2014-10-19

Mutil dantzak


"Aurten ere Santiaoak ospatu dira Elizondon eta inoiz bezain animatuak izan dira, batez ere mutil dantzaren inguruko zalapartengatik. Denek badakigu, bere izenak dioen bezala Mutil dantzak mutilen dantzak direla eta betitik Baztanen halaxe dantzatu direla. Berriki, neskak ere dantza tradizionale horretan parte hartu nahirik, talde bat montatu dute eta bestetako dantza lerroetan, mutilak bezala, dantzan ari dira.
Gauzak halaxe izan balira, arazorik ez litzateke egongo, bainan saltsak bere perrexila badakar eta giroa pil-pilean dago.

Baztango herri gehienetan eragozpenik ez dago eta neskak mutil dantzetan aspaldi parte hartzen dute, Elbete eta Elizondon ezik.

Elbeten, Hondarribiko urratsak segituz, talde berezi bat montatu omen dute, karteletan hala agertzen baita eta kanpotik dantzaldi pribatua dirudi. Pribatua, noski, baina herriko plazan eta kanpoko gizonak soilik onartzen dituenak. Pribatu xamarra beraz, edo agian erabat publikoa.

Elizondon gauzak okerrera doazela iduritu arren, dantza mixtoaren aldekoak gerlatxoa irabazi dute, agian Udaletxean Bildu poderean dagoelako, ean noiz arte.

Pentsa noraino doazen arazoak, herriko txistulari bandak Elizondoko plazan ez duela jo nahi eta alkateak Arizkun eta Erratzuko txistulariak ekarrarazten dituztela. Santiao patroi egunean gizon mutildantzari ohiak plazara ez dira agertzen ere eta bat-bateko agerraldiak egiten dituzte, herriko beste plazetan, hori, nesken aldekoak ez badaude jakinaren gainean, bertara agertzeko eta dantzan lerrokatzeko. Azken boladan, toki pribatuetan dantzan aritu izan dira, hau da Ana Mari Marin margolariaren jardinean. Horren inguruan,irainak, laidoak, bultzakadak… Irun eta Hondarrabi dirudi.

Gai honetaz idaztea dagokit, orai berroigoi urte dantza munduan murgilduta nagoelako, bai txistulari gisa, baita era Begiraleak dantza taldearen zuzendari bezala eta harropuzkeritan erori gabe, zertaz mintzo naizen badakit, aspaldiko mutil dantzaria naizelako gainera.

Halaxe, ni bezalako askok euskal tradizioaren aintzinamenduaren lekuko izan gara, bai dantza taldeetan, non, betiko mutilen dantzak, neskaratuak izan diren ( Uztai dantzak, Agurrak, sagar dantza, Mutxikoak, eta orai ere Xiberuko dantzak, dantzari mutilak eskas direlako). Eskerrik, denek badakigulako ere neskik gabe dantzen transmisioa benetan desager daitekeela.

Gehienetan, sasi tradizio horien defentzaileak, kultura inguruko zerbaitera lotzeko aitzakia aurkitzen baitute horietan, askotan euskara galdu dutelako (Elizondo), seme alabei gure hizkuntza ez dietelako erakutsi eta euskal kultura erabat arrotza dutelako. Gehienetan ere eskuindarrak dira, fededunak, besteen egiteko moldeak soilik politikoak eta iraultzaileak direla pentsatzen dutenak. Honek ez du esan nahi politikarik ez dagoenik afera honetan, ez eta ere alardearen asuntoan, bainan azken hau ez da garrantzitsuarena, gizon eta emazteen berdintasuna baizik.

Behar bada arrazoinez, ez baitakit, batzuek erantzungo didate, beste arlo garrantzitsu batzutan eska daitekela berdintasuna, xumekeri horietan erori gabe. Agian ! Baina Irun eta Hondarribian ospatzen diren militar arloko desfileak, urtean behin ospatzen dira, patroi egunean soilik. Mutil dantza ez da berdin, eguneroko gauza baita, urtean zehar, Baztango hamabost herrietan dantzatzen dena, Baztandarren biltzarrean, auzoetako jaietan… oro har uretan hogei bat aldiz, beraz eguneroko bizian sarturiko dantza da. Elizondo eta Elbeten ezik, horixe ongi ulertu dute eta normaltasunez ari dira dantzan emazteak, zergaitik ez horietan? Atzerakoiak direlako? Sasi hiriburua eta bere auzokidea direlako? Bi herri erdaldunenak izan direlako? Besteak baino adituagoak direlako, ala hala uste dutelako.

Begira, euskal tradizioak aurrera joan behar du baina gure gizarteari egokituz. Pentsa zer litzateke euskal kantua arren abesbatzak soilik balira, ez litzateke euskal musika modernorik, ez andre bozarik, agian, aldiz erdaldun ainitz.

Herri hauteskundeak bi urteren buruan dira, dudarik gabe afera honek Baztanen bere eragina izango duela. Agian arazoa konponduko den eta denak batean dantzatuko duten. Zalantzan nago".


"www.kazeta.eus"                 
Xabier Soubelet                 
2014-9-2                 




No hay comentarios:

Publicar un comentario