2013-06-07

"Leitzako historia"

Leitzako armarria
www.leitza.net
























"Leitzako ibilbide historikoa luzea izan da, eta ibilbide horrek utzi dituen aztarnak mota desberdinetakoak izan dira. Ezagutzen diren aztarna material zaharrenak historiaurrekoak dira, zehazkiago esanda k.a. 4000 urte ingurukoak, eta Mendibilen dagoen bi ganbaradun trikuharri batenak dira. Aurkitu diren ondorengo aztarna zaharrenak Urolako harrespilak dira, k.a. 2000 urte ingurukoak direnak. Baina hauek ez dira historiaurrean giza presentzia azaleratzen duten aztarna bakarrak. Mugaren beste aldean aurki daitezke, esaterako, Atxintxa, Azerilar, Azpalategi, Bi ahizpen sepultura, Esitu, Igolitz, Lizarrain eta Orin hilobiak.

Historiaurretik errepaso bat egin ostean Leitzaren inguruan ezagutzen diren aipu idatzi zaharrenak aipatu behar dira. Orain arte ezagutzen den herriaren aipu idatzi zaharrena Antso Nagusiaren (1004-1035), Iruñeko erreinuko errege izan zenaren, garaikoa da. Gaur egun kontserbatzen den agiri honen kopia zaharrena XIII.mendekoa da, eta Iruñeko katedralaren artxiboan dago. Bertan ikus daitekeenez, dokumentu honek bi zati desberdin dauzka. Lehenengoan Iruñeko katedralaren jabegoak erroldatzen dira, eta bigarrenean Iruñeko diozesiaren mugak deskribatzen dira. Azken zati honetan aipatzen dira Leitza eta Areso Belate eta Gipuzkoa arteko beste haran batzuekin batera. Honen arabera Leitza diozesiaren parte izango zen Antso Nagusiaren garaian, legez behintzat. Hala ere, komenigarria da kontutan hartzea aipaturiko agiriaren egiazkotasuna zalantzagarria dela. Baliteke dokumentuaren zati batzuk benetakoak izatea, baina litekeena da beste batzuk gerora faltsutuak izatea, XI.mende hasieran diozesien mugen deskribapen zehatzak egitea ez baitzen oso arrunta.

Hurrengo aipu idatzia 1192koa da, orduan Leitzak eta Aresok, egun bi udalerri direnak baina garai hartan bakarra osatzen zutenak, Antso VI.a Jakintsuaren eskutik forua jaso baitzuten. 1192 eta 1194 artean Nafarroako erregeak hamasei foru emanaldi gauzatu zituen nekazal komunitateetan, eta Leitzako eta Aresoko forua multzo honetan kokatu behar da.

Foruaren edukian barneratuz gero, Leitzako eta Aresoko biztanleek ordaindu beharreko bi zentsuak dira topa daitezkeen lehenengo gauza. Lehenengo zentsua eta garrantzitsuena petxa litzateke, eta agirian Nafarroako erregeak nekazariei etxeko lau soseko petxa ezarri ziela ikus daiteke. Hemendik bi gauza ondorioztatu daitezke. Lehenik eta behin, Leitzan eta Areson ordainketa kopurua etxe bakoitzari egotzi zitzaiola. Bigarrenik, herri hauetako biztanleek ordainketa dirutan egiten zutela. Hori bertako biztanleak abeltzaintzan jardutearekin lotuta dago, jarduera horren bidez lor zezaketena dirua baitzen (animaliak edo animalietatik lortutako produktuak salduz...). Hau konfirmatzen da Leitzan eta Areson emakumezkoek eta gizonezkoek petxen ordainketa maiatzeko azken astean egin behar izanarekin. Ordainketa sasoi honetan egitea abeltzaintzaren ziklo naturalarekin lotuta dago, udaberriak izaten dituztelako umeak bazka animaliek eta maiatzaren azkenean negua pasatzeko gune baxuagoetara lekualdatzen ziren animaliak berriro ere mendira igotzen direlako.

Mendialdeko beste hainbat forutan bezala, Leitzako eta Aresoko foruan ere etxe baten buruan zeuden emakumeen ordainketa erregulatu egiten zen. Bertan adierazten denez, alargun izanda ere etxean gizonen bat zuten emakumeek petxa osoa ordaindu behar zuten. Baina etxean gizonik ez zuten alargunen kasuan, lau emakumeren artean ordaindu behar zuten petxa osoa. Hau ordainketak erregulatzeko ohiko prozedura zen.
Foruaren agirian ikus daitekeenez, petxa ez zen izan Leitzako eta Aresoko biztanleengan erregeak konfirmatutako karga fiskal bakarra. Ganaduaren gaineko zergaren kobrantza ere baieztatua izan zen bi herri hauen kasuan, Nafarroako mendialdeko beste herri batzuetan bezala. Herri hauetako biztanle izan eta zerriak bazeuzkaten, urtero San Andres inguruan, azaroaren 30aren bueltan, animalia bat eman behar zuten. Kontua da pribilegio hau ematearekin batera honek eragin zitzakeen iruzurrak aurreikusteko egoera erregulatu egiten zela. Horregatik, herri forudunetako biztanleak bertako lurretan kanpoko norbaiten ganaduarekin harrapatuak izanez gero bostena ordaintzera behartuak zeuden.

Hau ez da foru emanaldian ganaduaren inguruan egiten den adierazpen bakarra. Nafarroako monarkak Leitzako eta Aresoko biztanleei bere lurretan libreki bazkatzeko eskumena eman zien. Eskumen hau ez zen ohikoa, eta foru txikiak jaso zituzten herrien artean Leitzari eta Aresori egotzi zitzaion soilik.

Zentsuen ordainketen inguruko azalpenen ostean, foru emanaldi honetan justiziak ere izan zuen lekurik. Agirian adierazten denez, justiziaren administrazioa erregearen eta bere ofizialen esku geratzen zen. Hauek ziren biztanleengan isunak ezartzeko eskumena eta betebeharra zutenak, eta Leitzan eta Areson ere hori egiten zuten. Calonias eta homicidium bezala ezagutzen ziren isunak dira foru honetan azpimarratzen direnak, istripuz gertatutako heriotzak eta erailketak zigortzeko helburua zutenak.

Leitza agertzen den hurrengo idatzia Baezako guduaren (Jaen) garaikoa da, 1227ko San Andres egunekoa. Gudu horretara leitzar batzuk Lope Diaz de Haro Bilboko jaunaren alde borrokatzera joan ziren. Laguntza hori eskertzeko Bilboko jaunak Bizkaiko armarriaren antzekoa eman zion Leitzari, baina bi otso izan beharrean otso bakarra zeukan.

Leitzako eta Aresoko foru emanaldiaren edukian ikus daitekeenez, garai hartan abeltzaintzak presentzia handia zeukan lurraldean, baina ezin alboratu daitezke nekazaritza eta batez ere industria. Azken hau gehien bat burdinoletan oinarritzen zen, eta oraindik ere agerikoak dira hark utziriko aztarnak: Astibia, Eskibar, Hurto, Ibero, Irizabal, Matxain, Olaberria, Rezuma, Sarasain eta Urdinola esaterako. Hauetatik burdina eta iltzea lortzen zen, gehien bat merkatal flotara bideratzeko.

Erdi Aroan jarraituz, Leitzako herriaren kokapenak jokatu zuen papera azpimarratzeko modukoa da. Nafarroa eta Gipuzkoa arteko mugan kokatzen da, eta hori dela eta Nafarroako monarkia herria babesten saiatu zen. Horretarako funtsezkoa zen Leitzan zegoen gaztelua mantentzea. Baina lurraldea babesteko saiakera horrek ez zuen lurraldeko egoera guztiz baretu. Hori agerian geratzen da 1321.urteko dokumentu batean, non lurraldea "frontera de malhechores" bezala izendatzen den, lurraldearen kokapenaz baliatuz bertakoek lapurreta ugari egiten zituztela argudiatuz. Muga arazoek denbora luzez iraun zuten.

Borroka horiek agerikoak dira XV.mendean ere. Orduan Leitza Nafarroako eta Gaztelako erreinuen arteko mugan zegoen, eta horregatik bi lurralde hauetako erregeen arteko borroken ondorioak pairatu zituen. 1429an gaztelauak herria txikitu egin zuten, eta horren ondorioz zortzi urtez, 1437.urtera arte, Leitza Gaztelaren esku geratu zen. Orduan Nafarroako erreinuan integratu zen berriro. Denbora batez egoera baretu bazen ere, arazoak 1444ean berriz piztu ziren, herria beste behin suntsitua geratuz.

Hala ere, ezin ahaztu daiteke leitzarrek beren herritik kanpoko Gaztelaren aurkako borroketan ere parte hartu zutela kasuren batean. Esaterako, Nafarroaren independentziaren galtzean erabakigarria izan zen 1522ko Noaingo batailan hantxe izan ziren Nafarroako erreinua defendatzen.

Historian aurrera eginda herriaren bilakaera baldintzatu zuen prozesu bat gauzatu zen: 1770ean Leitza eta Areso bereizi egiten dira. Hori dela eta Leitzako herriak biztanleak galdu zituen. Baina banaketarena ez zen arrazoi bakarra izan. Denbora hartan borroka desberdinak piztu ziren inguruan (Konbentzio gerra, karlistadak...), eta jendea miseria gorrian bizitzea eragin zuten, biztanleriarengan galerak eraginez. Horretaz gain, batzuk herritik joatea erabaki zuten, eta horretarako arrazoiak desberdinak izanik: Bizkaiko labe garaietara lan bila joatea, Amerikara jotzea bizimodu hobeago baten bila... Beherakada hori nabarmena da kopuruei begiratu bat emanez gero: 1.724 biztanle zeuden 1800.urtean, eta 1880erako 1.399 zeuden.

Orduan hasi zen biztanleria berriro gora egiten, eta XX.mendean zehar Leitzaren demografiaren kopururik altuenak lortu ziren. Zeintzuk izan ziren hori ahalbidetu zuten faktoreak? Burdina berriro indartzea, Plazaola trenaren agerpena (herritik pasatzen zena eta 1953.urtera arte iraun zuena), paper lantegia herrian ezarri izana... Azken hau izan da urte luzez herriko ekonomiaren oinarria, eta egun ere horrela da, bertako langile kopuruak behera egin badu ere oraindik ehunka pertsona baitaude bertan lanean".

www.leitza.net

No hay comentarios:

Publicar un comentario