"Gure zuzenekoak pieza bakarreko estraperlo poetiko-musikalak dira"
Mugaldekoak lagun-taldeak Beran du topalekua, nahiz eta urteko sasoi
luzea kanpoan pasatzen duten, publikoarekin partekatzeko kontakizun
bila. Bidairik luzeena izan den honetan batu dituzten ipuin, poema eta
kantetan oinarrituta Begiak lekuko (Gaztelupeko Hotsak) CD-liburua osatu
dute. Oraingoan ere AEBetako folk doinuak dira nagusi, baina lurralde
asko daude islatuta.
Sei bat urte eman dituzue isilik. Mugak itxi dizkizuete? Zertan aritu zarete?
Egia erran behar bada, lau urte izan dira isilik joan direnak, 2008tik
2012ra hain zuzen. Izan ere, aitzineko diskoa 2006an atera zen arren,
urte eta erdiz aritu ginen lana aurkezten. Gero, bakoitzak bere kontuak
jorratu ditu: familia, lana, bertze proiektu batzuk... Duela hiru urte
berriz elkartu ginen orain aurkezten hasiak garen lana prestatzen
hasteko. Gainera, kide berri bat daukagu gure artean: Mattin.
Nolakoa izan da bildu dituzuen kanten eta testuen bilaketa?
Arlo musikalari dagokionez, Raul eta Beñardo arduratu dira batez ere.
Arlo literarioan, berriz, Edu aritu da espedizio-buru. Nolanahi ere,
hainbat eta hainbat aldiz egon izan gara elkarrekin proiektua
koordinatzeko. Taldearen funtzionamendu demokratikoak martxa moteldu du
behin baino gehiagotan. Bertzalde, kanpokoa Euskal Herrira ekartzeko
lanetan laguntzaile zenbait izan ditugu, zubiak behar bezala
eraikitzeko.
Zer dute egile hauek guztiak elkarrekin?
Guk hautatutako egile gehienek musika eta literatura uztartu izan
dituzte euren ibilbidean. Idazle hutsen kasuan, aldiz, munduko hainbat
kolore eta testigantza jaso nahi izan ditugu, kanpoko bidaian ikusitakoa
eta ikasitakoa, etxean eta etxekoen ondoan gogoratzeko asmoz.
Nor izan duzue gogoan lan hau egin duzuenean?
Baliteke lan honek jatorrizko bekatu bat izatea: geure gustuetatik
abiatzeak lehen-lehenik geure bihotz-buruengan pentsatu dugula salatzen
ahal du. Dena dena, folk musika anitza eta literatura maite dituen
edonor izaten ahal da gure entzule, irakurle, ikusle. Baina ohartzen
hasiak gara 30 urtetik goitikoen artean harrera hobea dugula oraingoz!
“Poema eta musika kontrabandistak dira Mugaldekoak”. Han eta hemen
lapurtzen dituzue jende artean zabaltzeko. Baina zer jasotzen duzue
trukean? Ahaleginak merezi du?
Nork erran du halakorik? Guk ez dugu fitsik ere ebatsi eta! Hartu,
maileguan utzi, erreskate kulturala gozatu, bai, baina ebatsi gabe,
aizu! Trukean zer jasoko dugun erreparatu gabe ere merezi du apustuak,
gure irudiko: lanak zenbait momentutan kezka eman badigu ere, ikastea
eta ongi pasatzea lortu dugu batez ere. Baita inguratzen den jendearekin
gustuak, kezkak, zalantzak, irriak eta galderak partekatzea ere.
Besterik eska al zitekeen?
‘Gutxi da gehiago’ leloa muturrera eraman duzue instrumentazioan?
Hiru musikariren artean banatu dira tresna guztiak, eta jotzen
dakizkigun guztiak baliatu ditugu, beti ere, gero zuzenean diskoko giro
bera eskaintzeko asmoz. Geure musika-ahalmenen eta esku kopuruaren
araberako oreka eta emaitza lortu ditugu. Horrela, folkaren oinarri
biluzia indartzen saiatu gara.
“Inork ez ditu soka guztien muturrak (...) eta honek interesgarri
egiten du mundu zalantzati hau”. Inprobisazioa eta patua dira zuen
motibazioak?
Ez zaigu pesimismoa interesatzen, deus ere egiterik ez dagoela behin
eta berriz elkarri oroitarazteko diskurtsoak ez ditugu maite. Hortaz,
mundua zalantzatia –eta latza eta ankerra eta alu-pitoa– izanagatik ere,
egunerokoa bizitzea interesgarria da. Ezinbertzean. Ez dugu bertze
erremediorik, ez eta bertzelako salbaziorik ere: egunerokoan dago
giltza.
Zer bilatzen du zuen begiradak?
Egunerokoa bertze modu batez bizitzea. Hatsa nahi eta behar dugu.
Hartara, aise hobeki hartzen da arnasa kontu xehetan alimaleetan baino.
Paradoxikoa badirudi ere, egunerokoak eskaintzen dituen zirrikituetan
arnasbide anitz daude. Bilatu behar dira. Eta aurkitu!
Mugaldekoak ohituta daude gizakirik gabe, kantua besterik ez dutela lagun?
Nazim Hikmet poeta turkiarrak lagundu gaitu kontu honetan, berak poema
batean zioen bezala, kantuak ez baitu sekula engainatzen: beti fidel,
beti lagun.
“Gauza serioa da umorea”, diozue.
Horregatik egiten dugun apenas irri (bereziki nork bere buruari). Guk
umorea maite dugu. Kantuetan, testuetan eta zuzeneko emanaldietan umorea
dago. Umorea behar-beharrezkoa da. Horregatik da hain serioa afera.
Denon artean egunero antzezten dugun teatroa bezain serioa, baiki.
“Azaroa”, “Maiatza”. Mugaldekoek ezinbestez egiten diete beha urtaroei?
Urtaroei so egiteak denboraren gaineko ikuspegia ematen du: denboraren
iragana eta errepikatzen diren bizitza-zikloak, adibidez. Sasoiak
irakurtzen jakiteak bizitza irakurtzen jakiten lagun dezake, nolabait.
“Erantzun gabeko galderek atsekabetuta abandonatu egiten gaituzte”. Baina nora doaz?
Lehengo diskoan ere bidaide izan genuen Wislawa Szymborskak galdera
zerrenda proposatu digu oraingoan. Galderak egitea da poesiak omen duen
zeregin behinenetako bat. Galderak egiteko lantegian treba daiteke
norbera, begirada egunero trebatzen ahal den neurri berean. Berriki
itzali zaigun poeta poloniar honek galderak eta soak bikain uztartzen
zituelako egin nahi izan diogu omenaldi xumea, bere poema bat euskaratuz
eta musikaz girotuz.
Zuek egindako interpretazio eta moldaketez gain, kanta eta hitz
originalak ere ekarri dituzue diskora. Munduko artistak ezagutzeko
gonbitea?
Munduko hainbat artista ezagutzeko gonbita eginagatik ere, munduan
barrena ikusitakoa etxera ekarri eta geure egunerokoan txertatu nahi
izan dugu, bidaiak utzitakoak ingurukoekin partekatzeko.
Nolakoak dira zuen zuzenekoak?
Hitz batez errateko, atipikoak: hainbat giro, kultura eta aldarte
uztartzen dituzten emanaldiak dira, oinarrian musika eta literatura
estilo diferenteak biltzen dituztenak, antzerkiari muzin egin gabe. Izan
ere, 80-85 minutuko iraupena duten zuzeneko hauetan, maiatzeko egun
horietako batean bezala, denetik gerta daiteke: erauntsi zakarrak,
eguzki leunak... Gurea ez da, beraz, ez errezitaldi, ez kontzertu, pieza
bakarreko estraperlo poetiko-musikala baizik.
"Argia"
2013-1-20
(laburpena)
No hay comentarios:
Publicar un comentario