2014-12-15

Eneko Dorronsoro































"Xalbador izana eta izena" dokumentala estreinatu zen igandean
Eneko Dorronsorok zuzenduriko film honek
Urepeleko bertsolari handiaren ikuspegi ezberdinak biltzen ditu.
Pertsona atzemateko mitoa hil behar dela; ideia horretatik abiatu bazen ere,
Dorronsorok pertsona aurkitzeaz gain, mitoari ere bere tokia eman dio:
"Laborari poetari eta txistuak txalo bilakatu zituen gizonari".
Izan ere mitoa existitzeko arrazoiak badirela ondorioztatu du:
"Bere bertso eta sorkuntza literarioan mitoa existitzen bada oinarri sendoa du
eta oinarrian Xalbadorren bertsoa da inportanteena, utzi diona Euskal Herriari".

Nola bururatu zitzaizun Xalbadorri buruzko dokumentala egitea?
Parean tokatu zitzaidan egitea, etxean aita dut nik bertsoetan aditua eta umetatik bertsolarien bizitzak ezagutzen genituen eta Xalbadorrenak bazuen erakargarritasun bat bere bizitzan izandako gertakariek sortzen zutena. Parean tokatu zitzaidan "Odolaren mintzoa" liburua izatea eta hortik abiatu zen. "Hollywooden Xalbadorren bizitzaren berri izango balute filme bat egingo luketela" erran nien lagun batzuei eta beraiek dokumentala egitera bultzatu ninduten.

Zer esan nahi du "Xalbador izana eta izena" izenburuak? Dokumental bat egitean hari jakin bat segitu dezakezu eta Xalbadorrekin gauza asko nahi nituen esan. Herria eta hizkuntza alde batetik, bestetik eskolarik gabeko pertsona batek nola lortu dezaken kultur erreferente izatea, gauza asko ziren. Baina tartean bazen Xalbadorren jarraikortasuna, etxearen jarraipen hori, eta hortan oinarritu naiz, lau seme-alabak elkarrizketatu ditut. Xalbadorrek baditu bertso batzuk sortetxeari eginak eta "zuri sor dautzut naizena, izana eta izena" esaten dio etxeari. Dokumentalak hartu duen forma horretan presentzia nabarmena du bere familiaren jarraikortasunak, edo hurrengo belaunaldietan utzi duen arrastoa.

Zein da utzi duen arrastoa? Genetikoa batetik, oroimena, irakaspenak. Xalbadorren perfil ezberdinak bere seme-alabengan badira, bilobenganaino heldu dira. Zentzu horretan ez nuke esango Xalbador ezberdina denik beste inorengandik. Omenaldia egin nahi nion ere bere emazteari, edozein etxetan ezkutuan gelditu dena askotan.

Laborari poeta edo txistuak txalo bilakatu zituen gizonaren berezitasuna badu, baina familiaren bitartez gizona erakusten da.

Seme-alabekin hitz eginda zer deskubritu duzu? Gauza txikiak dira, nik uste dut gehiago dela atmosfera bat gauza konkretuak baino. Besteengan bizi dela, beste hildako pertsona bati buruz esan daitekeen bezala.

Familiako gizonaz gain bertsolariaz zerbait deskubritu al duzu? Edo dugu dokumentala ikustean? Bi ikuspuntu ikusi ditut, Xalbadorren bilobarekin, Eneko Bidegainekin eta Amets Arzallusekin gauza beraz hitz egin nuen, eta zen nola Xalbador bere bertso batzuetan bide bat markatzen du, baina gero kontraesanetan erortzen da batetik bestera joanaz. Atentzioa deitu zidan, bere bertsoen baitan baduela bata eta bere kontrakoa agertzea, bere baitako kontraesan horiek ageriago ematea.

Bestetik Gipuzkoar ikuspegitik, guretzat Urepel, Xalbador eta artzainaren bizitza hori zerbait bukolikoa zen eta errealitatean konturatzen zara gizon horrek euskararengatik edo euskararekiko duen konpromiso hori. Urepelen euskal mendietan izanik ere hango euskararen errealitatea ez dela nik buruan nuen berdina. Euskara eta Euskal Herriari buruz planteatzen dituenak hain argi eta hain garbi gizarte itxi eta txiki horietan balore izugarria da.

Pertsona ezberdinekin mintzatu zara Xalbadorren ikuspegi orokor bat bilatuz, bere famlia aipatu duzu, Amets Arzallus, Mixel Itzaila, Emile Larre edo Xabier Amurizarekin ere mintzatu zara, ze ikuspuntu ezberdin bildu dituzu osotasun hori osatzeko? Bilatu eta aurkitu dudana pertsona bat izan da. Mito batetik abiatu nintzen eta hori alde batera utzita pertsonaren interes horretan perfil asko dituen pertsona ikusi dut eta sarri etxetik kanpo eta etxeko ikuspuntua berbera dela.

Hor landu ditudan pertsona gehienek Xalbador ezagutu zuten eta beraz ez da izan mitotasunetik ikusia. Nire ikuspuntua zen mitoa hil behar zela pertsona aurkitzeko eta Amurizak esan zidan ez zaiola axola mito hori existitzea baldin eta arrazoirik baduen existitzeko, eta Xalbadorrengan bada arrazoi nahiko. Bere bertso eta sorkuntza literarioan mitoa existitzen bada oinarri sendoa du eta oinarrian Xalbadorren bertsoa da inportanteena, utzi diona Euskal Herriari.

Bertsolari ezaguna izateaz gain idatzizkoak beste eremu bat ireki zion.
Bai, gero gauza asko gertatzen dira, zuk intuizioa duzu eta erantzuna ez duzu inoiz izango pertsona ezbaita hor. Orduan ingurukoekin hitz egindako gauza asko daude. Nik esango nuke seme-alabek askotan aitaren bertsoengandik irakurritako gauzek atentzioa deitu diela zenbait kasutan.

Jose Mari Irondok Xalbadorri eginiko elkarrizketa bat lortu dut eta han intuizio horiek errealitate bilakatzen dira Xalbadorrek berak hitz egin zuelako horretaz. Hor ikusten da, aurrez imagina zitekeena, pertsona perfekzionista izate horretan saiatzen zela eta idatziak beste dimentsio bat irekitzen ziola. "Odolaren mintzoarekin" ireki ziola aukera hori denbora hain mugatuan.
Berak ere esaten zuen sufritzen zuela bapatekotasun horretan beste dimentsio bat ireki zitzaiola "Odolaren mintzoarekin" eta liburu horrekin hasi eta bukatu zen. Azkenean liburua aurkeztu zuenean hil zen bera eta ez zuen jarraipenik izan horrek.

Mitoa eta pertsona nola definituko zenituzke? Mitoa Xabier Leteren abestiak egin du, bi hitzetan: Urepeleko artzaina. Abesti horretan zein ongi definitzen duen aipatu dut Amets Arzallusekin. Mitoa Leteren poesia irakurriaz egiten da.

Pertsonarena zailagoa da. Alde batetik badu sortzeko beharra, bestetik gizarte eta bizibide bat horretara eramaten ez duena. 11 urtera arte joan zen eskolara eta ez zuen zertan aberastasun literariorik izan. Bestetik etxearen jarraipena ez zion aukera handirik eman horretarako.

Alde batetik sortzeko beharra eta bestetik laborantza eta bizitza Urepelgo mendietan horrek dituen zailtasunekin. Hirugarrenik bertsoak eman zion atea, ireki zion hezia bere errealitatetik irten eta mundu kulturalago batetara joateko.

Zer agertzen da dokumentalean? Pertsona baten zertzeladak. Bere seme-alabei protagonismoa eman nahi izan diet aitaren perfilean sentitu dudalako Xalbador hil eta 40 urtetara beti presente dagoen pertsonaia dela, beharbada hil zen eragatik ere.

Xalbadorrek Euskal Herrian utzitakoaren oihartzuna ikus daiteke dokumentalean? Zertzeladatxo batzuk, Xalbadorren bertso batzuk badaude baina uste dut lagungarri dela baino deskubrimendu baino. Ikusentzunezkoak horretarako bidea ematen du eta belaunaldi berriengana errezago iristeko ere. Nik uste dut ate bat izan daitekeela, alde batetik "Odolaren mintzoa"-ra joan eta han Xalbador deskubritzeko eta bestetik egingo balitz Xalbadorren bertsoekin rekopilatorio bat, hori ere belaunaldi berrientzat erakargarri puntu bat litzatekeela, baina argi dago Xalbador deskubritzeko "Odolaren mintzoa" behar dela. Nik uste dut hor dagoela bere bihotza, eta hori ordezkatzen ez naiz inolaz ere saiatu.

Durangoko azokaren ondotik non ikusten ahalko da dokumentala? Hortik aurrera herriz herri mugitzeko asmoa badute.

Dokumentala gertukoa egin nahi nuen, beraiengandik hasita eta dokumentala Hazparnen eta Iparraldean lehen aurkezpena egin izana niretzat oso inportantea da sinbolikoki. Xalbadorren lehen entzulea Iparraldekoa baita".


"www.kazeta.eus"                                 
Idoia Eraso                                 
2014-12-4                                 
(laburpena)                                 




No hay comentarios:

Publicar un comentario