"Eskolaz kanpoko ekintzen abaniko zabalean beste aukera bat
baino gehiago da Gero Axular dantza taldeak eskaintzen duena. Ez da
mugatzen astean birritan haurrei ezpata-dantza, jota eta arina-arina
irakastera. Baina, noski, hori ere egiten du. Donostiako Axular
ikastolako ikasleen gurasoek sortu zuten taldea, 2004. urtean, Gero
Axularreko zuzendaria den Juan Luis Unzurrunzagaren ustez,
transmisioaren jarraipenean arazo bat zegoelako.
“Hau da, ikastolan bazegoen dantza talde bat, baina haurrak
bost urterekin dantzan hasi eta zazpi urterekin utzi egiten zuten”.
Horri erantzun bat eman nahian gurasoak biltzen hasi ziren, egoera nola
irauli aztertzeko, haurren eta gazteen ilusioa zein zen jakiteko, eta,
ondorioz, haien jarraipena bermatzeko. “Helburua garbia zen: haurrei
eman nahi genien betegarri zitzaien hura; kulturak aurrera egin dezan,
haurrei eta gazteei eurek eskatzen dutena eman behar zaie”.
Eta ahalegin horrek guztiak emaitza positiboak ekarri dizkio
taldeari. Izan ere, momentu honetan 290 kidek osatzen dute dantza
taldea. Gaur egun, betiko fandangoa, arinarina eta edozein herritako
jaietan dantzatu ohi diren beti-betiko dantzak irakasten eta dantzatzen
dituzte, baina baita, horiek oinarri hartuta, koreografia landuagoak
ere. Unzurrunzagak dio eraldaketa gertatu aurreko garaietan, Gero
Axularren dantzaren irakurketa tradizionala baizik egiten ez zen
garaietan, 30 dantzari bakarrik zebiltzala taldean, eta seguru dago
emandako pausoak eragin zuzena izan duela.
“Oso garbi izan behar dugu nondik gatozen eta zein den gure
tradizioa, horretan ados gaude. Talde batzuek ikerketa lan hori egin
behar dute, eta, lan hori ez balego eginda, guk geuk egin beharko
genuke; baina, hori argi esan ondoren, uste dugu gaur egungo gazteek
beste pauso bat emateko eskatzen digutela, eta horri erantzuna eman
diogu Gero Axular dantza taldetik”.
Esate baterako, aldaketetako bat musikaren alorrean gertatu
da. Unzurrunzagak dio haurrak eta gazteak ez zirela motibatzen txistu
bakar batekin, eta, hortaz, “musikari garrantzi handia eman behar
zitzaiola”. Horregatik, bai haurrei, bai unean uneko ikuskizunari berari
gaur egungo soinuen berezitasuna ematen saiatzen da taldea, eta, betiko
txistu eta txirulez gainera, adibidez, flautak, gitarrak eta era
guztietako perkusioak erabiltzen dituzte.
Dantza taldearen bigarren sasoian
abiatutako haur horiek 20 urtetik gorako gazteak dira dagoeneko, eta
“umetan hasi ziren haietatik erdiek baino gehiagok jarraitzen dute
taldean”; beraz, taldearen egitura zabaldu egin da: egun umeen talde
bat, gazteen talde bat eta nagusien talde bat barnebiltzen ditu Gero
Axularrek. Gainera, atea edonorentzat irekita dagoela azpimarratu du
zuzendariak, eta horren erakusle da ikastolarekin zerikusirik ez duten
partaideak ere badirela dantza taldean.
Dantzarien mailari begiratuta ere, ez dute inolako
eskakizunik egiten. “Ia gehienak zerotik hasten dira, eta, beraz,
irakasle lana ere egiten dugu, haurrei zein nagusiei zuzenduta. Gero,
gainera, horietako batzuk taldean bertan geratzen dira. Baina, era
berean, maila jakin bat dutenekin hobekuntza eta teknifikazio saioak ere
egiten ditugu”.
Martxoaren 28an aurkeztu zuen
Gero Axular dantza taldeak bere azken ikuskizuna, Donostiako Viktoria
Eugenian: Itzal galduak. Pozik agertu da Juan Luis Unzurrunzaga
zuzendaria obrak izandako harrerarekin: “Jendetza batu zen antzokian,
eta kritika onak eta baikorrak egin dizkigute; denek zoriondu gaituzte,
oso pozik gaude”. Ikuskizunen bidez, dantza erakusteko beste modu bat
eskaintzen du taldeak, tradizioan oinarritu arren, pauso bat egiten du
aurrera, eta hori da ikusleak aurkituko duena Itzal galduak lanean ere.
Azkeneko ikuskizunetan taldeko kideek sortutako istorioak
kontatzen saiatzen direla aipatu du Unzurrunzagak, betiere momentu
historiko jakin eta erreal batean kokatutako istorioak. Azken lan
honetan Nafarroan kokatzen da lana. Bigarren gerra karlista eta gero,
Nafarroan krisi ekonomiko handi bat bizi izan zuten, eta, ondorioz,
milaka gizonek eta emakumek Maulera alde egin behar izan zuten, bertako
espartina fabriketan lan egitera. Testuinguru horretan, Otsagabiako
mutil gazte bat da ikuskizuneko protagonista; bere arima saltzen dio
deabruari, ikasketak ordaindu ahal izateko, eta, ikasketak amaitu
ostean, Otsagabiara itzultzen da, herria etorkizun hobe batera
gidatzeko.
Koreografia sortu, zer pauso erabiliko duten aukeratu, musika
moldatu, arropa sortu… Hori guztia zaindu behar omen da oholtzara
emanaldia atera aurretik, baina oraingoan taldekideek beste urrats bat
gehitu nahi izan diote obrari: “Sortu genuen aurreko lana Argizaiola
izan zen, eta Gernikako bonbardaketaren ondoren herrian bertan kokatzen
zen istorio bat kontatzen genuen bertan. Baina lan horrekin alderatuz
gero, dantzarien teknikari dagokionez, aldaketa batzuk dakartza Itzal
galduak ikuskizunak. Obra honetako pausoak, adibidez, zailagoak dira,
zailtasun bat bilatu dugu ikuskizun hau sortzeko orduan. Teknikoki
erronka hori jarri nahi genion taldeari, eta uste dugu erronkari
erantzun ona eman diogula”.
Donostiako emanaldia eta gero, ekitaldiz beteta ditu datozen
hilabeteak Gero Axular dantza taldeak. Maiatzaren 24an, esaterako, Itzal
galduak ikuskizuna Noainen egongo da ikusgai. Ekainean
tradizioarekin eta San Joan bezperako dantzekin du hitzordua, Donostiako
Aiete auzoan, eta hilabete horretan bertan, 27an, Greziara joango dira
taldekideak, besteak beste. Beraz, Gero Axular dantza taldeak argi du ez
duela ez itzalik eta ez galdutako ezer nahi, etorkizunari bizi-bizi
begiratzen dioten argi printzak baizik, gazteenei ere erakargarri
zaizkien euskal dantzak baizik; eta horri arnasa emateko aukera ugari
izango du eguzkiak berotutako datozen hilabeteetan".