2015-08-24

Itziar Maestrojuan Biurrun


Terahertzen mailan ikusteko sistema baterako osagai berritzaileak garatu dira estreinakoz tesi batean


Itziar Maestrojuán Biurrun teknologia horretan lanean ari da, zeinak aplikazioak baitauzka medikuntzan, segurtasunean, defentsan eta elikagaien industrian
diario.noticias. - Jueves, 6 de Agosto de 2015 - Actualizado a las 14:53h


Itziar Maestrojuán Biurrun
Itziar Maestrojuán Biurrun (UPNA)


Terahertzen maiztasunek daukaten berezitasuna da aukera ematen dutela beste maiztasun maila batzuetan, esaterako ikusmenaren, mikrouhinen edo X izpien mailetan, ezinezkoak liratekeen gauzak ikusteko. Hala, ahalbidetzen dute ikustea arroparen azpian ezkutatutako zeramika arma bat edo lehergailu bat, azaleko minbizia hasierako faseetan edo elikagai jakin batzuen propietateak. Nafarroako Unibertsitate Publikoan irakurri duen tesian, Itziar Maestrojuán Biurrunek irudi aplikazioetarako teknologia espezifikoa garatu du maiztasun maila horretan.

“Tesi honek aukera zabaldu du mota horretako substratuak estreinakoz erabiltzeko sistemaren osagaiak inplementatzeko xedez; horrek galerak murrizten ditu eta, hortaz, nahasgailuaren funtzionamenduaren hobekuntza dakar”, dio Itziar Maestrojuánek. Izan ere, bere ikerketak zenbait berrikuntza ekarri ditu: alde batetik, terahertzen mailan ikusteko sistema bat garatu du COC (cyclic olefin copolymer) substratuak erabiliz haren osagaiak inplementatzeko; bestetik, halaber estreinako aldia da laugarren harmonikoko nahasgailu bat diseinatu, fabrikatu, neurtu eta argitaratu dena WR2.2 bandan, zehazki 440 GHz-etan.

“Development of Terahertz Systems for Imaging Applications”, izenburua daukan tesia Ramón Gonzalo García Seinalearen Teoria eta Komunikazioetako katedradunak zuzendu du. Lana oso-osorik egin eta defenditu da ingelesez, maila goreneko epaimahai baten aurrean. Epaimahaia osatu dute AEBtako (Virginia Diodes), Alemaniako (ACST) eta Herbeheretako (Europako Espazio Agentzia) zenbait profesionalek, eta Bikain cum laude kalifikazioa erdietsi du Nazioarteko Doktore aipamenarekin.

Ikertzaile honek azaltzen duenez, edozein objektuk, zero kelvin gradutik gorako tenperatura edukitzeagatik, hartzaileek atzematen duten erradiazio bat igortzen du eta, horren bidez, gorputz desberdinek igortzen duten erradiazioaren kontrasteari esker, irudi bat lor daiteke. Terahertzen mailan lan egiten duen kamara batek "aireportuetako segurtasuna handitu ahalko luke, arroparen edo azalaren azpian ezkutatutako objektuak bereizten dituelako, hareazko ekaitz batean helikopteroak aireratzeko lagungarria da eta zeregin garrantzitsua izan dezake medikuntzan (azaleko minbizien detekzioa, txantxarra, tomografia pasiboa, etab....)".

Irudiaren bereizmen ona

Substratu berrien erabilerak nahasgailuak diseinatzeko daukan bideragarritasuna egiaztatu ondoren, 1x8 elementuko array bat (hargailu multzoa) diseinatu zen. Lehenengo aldiz Espainian erakutsi zen array operatibo hau, irudi aplikaziorako zortzi Schottky diodo nahasgailuz osatutakoa.

Tesia bukatzeko, hartutako irudiak azaltzen dira (horretarako, gainera, Alfa Imaging enpresak lagatako sistema kuasioptiko bat erabili zen). “Egiaztatu zen bazegoela irudiak hartzeko aukera diseinatutako osagaiekin —azaldu du Itziar Maestrojuánek—. Emaitzek erakutsi zuten objektuen bereizmen ona eta potentzia aldatzen zela izaeraren arabera".

Erabiltzaileak, esaterako, giza gorputz batean bereizi ahal izan zituen plaka metaliko bat edo zeramika materiala: atzeman eta formaren bidez identifikatu. "Aire zabalean, sistematik 4 metrora hartutako irudiek, ahalbidetu zuten pertsona bat bereiztea eta bularrean jarritako plaka metaliko bat atzematea; eta horrek aireportuetako gaur egungo eskanerren alternatiba bat eskaintzeko aukera ematen digu".

Itziar Maestrojuán Biurrun Telekomunikazioko ingeniaria da NUPen (2010), eta instituzio berean egin zuen Komunikazioetako Unibertsitateko Masterra (2011). Ikerketa egonaldiak egin ditu Rutherford Appleton Laboratory teknologia zentroan, Oxforden, Ingalaterran. Hainbat ikerketa-proiektutan parte hartu du, horietako lau zuzenean bere tesiarekin lotuak; “Semiconductor THz Technology” liburuaren kapitulu baten egile laguntzailea da; 4 artikulu argitaratu ditu nazioarteko zientzia aldizkarietan; eta nazioko eta nazioarteko biltzarretako 25 komunikazio baino gehiagoren egilea da. Gaur egun ikertzaile lana egiten du NUPeko Antenen Taldeko spin-off den Anteral enpresan.


No hay comentarios:

Publicar un comentario