santiago San Roman olaztiarrak “egun on!” batekin hartu gaitu etxean. Txikitan euskaraz egiten bazuen ere, gaur egun ez da elkarrizketa euskaraz jarraitzeko gai, baina Guaixe gustura irakurtzen duela esan digu. Astekariaren bidez gaurko Sakanaren berri jasotzen du. Guk berriz, haren ahotik, atzoko Olazti ezagutu dugu.

Galdera indiskreto batekin hasiko dugu elkarrizketa. Zenbat urte dituzu?
Hortxe-hortxe 24 (kar-kar). 84 bete nituen hilabete honen lehen egunean. Olaztin egin dut bizi osoa.

Zertan aldatu da herria urte horietan?
Haurrak ginenetik bizimodua asko aldatu da. Adibidez, politikan, nekazaritzan…

Zertaz bizi zineten zure etxean?
Bost anai ginen. Bigarrena hil egin zen eta bi biki ere jaioberritan. Orduan ume fabrika zegoen. Aita Cementosen lanean hasi zen 11 urterekin eta 62 urterekin jubilatu zen behartu genuelako. Zaku biltegiko enkargatua zen eta 2.000 pezetekin jubilatu zen. Garai haietan diru asko zen. 71 urterekin hil zen. Kaka asko tragatu zuen lanean.

Oraindik Cementosen makinarik ez zegoenean, aitonak, nire aitak eta bere anaia batek idiekin egiten zuten lan. Hiru idi parerekin ibiltzen ziren bagoietan. Makina ekarri zutenean nire osaba Santiago han hasi zen lanean. Gero nire aita enkargatu egin zuten, eta osabak porlan zakuak eramaten zituen eskorgarekin.

Nik urte bat egin nuen Cementosen, 19 urterekin. Aitak enkargatu zeramatzan urte asko, eta ni bagonetarekin ibiltzen nintzen. Laberako zuloa egiten ari zirela, Higiniok adarra jotzen zidan neskekin. Ni ere tentagarri xamar nintzen eta alaba uzteko esaten nion. Haserretu eta bulegora bidali ninduen, eta han nire aita zegoen. Hurrengo egunean zaku biltegira bidali ninduten, zakuak kaira eramateko. Han denek aste bat egiten zuten, baina aitak 21 egun eduki ninduen han, ihes egin nuen arte. Aita nire bila zebilela esan zion batek “Hura zu baino argiagoa da. Lan gogorrenean jarri duzu, eta asko egin du”. Handik soldaduskara joan nintzen. Bueltan Cementosera itzuliko nintzen galdetu zidan aitak, eta nik ezetz. “Zergatik?” Eta nik “han zu zaudelako”.

Chapasera joan nintzen. 25 urte egin nituen han. Chapas itxitakoan 4 urte egin nituen boltsa fabrikan, eta hura ixtean trenbidera.

Herri honetan industria zenuten gero…
Bai, Olaztin industria asko izan dugu. Badakizu zenbatek lan egiten zuten goiko kanteran? Orain, entzun dudanez, 7 langile daude. Orduan, berriz, 800.

Nondik etortzen zen hainbeste jende?
Inguruko herrietatik, Ziorditik Irurtzunera arte. Eta gainera jende asko etorri zen atzerritik, Badajozetik eta inguru hartatik. Ongi hartu genituen. Batzuk hemen gelditu ziren, beste batzuk itzuli, beste batzuk Iruñera… Konbibentzia ona izan dugu eta gaur egun denak berdinak gara. Hemengoak kontsideratzen ditugu.

Gurasoak euskaldunak zenituen?
Bai, orduan hemen erabat euskaldunak ginen. Etxean euskaraz egiten genuen amarekin eta aminarekin, baina eskolan gaztelaniaz egiten hasi ginen. Eta gero gaztelera gehiago praktikatu dugunez galtzen joan gara. Lehen ez zen orain bezala, seme-alabei euskaraz egiten zaiela. Lehen gurasoak elkarrekin hitz egitera zihoazenean kalera bidaltzen gintuzten, “alde hemendik!”.

Noiz aldatu ziren gauzak? 
Gerra garaian Don Ramiro maisua etorri zen. Erregela zabal bat zuen, La Juliana deitzen genuena. Matematika, ortografia… jakin ez arren, katezismoa bazenekien ez zen ezer pasatzen. Bestela egurra ematen zuen.

Euskaraz hitz egiteagatik arazoak zenituzten?
Bai, euskaraz eginez gero zigortu egiten gintuzten. Niri behin ikaztegian sartu ninduen, baina egurrak pilatu, eta goiko aldean zegoen leiho batetik atera nintzen. Gero irakaslea nire bila joan zen, egurra emateko.

Euskara herritar xehearen hizkuntza zen? Konplexuak zeuden?
Herriko aberatsenek ere euskaraz egiten zuten, behartsuenak kanpotik etorri baitziren. Herriko denek lurrak zituzten, eta lurrak landu eta fabrikan lan egiten zuten. Kanpokoek, berriz, ez zuten lurrik.

Etxabarritarrak ere euskaldunak ziren?
Ez, haiek ingelesez egiten zuten (kar, kar). Gaur egun udaletxea dena haien etxea zen. Juan Etxabarriren aitona Lizarraldetik etorri zen ikatza egitera. Gero zerrategia fundatu zuen eta garatzen joan zen. Semeak eraman zuen negozioa, baina gerran hil egin zuten.

Urte latzak gerra garaikoak.
Errepresio handia izan zen. Burunda aldean jende asko hil zuten. Enpresa asko zegoen, eta hegoaldetik etorri zen jendea iraultzaileagoa zen, sindikalistak ziren. Hemengoek etxean zeuden lanean eta, nik uste, ez zuten politikarik. Baina falangistek etxekoak hil zituzten. Anicetoren aita fabrikan hil zuten. Kisusgilea zen eta aldamiotara igo ziren bera bila. Fabrikara gaueko txandan joaten ziren. Eta ohetik ere ateratzen zituzten.

Gerra ostea eta frankismoa pasa, eta trantsizioa etorri zen.
1980an udaleko aguazil postua atera zuten. 5-6 lagunek egin genuen eskaera eta ni aukeratu ninduten. 14 urte egin nituen udaletxean. Aguazil, fontanero, guardamonte, enterradore, sereno… denetarik egin dut.

Zein zen serenoaren lana?
Gaueko 11:00etaik goizeko 6:00etara kalean bueltaka ibili eta mugimendu arraroren bat bazegoen kontrolatzea. Olaztin 3 geunden.

Garai batean mugimendu handia egoten zen gauetan. Hau ETAkoa zela eta ez zela. Behin sereno nenbilela, elkartean kafe bat hartu eta kalera atera nintzen. Plazan bi gazte zeuden eta bapatean Guardia Zibila agertu zen. Gazteak eraman egin behar zituztela ikusta, haiengana joan nintzen. Tenienteak agurtu egin ninduen takonazo batekin. Gazteak bakean uzteko esan nien. Haiek barkamena eskatu eta askatu egin zituzten. Erabat mozkortuta zeuden.

Aguazil bezala, herrian antolatzen zen guztiaren lekuko izanen zinen…
Festetako dekoratzaile, fruteroei kobratzen… denetarik egiten genuen. Eta otamenak ere ematen genituen. San Migeletan eta Santa Anetan kakahueteak ematen genituen. Lehen urtean gogoan dut 10 kakahuete zaku zeudela. “Hau dena jaten da?” galdetu nion Migel aguazilari. Eta hark: “Hori eta gehiago balego ere”. Kaletik saski batekin joaten ginen eta eskukada bat ematen genion bakoitzari, baina batzuek boltsa jartzen zuten edo eskua zakuan sartzen saiatu. Ondoren sardina erreak etorri ziren, eta orduan ere jendea ezin txanda hartu.

Jubilatu elkarteko juntan nengoela, sagardoan egositako txistorra egin behar genuen, eta plazara ateratzerako bazegoen hartzea nahi zuenik. Eta nik ezetz, plazara iristean denen herriko artean banatuko genuela. Ze komediak! Han jaten zutenarekin gero ez zuten etxean jaten.

Aitari bezala jubilatzera behartu zintuzten?
Ia bai, baina azkenean 65ekin jubilatu nintzen. Udalekoa beste seguru bat zen eta ez nuen jubilatzeko plan ona. Sindikatuan esan zidaten udaleko lana kotizazioan kontuan hartzen zela eta gainera maila igo zidaten. Atzeratutako denarekin jubilazioa igo zitzaidan eta gustura gelditu nintzen.

20 urte pasatu dira, baina oraindik sasoiko zaude.
Tipo berezia naiz. Gauzak ongi egitea gustatzen zait. Goizeko 8:00etan esnatzen naiz. Etxean egin beharrekoak egiten ditut: mandatuak, ogia erosi, paseo bat eman… Arratsaldean jubilatuenera joaten naiz eta partida batzuk egiten ditugu partxisean. Arratsaldeko 6ak egiten zaizkit eta etxera itzultzen naiz telebista pixka bat ikustera. Horrelakoak izaten dira nire egunak.

Baratzik ez?
Ez, zigortuta naukate, baina ez diet kasurik egiten. Atzo ureztatzen egon nintzen eta hazi batzuk bota nituen. Orain ongi etorriko litzaioke euri erauntsi bat, 14 bat litro.

Asko elkartzen zarete jubilatuenean?
Ez, jende gutxi, baina bazkari ona badago leporaino.

Bertan dituzue Santa Ana festak. Nola bizitzen ditu jubilatu batek?
Santa Ana egunean bazkaria dago jubilatuetan. Lehengusuek beste bazkari bat egiten dugu, eta gainerako egunean txuri batzuk hartzera ateratzen gara. Eta animatuz gero, jotatxo bat abesten dugu. Joan zen urtean tenplatu ginen.

Lehengo edo oraingo festak nahiago?
Ezberdin bizitzen dira. San Juan bezperakoa festa handia zen. Gaua Batuekon pasatzen genuen. Lizarraldetik jendetza etortzen zen zaldiekin. Garrafoia batueko-urez bete, eta juerga egin ondoren itzultzen ziren. Lohia ere eramaten zuten, larruazalarendako ona omen zen. Ihoteak ere zoragarriak ziren. Gazteek uztarria eta idiak bezala lotzen ziren eta larruak janzten zituzten. Mozorrotuta, asko aldamenaz mendekatzen zen.

Ihoteak, euskara… galdu egin ziren, eta asko kostatu da berreskuratzea. Ikastolarekin gauzak aldatzen joan ziren. Euskaltzaletasuna sortu eta mugimendu handia egon zen: dantza taldea, txistua… Guk etxean ez dugu euskaraz egin, baina ilobarekin noiz edo noiz egiten dut.

84 urterekin Bierrik fundazioko bazkide egin zara.
Guaixe larri zegoela esaten etorri zitzaizkidan eta alabek bazkide egitera animatu ninduten, eta nik ere gogoa nuen. Guaixe gustatzen zait; irakurtzen dut. Pasada eman eta gero, Iruñean bizi den ilobari pasatzen diot, eta ahazten bazait eskatu egiten dit".

"Guaixe" aldizkaria
2012-7-27

No hay comentarios:

Publicar un comentario